Koxkak

Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà

–Hemen kontua ez da zuek seme-alabak ikastola eta D ereduetara eramatea. Niri hori primeran iruditzen zait, zuen hautua da eta hor konpon. Baina ez pentsa gero onartuko dugunik zuen seme-alabek inolako abantailarik izatea etorkizunean horri esker, ez, behintzat, lanpostuak-eta eskuratzeko– bota zion, ziplo eta ironiaz (eta gaztelaniaz, of course), Nafarroako Administrazioko zerbitzuburu batek nire lagun bati 2000. urtean.

Euskararen Legeak 14 urte baino ez zituen eta, halere, ordurako, jende anitz nerbiosten hasia zen. Legeak ekarritako desmasiak geldiarazi beharra zegoen. Egunkarietan artikuluak agertzen hasi ziren bata bestearen ondotik, parrastaka. Administrazioan inongo lanposturik eskuratzeko euskara baloratzea ezin onartuzkoa zela errepikatu ziguten atergabe. Artikuluren batean hizkuntza eskubideak komunitate tradizionalari bakarrik zegozkiola ere idatzi zen: onar zitekeela hizkuntzaren aldeko politika ofizialik, baina soilik euskara mendez mende etenik gabe gordea zuten herrietako euskaldunen mesederako. Ez zen, nik dakidala, inon zehaztu –herri jakin batzuetan jaio eta bizitzeaz gain– zenbat arbaso euskaldun behar zituen batek hizkuntza eskubide horien jabe legitimo bihurtzeko, aski ote zen 8 arbaso euskaldun izatea edo 16 behar ote ziren.

Aldaketak segituan etorri ziren. Ondorio nabarmenak ekarri zituzten. Administrazioaren irudia zenbat eta erdaldunagoa, hobe. Inprimaki elebidun asko desagertu ziren, eta euskara hutsezko batzuk –halakorik zegoen tokietan– herritarren begien bistatik desagertu, misteriotsuki. Kar horren adibide batzuk sinesgaitzak dira: 2011n, laneko eszedentzia bukatutakoan, agiri bat sinatu behar izan nuen lanpostuaz berriz jabetu baino lehen. Nik gorde beharreko kopia euskaraz edo elebitan nahi nuela aipatu nion administrariari, euskalduna bera. Erantzuna, beldurgarria: eredu elebiduna bazutela, baina ezin zutela libreki erabili. Uste dut administrari horri bere erantzunak eztanda egin ziola buruan zeren, bat-batean, eredu elebiduna inprimatu, niri itxaroteko eskatu eta han abiatu baitzen atalburuaren sinaduraren eta baimenaren bila. Ordu erdi luze baten buruan itzuli zen, sutan. Atalburuak hasieran baietz esan omen zuen, baina gero, ordea, atzera egin eta departamentuko idazkari teknikoari deitu zion baimen eske. Haren baietza jaso arte atalburua ez zen eredu elebiduna erabiltzeko baimena ematera ausartu. Paroxismoa.

Euskararen estatusa une oro eta alor orotan apalarazi nahi horrek ez du itxuraz mugarik. Horrexegatik da hain garrantzitsua euskara ikusezin bihurtzea eta, orobat, euskarak baliorik ez izatea administrazioan sartzeko oposizioetan. 2000. urtean argi erakutsi zuten zein izanen zen bidea. Azken batean, bost axola komunitate tradizionaleko herritarren kexak beren eskualdetan pediatra, mediku, ginekologo edo liburuzain euskaldunak ez daudenean.

Oposizioetan atzerriko hizkuntzak baloratzea eta euskara albo batera uztea ez dela zuzena esan du egunotan Javier Eneriz arartekoak, baina apirilaren 26an Nafarroako Ogasuneko lanpostu batzuetarako oposizioa hasiko da eta ez da euskara baloratuko. Lan eta bizi elebiz nahi dute eta hortara doaz, baina bikotekide berria aurkitu diote gaztelaniari eta gero eta jende gehiagoren buruan ongi iltzatu dute orain dela hiru hilabete guraso gazte batzuei entzun nien iritzia, seme-alabak zein ikastetxetan matrikulatu ez zekitela zioten bitartean:

–Al fin y al cabo, si no saben euskera no pasa nada, nada de nada, y esa es la cuestión.

Edo koxketako bat.

2 erantzun “Koxkak” bidalketan

  1. Badakizu, Itziar, “baina gu nahastaile omen gara, zeren herriak ez baitu hainbeste ixtimatzen euskara”, eta batzuek badaezpada ere gorde egiten dituzte euskaraz edo ele bitan dauden inprimakiak, ez dadin jendea deskuiduan bat-batean erotu eta horiek erabiltzen hasi barra-barra.

    Eta zertarako eskatuko dio Administrazioak paper horiek argitaratuko dituen inprimategiari langile euskaldunen bat izan dezan plantillan testu horiek erabiltzeko? Nori inporta dio testu horiek nola ateratzen diren?…

    Euskalduna arriskutsua baita, bereziki Administrazioan; lanpostu publikoak eskuratzeko lehian euskara (ere) baloratzen badute, neoeuskaldun abertzaleak gailenduko zaizkigu!
    Eta gero gerokoak…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude