Nola itzultzen da hori?

Juan Luis Zabala

Egingo ditut neuk askoz ere oker handiagoak, noski, baina barrua hozkirri moduko batek zeharkatzen dit honelakoak entzutean:

  • «Izaskunekin egon nintzen atzo, eta esaten zidan ez dabilela gustura lanean».
  • «Horixe esatera nindoan».
  • «Kontuz ibili, mina hartuko duzula».

Barrua epeltasun goxo moduko batek hartzen dit aitzitik honako hau entzutean:

  • «Mina hartzeko ere!».

Bide batez esanda, nola itzultzen da azken hori?

10 erantzun “Nola itzultzen da hori?” bidalketan

  1. Hirugarrenaren gainean ez det ezer esango, baina gustatuko litzaidake, Juan luis, azaltzea ze arazo duten zure ustez lehenengo biek, neri guztiz aukerakoak, eta onak iruditzen zaizkidanak. Egi(a)tan! Ez al dago zure iruzkinean hikperzuzenketa eta purismo nahi lekuz kanpokoa, hizkuntza erabileontzako hain kaltegarri zaiguna gaur egun…? Barkatu, baina… Argituko didazu, barkatu, nauzu, barkatu…????

    Egun ona izan

    Bittor

  2. Eta behin hasita, esango det, hirugarrenaren gainean ere zer edo zer. Ez det defendituko, baina defendagarria izan liteke euskararen ikuspuntutik ere (espainolaren eraginaren kontuak alde batera).

    Esaldia ulertu bailiteke ere entendimentuzko aditza (eta lokailu kausala) elidituta duen esaldi ‘laburtutzat’:

    Kontuz ibili, mina hartuko duzula! <– Kontuz ibili! (Uste baitut / uste dut eta) Mina hartuko duzula.

    Kontuz ibili, mina hartuko duzula!
    <– Kontuz ibili! (Behin baino gehiagotan esn baitizut / esan dizut eta) Mina hartuko duzula.

    Edota are -(e)la(rik) atzizki modalaren zentzu kausalean interpretatua esaldia:

    Kontuz ibili, mina hartuko duzula! <– Kontuz ibili, mina hartuko duzula(rik)! / mina hartuko duzulako!

    Kontuz ibili, mina hartuko duzula! <– Kontuz ibili, (uste dudalarik / uste dudalako), mina hartuko duzula!

    Nahiz, egia esan, ez diedan halako esaldi posibleri jarraipenik egin tradizioan. Baina jakinik ere, hegoaldean bederen, "Kontuz ibili, mina hartuko duzula" bezalako esaldiak gaur egu, bederen, barra-barra erabiltzen direla, ez jakin noiztik. Eta inork baleki, eskertuko nioke hitzik benetan.

    Ondo izan

    Bittor

  3. Ez dago zer barkaturik, Bittor. Alderantziz: barkatu zuk niri. Badakit amorrarazi egiten zaituztela gisa honetako hobespenek eta gaitzespenek; epaiketek. Ez ezazu, ordea, nire komentarioa ohar polizial gisa hartu, mesedez. Ez nago inor “Kontuz ibili, mina hartuko duzula” esateagatik kartzelan sartzearen alde. Errepara iezaiezu bereziki hizketa modu batzuei diedan maitasunari (Mina hartzeko ere!”), eta ez egin kasu handiegirik beste batzuei diedan antipatia saiatuta ere ezin disimulatuari.

    Blog honetan zer esan dezakedan pentsatzen hasi, eta horixe eskatu dit barruak, idatzi dudana; zergatik eta zertarako askorik arrazoitu gabe, egia esan. Nik hozkirri moduko bat eta epeltasun goxo bat aipatu ditut, eta zuk arrazoiak eskatzen dizkidazu. Saia ninteke, baina nahiago nuke nire sentimenduak eragin ditzaketen ustezko eta balizko arrazoi logiko eta filologikoen berri beste batek emango baligu, ematerik balego bederen. Nolanahi ere, bospasei egunen buruan inork ez badigu ezer esaten, lardaskatuko dut nik zerbait.

  4. Gaiari bueltaka, beste formulazio bat bururatu zait, Bittor, kontua hobeto ulertarazteko. Eman dezagun hazi nintzen etxearen atarian zelai zabal bat genuela, eta auzoko umeak han jolasten ginela futbolean, harrapaketan eta gainerakoetan; eta eman dezagun orain aparkaleku bat egin dutela han. Bada “Mina hartzeko ere!” nire haurtzaroko etxe atariko zelai zabala da, eta “Kontuz ibili, mina hartuko duzula” aparkalekua. Ikuspegi urbanistiko eta arrazional batetik beharbada beharrezkoa zen aparkalekua, hori onartzeko prst nago. Baina ikuspegi afektibo batetik hozkirri moduko bat eragingo dit beti.

  5. Eta amaitzeko: «Izaskunekin egon nintzen atzo, eta esaten zidan ez dabilela gustura lanean».aparkalekua baldin bada, haurtzaroko zelaia hau da: «Izaskunekin egon nintzen atzo, eta esan zidan ez dabilela gustura lanean». «Horixe esatera nindoan” baldin bada aparkalekua, haurtzaroko zelaia hau da: “Horixe esan behar nuen”.

