Lacombe eta Cioran

Iñaki Segurola

Itzulpentxo bat dakart gaur. Itzulpentxo bat eta galdera batzuk. Cioranek Léo Gillet-i elkarrizketa batean esanak dira euskarara itzuli ditudanak.

Cioran bere hizkuntzan hasi zen idazten. Pe culmile disperării (“Etsimenduaren gailurretan”) argitaratu zuen aurrenik, 1934an, 23 urte egin zituen urtean. Gerora, Parisen, frantsesez idaztera jarri zen erabat, eta 1949an atera zuen bere aurreneko liburu frantsesezkoa: Précis de décomposition (“Liburutxo bat ustelaz diharduena”). Bere errumaniera hura hizkuntza basatia zela uste zuen gizajoak, eta frantsesa, aldiz, hizkuntza zibilizatua, munduan bat baldin bazen. Baina segurantzia falta zitzaion Ciorani hizkuntza berrian, eta orduan, laguntzaile txorrotx baten premia sentitu, eta kalean aurkitu zuen… nor?, eta gure Georges Lacombe euskalari eta euskaltzaina. Hona nola mintzo zaion Cioran bere elkarrizketatzaileari Lacomberekikoak ahotan dituela:

Bazen gizon bat berebiziko garrantzia izan zuena nere frantsesezko liburuak argitaratzen hasi nintzen garaian. Ezagutzen nuen tipo bat, eta hartaz nahi nizuke argazkitxo bat egin. Haren izena ere esan nezake, ez dauka inongo interesik, Lacombe zeritzan, eta Latin Auzoan ibili ohi zen; bazuen halako ahuntz-bixar bat, eta besamotza zen, 1914ko gerlan galdu baitzuen besoa. Asko zekien euskararen gainean. Ez zuen deus idatzi, gaztetako artikulu batzuk salbu. Oso aberatsa zen eta ez zuen kolpe zorrik jotzen. Frantsesari buruz ere izugarri zekien. Maniako hutsa zen; konparazio batera, maiz joaten zen Sorbonako klaseetara, eta irakasleak hutsen bat egiten baldin bazuen frantsesez, protesta egiten zuen gelan! [Mahai-gainean kolpe, eta barre.] Huraxe zen nik behar nuen gizona, eta nola biok ginen zereginik gabeak, sarri ikusten genuen elkar. Frantses hizkuntzan ere oso aditua zen, baina, esan dizudan bezala, euskarari buruzko artikuluez kanpora, ez zuen deus idatzi. Liburutegi eder baten jabe zen. Gainera, erotomanoa zen; hartaz liburu pila ikaragarria zeukan eta gauza harrigarriak aitatzen zizkizun. Kalean emakume guztiei edo ia guztiei erasotzen zien, eta goxatu egiten zuen putekin hitzegiten. Neretzat hagitz gustagarria zen ikustea nola zuzentzen zituen putek frantsesez egiten zituzten akatsak. [Barre.] Eta ergelkeria emango du, edo barregarrizko gauza, baina gizon hark berebiziko garrantzia izan zuen nigan. Liburutxo bat ustelaz diharduena zeharo bukatu nuenean, esan nion Lacombe jaunari: “Nere liburua erakutsi behar diat”. Eta hark: “bo, hola tematzen bahaiz…”. Kafetegi batean hitzordua egin eta eskuizkribuarekin agertu nintzen. Orrialde bat irakurri eta lo hartu zidan. Jabetu nintzen ez zegoela zer eginik. Hark eskuizkribua xeheki aztertzea nahi nuen nik, baina uko egin zion. Hala eta guztiz ere, neurri batean, harixe zor nion, zor diot, liburu hori. Hitzen gainean gogoetatzeko zuen grinarekin, denen esanak –irakasleenak barne zuzentzeko zuen apetarekin, lagundu egin zidan idazketaren kontzientzia deitu dudan horren jabe egiten. Horixe zen neri falta zitzaidana; osoki garaturik Frantzian bakarrik dagoen zera hori. Idaztea, Frantzian bakarrik da zinez gauza sakratua.

Galdera batzuk datozkit gauza hauek adituta. Zer zen Cioranentzat “idaztea”? Berrehun artikulu edo, bestela esanda, mila orrialde baino gehiago argitaratzea ez al da idaztea? Bo, baliteke Cioranek ez izatea lagunaren ikerketen berri zehatzik, baina irudipena daukat “idaztea” gauza sakon sublimehe bat zela harentzat.

Zer da “idazketaren kontzientzia” eta horren sakratutasuna? Nik pedantekeriaren usaina hartzen diot. Frantses idatzi edo akademikoaren pedantekeria ia berezkoan osoki murgildu nahi lukeen frantsesberri baten guraria ere hortxe nonbait suma nezake. Nere belarriak gustura jakingo luke zer alde dagoen Pe culmile disperării-tik Précis de décomposition-era, eta zer bide egin ote zuen Cioranek hizkuntza ustez basati batetik hizkuntza ustez zibilizaturaino. Irabazi egin zuen aldaketarekin, edo koipetu eta txepeldu besterik ez zuen egin bere jarduteko era?

Gatozen Lacombegana. Mitxelenak esanda genekien liburutegi pornografiko txit ugari baten jabe zela. Orain, Ciorani esker, gauza gehiago dakizkigu. Esan izan da, bestalde, Salaberriren 1870eko euskal kantu-bilduma ezagutzearekin bateratsu hasi zela bere ama amikuztarraren hizkuntzarekin zaletzen. Bilduma horretako lehenbiziko kantua, hagitz ezaguna, honela hasten da: Maitia nun zira? / Nik etzütüt ikhusten. Maitea, edo maiteak, edo nahi bezainbat maite libreki eta nahierara ikusteko zer egon liteke pornografia baino hoberik? Bo, hau lotura merkezurrekoa egitea izango da, seguru asko.

Toki askotan ageri da Lacomberen argazkia, atzean aita Olabide eta ondoan aita Azkue dituela, eta Orixe mistikoa ez sobera urruti. Ongi uztartzen al ziren elkarrekin erotomano putamaitea eta txortagabeko jendea? Hizkuntza zer dago: larruaren gainetik, edo azpitik?

Eta nondik zetorkion Lacomberi hizkuntza xuxenaren maniako izate hori? Bizimodu ustez okerrekoa hizkuntza ustez zuzenaren seta horrekin estali nahi ote zuen bere barruko zoko gorderen batean? (Galdera honek gure idazlari betiaraugose eta erratari mihikarratuak ekarri dizkit gogora, bidenabar esanda.)

Lacomberen esaldi bat dakart azkenerako. Jean Elizalde Euskaltzaindian sartzerakoan Lacombek egin zuen erantzuteko hitzaldia, eta hantxe bota zuen: Erdara baizik ez dakien eskualdun bat, zer da? Bere burua hil duen gizon bat. Cioran irakurri duenak badaki zenbateraino astindu zuen hark suizidioaren gaia, eta zenbateraino bizi izan zuen suizidioa bera, hori bizi baldin badaiteke bederen. Cioran ez zuen bere eskuak hil; gaitzak hil zuen zahartu eta gero. Baina, bere adiskide Lacomberen esanari bagagozkio, ez ote zen izan errumaniera utzi eta frantsesari erabat lotzea suizidatzeko modu bat? Bere mihiaz eta lumaz beste egitea ezin al liteke izan bere buruaz beste egiteko modu bat? Eta euskara uztea edo ahanztea suizidioarekin konpara baldin baliteke, berdin hartu al liteke suizidiotzat erdara utzi eta euskarari erabat lotzea?

Jaio zaizkidan galderak dira, besterik gabe.

4 Replies to “Lacombe eta Cioran”

  1. Galdera batzuk erantzungo dizkizulakoan Cioranek berak erranak dakartzat hemen zuretzat Iñaki:
    Idazle batentzat hizkuntzaz aldatzea amodio gutun bat hiztegiaren laguntzaz idaztearen parekoa da (Aveux et anathèmes,1987,Cioran)
    Izaeraz hizkuntza frantsesa ez zait komeni: hizkuntza basatia komeni zait, mozkor-hizkuntz bat. Frantsesa niretzat alkandora hertsagarri bat izan da. (Entretiens, 1995, Cioran)
    Alkandora hertsagarri batek zoro bat otzantzen duen bezala baretu nau ni frantsesak (Entretiens, 1995, Cioran)

    Atsegin dut

  2. Mila esker, Ugutz, Cioranen beraren “erantzunak” uzteagatik hemen.
    Hala ere, erantzun horiek ez dira afera hau ixteraino iristen; aitzitik, Cioranen barru-barruko kontraesanak dizkigute agerian uzten. Batetik, frantsesa hizkuntza zibilizatua da, “idazketaren kontzientzia” ematen ziona, baina, bestetik, hizkuntza prestigiodun horrek berari itsatsi zion artifizialtasuna, bortxazko sentimendua eta “otzantasun bare” ez-naturala daude (koipetzea eta txepeltzea, nere hitzetan esanik). Neuk kastillanoz idatzi dudan aldi bakanetan holatsu sentitu naizela esango nuke. Beste batzuei, agian, euskararekin gertatuko zaie, ez dakit.
    Jakitearekin esango nuke berdintsu gertatu zitzaiola Ciorani; bizi guztian hainbeste jakintsuren esanak irakurriagatik, azkenaldera aitortzen zuen ez zuela sekula gainditu gaxtetan ezagututako Karpatoetako artzainen desengainuzko zuhurtzia hitz gutxiko hura.
    Iruditzen zait Cioran ispilu polita izan daitekeela guretzat, bai gugan bizi diren hizkuntzen gorabeheretarako, eta baita, neretzat bederen, jakiundezko jakintzaren desengainuzko ikuspegirako.

    Atsegin dut

Utzi iruzkina