Itzulpen-unibertsalak eta euskara (I)

Isabel Etxeberria Ramírez

1993an Mona Baker-ek[1] itzulpen-unibertsalei buruzko bere proposamena formulatu zuenetik, ahalegin ugari egin dira hizkuntza itzuliaren bereizgarriak identifikatzeko, zehazteko eta frogatzeko. Baker-en proposamenaren arabera, badira testu itzuli orotan, edozein direlarik ere sorburu eta xede hizkuntzak, testuok ezaugarritzen dituzten joera edo jokamolde linguistiko batzuk, itzultze-prozesutik beretik eratorriak. Hau da, hizkuntza itzulia, itzulia izateagatik, beste hizkera batzuetatik bereizten da zenbait ezaugarritan.

Horrela, bada, Baker-ek (eta gerora beste hainbatek) azaldu dute itzultzaileek mezua esplizitatzeko joera dutela, jatorrizkoan ageri ez diren konektoreak eta birformulatzaileak txertatuz, adibidez; edo jatorrizkoaren anbiguotasunak hausten eta argitzen saiatzen direla; edo sinplifikazioa gertatu ohi dela testu itzulietan, hala lexikoaren aberastasunean nola sintaxiaren konplexutasun mailan; edo testu itzulietako hizkera kontserbadoreagoa izaten dela, eta jatorrizkoaren egilearen ausardiak neutralizatu nahiago izaten dituztela itzultzaileek (testu itzulietako kolokazioak, kasu, estandarragoak eta ohikoagoak izaten direla, eta kolokazio berri eta berritzaileak itzulpen ez diren testuetan ageri ohi direla maizago).

Unibertsal, arau edo erregulartasun horien existentzia frogatzeko hainbat ikerlan egin dira, corpusetan oinarrituta, azken bi hamarkada hauetan. Testu itzulien eta ez itzulien corpusak erkatuta, askotariko adierazleak neurtzen saiatu dira: corpus bataren eta bestearen lexiko-dentsitatea, sintaxi-konplexutasuna, perpausen batez besteko luzera, eta sinonimoen erabilera-maiztasunak, besteak beste. Emaitzak gorabeheratsuak izan dira. Zenbait azterketak eta datuk berretsi egin dute unibertsalen teoria, baina beste ikerlan batzuetan ustekabeko emaitzak ere lortu izan dira, eta ahots kritiko batzuek unibertsalen unibertsaltasuna zalantzan jarri dute. Kritikak ez du ukatzen, oro har, itzulpenetako hizkuntza itzulpen ez diren testuetako hizkuntzatik bereizten denik, eta onartzen du, beraz, itzultzaileek idazleenak ez bezalako zenbait joera ageri dituztela beren idatzietan. Baina zuhurrago jokatzen du, eta halako jokaera edo jaiduren orokortasunaz duda egiten du. Kritiko ageri direnen ustez, arreta handiagoa eskaini beharko litzaieke zenbait faktoreri, hala nola itzulpen mota edo generoari, sorburu hizkuntzaren eta xede hizkuntzaren arteko hurbiltasun/urruntasun tipologikoari, eta abar.

Unique item delakoa da espero ez bezalako datuak eman dituzten unibertsaletariko bat. Hizkuntza bakoitzak bere-bereak dituen osagai linguistikoak dira unique item edo item esklusibo horiek, gainerako hizkuntzetan baliokide zuzenik ez dutenak. Euskaraz, adibidez, baldintzazko perpaus ezezko bat eraikitzeko, beste hizkuntzetan ohikoa den bideaz gain (ez + ba-), bi ezaugarriok batzen dituen menderagailu bat dugu: ezean. Pentsatzekoa da horrelako osagai linguistikoak gutxiago erabiliko direla itzulpenetan itzulpen ez diren testuetan baino. Izan ere, sorburu testuan itzultzailea halako osagaia erabiltzera bultzatuko duen estimulurik (baliokide zuzenik) ez dagoenez, aukera linguistiko hori nekez aktibatuko da itzultzailearen gogoan. Gai honi buruz egin diren ikerketetako batzuetan, ordea, zalantzari bide ematen dioten datuak lortu dira: halako osagaien erabilera-maiztasuna antzekoa edo are handiagoa zen testu itzulietan testu ez itzulietan baino.

