Eneko Bidegain
Duela zenbait egun «deritzen zaio Trabuko» kantua aipatu zuen Borja Ariztimuño Lopezek, blog honetan. Eta aipu hark Goizuetara narama, herri politik baldin bada, hura hala baita, bere euskara ederrarekin. Eta han erabiltzen omen dute «itsusi polita», deskribapen modura. Bi hitz horiek kontraesankorrak diren arren, «polita» beste adiera batean ulertu behar da: «biziki itsusia», «arras itsusia» edo «ontsa itsusia».
Orotariko Euskal Hiztegiak ez dakar adiera hori, baina bai horretara anitz hurbiltzen den bat, ‘nahiko handia’ adierazteko:
Neskatxa pulita, une grande et forte fille. Haur pulita, un gros et bel enfant. Arrantza polit bat egin dugu, nous avons fait une bonne, une jolie pêche.
Hiztegi horretan ageri den ondoko adiera ezagunagoa egiten zait, «polita» ironiaz ere erabili ohi dugulako: «lan polita egin duzu». Hots, «zer desastrea egin duzun!».
Gogoratzen zait commentatzea, gogoan dudalaric coherente eta incoherente izan ahal diren expressioneac hau ondocoa zeina dugun erabilten gure inguruan Munitibar eta zabalago.
Ekina tcharra da
da hori esaldia (ez phrasea). Berez “coherentequi pensatuz” ba dirudi ze behar deĺa interpretatu edo ulertu ezen ekitea (edo insistitzea) dela tcharra edo caltegarria tzat zer nahi dugun lortu. Baina harrigarriqui erran nahi duena da contracoa, ezen, ekina tcharra da zeren ventzutzen du impedimentua eta ondorioz orduan ba da ona tzat lortu objectìvo persecutatua.
Othe da ba expressione lar barrabasa baina ondo eguiazcoa eta ere itsusi pullita?
Segurua al da Goizuetan “itsusi polit”-ek ‘biziki itsusia’ esan nahi duela? Neri “itsusi polit” horrek ekarri dit gogora inoiz gure Urola-aldeko bazter hauetan entzun izan dudan “zatar-earra” (zatar-ederra). Eta hori ez dago zuritzerik adiera desberdinen martingalekin. Hori izan liteke aurpegi zatar moduko bat, baina aldi berean bere eder-punttua izan lezakeena. Aurpegi kontraesandun bat, beraz? Ez, ez dut uste. Hitzek garamatzate aurpegi batean, edo gorputz batean, edo beste zernaitan, kontraesan bat ikustera.
“Beste zernaHitan” esan nahi nuen, edo idatzi.
Niretzat ere bitxi samarra da “itsusi polita” hori “biziki itsusia” adierazteko. Hala baldin bada, hala izanen da (beti ikasteko prest), baina ez ote duzu erran nahiko, Eneko, “itsuski polita”? Alegia, “izugarri edo ikaragarri polita” (eta horra hor bertze bikote itxuraz kontraesankorra; ez?). Hori ez zait hain arrotza eta Orotarikoan ere bildua dago adiera horrekin (“itsuski azkarra”, “itsuski ederra”, etab.). Iñakik dioena ere litekeena da…
Ustezko kontraesanez gehiago. Atzo bertan jakin nuen Gipuzkoako Beterrin “zikin garbiya” esaten omen diotela lokatzari; konparazio batera, lokatzez zikindutako galtzetako zikina zikin garbia da, koipea edo gorotzaren zikina ez bezala.
Bestalde, ez zaigu harrigarria egiten pertsona batez “txiki haundia” dela entzutea. Baina gizakietan ez ezik, ardietan ere badira txiki haundiak. Hona zer irakurtzen den M. Aizpuruaren “Ardi-izenak” deritzan liburuan (UEU, 1985), 180 or.: “Txiki-haundia; osaba batek ipinia: “txikia da” esan omen zuen artzainak; osabak erantzun: “txiki-haundie dek hori”)”.
Edonork uler dezake simaurrarena usain “txar ona” dela, kirats industrialaren aldean; edo badirela pertsona “on gaiztoak” bezalaxe, “gaizto onak” ere… eta zenbat holako!
Tontoak ez dio antzemango hitzezko kontraesan hauen funtsari, baina azkarrak ere ez. Tonto azkarra izan beharra dago, nere iritzirako.
Oximoron edo dena delako zera hauen artean, hemen aitatzeko modukoa iruditzen zait behin Iñaki Perurena eta Zelai harrijasotzaileen artean entzundako elkarrizketa. Perurenaren harri-jasotze saioa telebistaz ari ziren ematen, eta harria irristatu eta erori egin zitzaion. Aldamenean Zelai zuen laguntzaile eta honek, etengabe, “lasai estutu, Iñaki” esaten zion Perurenari, ea nolabait gizona bere onera etortzen zen. Saioa bukatutakoan kazetariak Zelairi egin zion galdera, ea zergatik esaten zion lasai estutzeko, ea ez al ziren kontrakoak. Zelairen esplikazioa entzuteko modukoa izan zen: ezin omen zion lasaitzeko esan, harria lurrera erori zaion harri-jasotzaileari ezin omen zaio hori esan, ezer gertatu ez balitz bezala jokatuz eta garrantzia kenduz. Baina kolpetik estututa ezin omen zaio harriari berriro heldu eta horregatik esaten omen zion lasai estutzeko, pixkanaka estututa harria jasoko zuelako.
Gogoan dut unibertsitate garaiko irakasle batek jarritako oximoron adibide parea: “Ene! Seko bustitte zatoz!”, Bizkaia aldeko esaera, non ‘seko’ horrek ‘erabat’, ‘guziz’, ‘zeharo’, ‘arras’ baliokidetzat jo daitekeen; eta “hori sano gaixo dago!”, Gipuzkoako erdialdeko zenbait eskualdetan erabiltzen dena, arestian aipatutako ‘seko’-ren baliokidetzat.