Fernando Rey Escalera
Hilabete honetako artikuluaren abiapuntua iloba batek WhatsApp bidez bidalitako argazki bat da. Beraz, lehenbizi, argazkia jarriko dizuet, ongi uler dezazuen nire gogoetaren ibilbidea.
Neronek ere ikusia nuen, gure etxe ondoan baitago, eta mina eman zidan begietan, baina, odoluzkiak bezalaxe, isilik jasan nuen.
Zer zuzendu erabaki baino lehen, edo zer hobetzen ahal den esan baino lehenago, ilobari piztu zitzaizkion dudak azalduko ditut, itzultzaileok-eta izaten ditugun eztabaidetarako aski adierazgarria eta aberasgarria baita ohartzea nolako ikuspuntua duten euskara eguneroko lan-tresna ez duten euskaldun normalek, hau da, gure deformazioa ez dutenek.
«-a behar du bukaeran, ezta? Eta ezin da esan elkartea edo etxea edo halako zerbait?».
«Eta erretiroduna esatea ez al da oso arraroa? Ez nuen sekula ikusi edo aditu».
Bai. Gure burutazioak eta eztabaidak arrazoiz beteak egoten ahal dira. Nahi dugun guztia argudiatuko dugu, Hiztegi Batua, Zehazki, Orotarikoa eta nahi den guztia, baina, maiz, euskaldun on eta alfabetatu bati min emateak zer pentsatua eman beharko liguke.
Klub hitza hain biluzik jartzea, artikulurik gabe, gogorra da, eta batek daki noren akatsa den. Seguru nago itzulpena egin zuenak artikuluarekin idatziko zuela. Beharbada, obra egiten ari zirenean letra guztiak sartzeko tokirik izan ez, eta «por una letra no creo que importe mucho» esanen zuen norbaitek.
«Elkartea» jarri edo «etxea» jarri, ba, berdin zait. Klub hitza ez dut oso gustukoa, baina erabiltzen dugu, eta, tira, ba, zergatik ez.
Baina niri gutxiena «erretiroduna» gustatzen zait. Badakit Zehazkik hori proposatzen duela, baina, gustatu, ez zait gustatzen.
Badakit zenbait tokitan erretiratu esaten dela, edo erretiroa hartu, erretreta hartu edo erretretatu, baina jubilatu ere esaten da, eta jubilazioa. Eta erretiratua eta jubilatua dago esaten da. Nik nahiago jubilatuak elkartu dira, edo erretiratuak, erretirodunak baino.
Bestetik, ez dakit zer arrazoi dagoen Hiztegi Batuan jubilatu hitza ez onartzeko. Jubilazio hitza erretreta eta erretiro bezain mailegu dira, eta hirurak daude bizirik. Orotarikoan aipamen gutxi dago, bai, baina Ereduzko Prosa Gaur-era joatea aski da jubilatu hitza zeinen bizirik dagoen ikusteko. Toki askotako eta estilo askotako idazleek hamaika aldiz erabili dute, eta Berrian ere ehunka aldiz.
Ohartu beharko genuke, bestalde, hitz bat Hiztegi Batuan ez egoteak ez duela esan nahi ez dela existitzen. Sartuko dute noizbait ere, eta, sartu ezean ere, bizirik egonen da seguruena.
Eta, gustuak eta maniak ere sartzen direnez tarteka, utzidazue oso-oso subjektiboa den zerbait kontuan hartzen.
Niri, jubilatu eta jubilazioa adituta, berehala etortzen zait burura pozaren ideia: «júbilo: m. Alegría extrema que se manifiesta con signos externos».
Horregatik, jubilazioaren adinera iritsiko garen ere ez dakigun honetan, Hiztegi Batuan sekula onartuko ez balute ere, nik uste, behingoagatik, insumisio pixka bat eginen dudala, nire paperetan behinik behin, eta jubilatu eta jubilazioa esanen dudala.
Erranen nuque lehenbizitic ze nagoela totalqui acort dudanaz iracurri ezen eguiten den apreciatineaz eta analysiaz. Baita ere adierazi gagozela eta daucagula izpiritua -eta acaso ere enthelegua- pipiac joa edo porroquia hon normativismoac (casu emanic ea zer coño dioen hain normac, liburuc edo halacoc) noiz momentu berean futitzen garen euscara realaz’ garelaric autistaric extremoenac respectuz realitate real sociologico uquigarria (eta ere constatablea).
Bestetic, concretionean, erran ze ez direla synonimoac erretiratua eta erretiroduna nola ez den ere cathedratico eta cathedraduna, edo concortua eta concorduna. Edo, pintorea eta pintatzailea, edo toreroa eta toreatzailea, …
Hitz laburrez resumituz, behar dugula jocatu eta actuatu minimoqui zentzuz eta atchequiz ere authonomia personala.
Nik esango nuke “erretiro/erretreta” eta haien eratorrien aldeko irizpideak aintzat hartzen dituela nazioartekotasuna eta euskal batasuna, nolabait deitzearren.
“Erretiro/erretreta” present daude gaztelanian, ingelesean eta frantsesean, forma gorabehera.
Gaztelania soilik oinarri duen “jubilazio”, berriz, segur asko arrotza zaie Ipar Euskal Herriko euskaldunei. “Erretiro” ez dakit zein neurritaraino ezagutuko duten, baina Nola Erran hiztegian jasota dago. “Jubilazio”, ez.
«-a» koitadu horren patua dela eta, gogoa jarri zait inoiz “Salba dezagun «-a»” ozen aldarrikatzeko, Juan Garziaren beste harako hura plagiatuz (eta, itxuraz bakarrik, haren kontrastean). Zer dira ba eskola giroko «Natur», «Gizarte», «Erlijio»… (horrelaxe idatzita, ebaluazioetan eta abarretan)? Eta beste haren koinata bezala mintzatzen direnen «Txokolate nahi duzu?»