Euskarari dagokionez, horrelako proba bat aurkeztu genuen blog honetantxe duela ez asko. Orduko hartan, bi-biak eta biak ala biak egituren erabilera-maiztasunak aztertzen genituen Ereduzko Prosa Gaur corpusean. Eta emaitzak, ikusgarriak izan gabe ere, esanguratsuak ziren: bi-biak egiturari dagozkion aldaerak (bi-biak, bi-biok, bi-biek, bi-biei…) itzulpenen azpicorpuseko 60,04 liburutan[2] erabiltzen ziren, eta euskaraz sortutako testuetarik 42tan; biak ala biak multzoari dagozkionak, 69,52 testu itzulitan eta 63 ez itzulitan.

Beste zenbait egitura morfosintaktikorekin proba eginda, emaitzak gorabeheratsuak dira. Hemen zenbait adibide:

isabelena

Batzuetan handiagoa da erabilera testu itzulietan, eta beste batzuetan testu ez itzulietan. Baina ez da ikusten, edonola ere, halako osagai esklusiboak maiztasun handiagoz erabiltzen direnik, nabarmen eta sistematikoki, euskal idazleek sortutako testuetan itzultzaileenetan baino.

Bistan da azterketa zabalago, xeheago eta sakonagoa egin behar dela oraindik. Baina, aurreragoko beste erkaketa batzuetako kopuruek lehen inpresio hau berretsiko balute, balio beharko al lukete datuok ere itzulpen-unibertsalen existentzia zalantzan jartzeko? Edo haien unibertsaltasunari ñabardurak egiteko, behintzat?

Uste dut oso garrantzitsua dela, itzulpenetako hizkera ezaugarritu nahi honetan, euskara ikertzeak egin dezakeen ekarpena. Euskara, bere hizkuntza-ezaugarrietan, ikerketa akademikoan aztergai izan ohi diren hizkuntzetatik oso urrun dagoelako, batetik; bestetik, eta batez ere, hizkuntzaren estatusak auzi honetan zeresan handia duelako, nire ustez, eta euskararen diglosia-egoerak, beraz, jokaera batzuk sustatu eta esplikatu ditzakeelako.

Martxoaren 26an eta 27an I. Hermeneus Kongresua egin zen Soriako Itzulpengintza eta Interpretazio Fakultatean. Hitzaldietako batean, Valentziako Jaume I unibertsitateko Josep Marco Borillo irakasleak unibertsalen inguruko eztabaidaren laburpen zentzuzko bezain argigarri bat aurkeztu zuen, eta osagai esklusiboen auzia ulertzen lagundu dezakeen hurbilpen teoriko baten berri eman zigun. Proposamen hori euskararen kasuari ondo egokitzen zaiolakoan nago. Gaurkoa luze jotzen ari da, eta intriga apur bat sortzeko baliatuko dut. Maiatzerako utziko dugu teoria horri buruzkoa, beraz. Oraingoz, izen bat baino ez, inork jakin-mina balu: Sandra Halverson.

[1] Baker, M. (1993) «Corpus linguistics and translation studies: Implications and applications», M. Baker, G. Francis, eta E. Tognini-Bonelli (arg.) Text and technology: In honour of John Sinclair, John Benjamins, Philadelphia / Amsterdam, 233-250.

[2] Ereduzko Prosa Gaur corpusean 111 testu itzuli eta 176 testu ez itzuli biltzen dira literatura arloan. Bi azpicorpusen arteko desoreka konpentsatzeko, testu itzuliei dagozkien kopuruak bider 1,58 egin ditugu (176 zati 111 egitearen emaitza).