  6. Zenbait tokitan honela ere erraiten da: “Izaskunekin egon naiz bart, eta erran dit ez dabilela gustura lanean”.

    “Horixe esan behar nuen” horrekin arras ados.

    Hirugarren esaldiari dagokionez, ea zer iruditzen zaizkizuen bi aldaerok: Kontuz ibili, min hartuko duzu eta. Kasu eman, min hartuko baituzu.

  7. Eskerrik asko zure gogoetengatik, Juan Luis.
    Ez dut oraingoz deus gehituko lehenbiziko hiru esaldiei buruz, izan diren iruzkinak irakurri eta gero. Azkenekoaren gainean, ordea, zerbait erran nahi nuke:
    “Mina hartzeko ere!”
    Horretaz diozuna irakurri ondotik, burutara etorri zait sistema berean sartuko nukeen bertze errate bat: “Ea gero!”.
    “Ea gero!”, zenbat aldiz aditua!, gehienbat haur denboran (guttiagotan erabilia). Alde batetik “Kasu!” edo “Kontuz!” erran nahi du, baina mehatxu ere bada: egin behar duzun hori arriskutsua da edo ez da nire gustukoa edo egin behar ez den zerbait da, eta egiten baduzu ondorioak hartu beharko dituzu.
    Eta erdi ohartarazpen erdi mehatxu den horretatik (doinuak eta keinuak erabakiko dute zeretik duen gehiago), mehatxu garbira pasatzen bagara, orduan “Hobe duk/dun!” erranen diogu guk nahi ez dugun zerbait egiteko puntuan dagoenari. Ez dakit zuentzat ere ezagunak diren bi errate horiek; pentsatzen dut baietz, hala direla.
    Bertzalde, galdetzen duzu nola itzuliko genukeen gisa horretako zerbait, eta uste dut asmatuko genukeela zerbait testuingurua zein den zehazki jakinda (nork nori non zergatik erraten dion), ez dela hain zaila izanen xede hizkuntzako baliabideak ongi ezagutuz gero. Gaztelaniak eta frantsesak, seguru nago, izanen dituzte pareko ordainak.
    Bertzalde, “Mina hartzeko ere!” uste dut erabil daitekeela bi kasutan: 1) norbaiti aldez aurretik abisatzeko egin behar duena arriskutsua dela (zerorrek argitu diguzu horixe zela egoera); 2) norbaitek zerbait arriskutsua egin duela ikusi ondotik, bertze batek egiten duen komentarioa (bere buruarentzat edo ondoan duenarentzat edo egilearentzat berarentzat). Eta bigarren kasu horretan, uste dut “Mina hartzeko ere!” hori adieraz litekeela, baita ere, “Eskapada ederra egin dik/din, egin duk/dun…!” erranez. Hain zuzen ere, gaztelaniak badu, bertzeak bertze, kasu horretarako forma bat nik nire Alkaiagako erdara estandarrean ezagutzen ez nuena eta gerora ikasi nuena Lizarrako oraingo nire familiaren bidez. Haiek, egoera hori gertatzen denean, “¡En qué ha “estau”!” erraten dute. Alegia, gutxi faltatu dela min hartzeko edo zerbait larria gertatzeko. Ez dakit oso “lokala” den, baina niri bitxia iruditu zitzaidan lehenbiziko aldiz aditu nuelarik; orain, erdaraz, neronek ere noiznahi erabiltzen dut.

  8. Ez nuen “Ea gero!” delako hori ezagutzen, baina ez zait arrotza ere egiten. Beste bat dakarkit gogora, aski ezaguna: “Argi ibili!”. Badakit horrelako denak itzul daitezkeela, “hamaika ikusteko jaioak gara” ere itzul daitekeen bezala, adibidez. Baina itzulpen horiek eskatzen duten ahalegin bereziak ez al digu paraje eder bat erakusten, arroila sakonak zeharkatzen dituzten zurezko zubi sokaz esekien antzera? Niri gustatzen zait sentsazio hori.

    1. Atzo arratsean, Iñigo Aranbarriren “Apirila” ederrean: “Kontu gero. Azkenengo odol tanta eman behar bada, hemen bat”.
      (Juan Bautista Urretak Narrosko markesari; eta markesak ea zertara datozen espantuzko “erronka” horiek).
      “Kontu gero” (edo “Kasu gero”) edo “Ea gero”, erronka edo mehatxu izan daitezkeenak, baina baita abisu-ohartarazpen ere, nire ustez.
      Eta horien azpian, isiltzen den unitate oso bakar hau edo honen gisakoa ez ote dagoen:
      “Kontu (edo kasu) emazak/n-emazu zer egiten duan/nan-duzun, ea zer gertatzen den gero…”

      Eta egoera batzuetan “mina hartzeko ere”ren baliokide ere badirela uste dut; horretan ere hau dena ez ote den isiltzen:
      “Kontu (edo kasu) emazak/n-emazu zer egiten duan/nan-duzun, gero mina ere hartzen ahal baituk/n/duzu…”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude