Alfontso Mujika Etxeberria
2014ko martxoaren 26an, Osakidetzaren gutun bat jaso dut etxean, Jon Darpón Osasuneko sailburuak sinatua, Kolon eta Ondesteko Minbizia Prebenitzeko Programaren berri emateko.
Gutuna euskaraz eta gaztelaniaz dago. Bi hizkuntzetan irakurri dut testua, eta egokia, zehatza eta argia iruditu zait.
Baina —beti baitugu bainaren bat zuzentzaile ipurterreok—, halako batean, esaldi hau aurkitu dut:
Programa bi urterik behin egiten da, gorozkietan ezkututako odol-analisi baten bidez.
Ezin sinetsita, orria irauli eta gaztelaniazkora jo dut:
El programa se realiza cada dos años mediante un análisis para detectar sangre oculta en las heces.
Atentzioa eman dit, zeren eta, gorago esan dudan moduan, gainerakoan, txukuna eta ona baita testua. Eta gogorarazi dit behin baino gehiagotan ikusi ditudala era horretako arazoak hitz-elkarteak tartean direla.
Hitz-elkarte gehien-gehienak bi ataleko sintagmak izan ohi dira: A-B. Zenbaitetan, parekoak dira bi osagaiak, eta ez da bata bestearen mendeko. Halakoak dira seme-alabak edo makina-erreminta gisakoak (baita aposizioak ere: Ebro ibaia): elkarteak bi buru ditu.
Halakoetan, hitz-elkartea adjektibatuz gero, bi buruak adjektibatuko ditugu:
- seme-alaba lotsagabeak
(lotsagabeak biak dira, semea eta alaba)
- makina-erreminta berria
(makina berria da, baina makina hori erreminta ere badenez, erreminta ere berria da)
Baita adjektibatze hori erlatibo baten bidez egiten denean ere (azken batean, perpaus erlatiboak funtzio adjektibala duten perpaus menderatuak dira, eta izenlagunen moduan agertu ohi dira, adjektibatzen duten izenetik ezkerretara gehienetan):
- Donostian jaiotako seme-alabak
(Donostian jaiotakoak biak dira, semea eta alaba)
- Bilbon erositako makina-erreminta
(makina Bilbon erosia da, baina makina hori erreminta ere badenez, erreminta ere Bilbon erosia da)
Baina hitz-elkarte gehienek ez dituzte bi buruko sintagmak osatzen: bi atalekoak dira, bai, baina burubakarrak izaten dira. Eta bigarren osagaia izaten da sintagmaburu. Halakoak dira mendekotasunezko hitz-elkarteak, ugarienak hitz-elkarteetan. Ezkerreko osagaia mugatzailea izan ohi da, eta eskuinekoa mugakizuna. Eta hitz-elkarketa mota horren emaitza mugakizun mugatu bat da.
Alegia, behi-esnea zer da? Esnea, esne-mota jakin bat. Eta esne-behia zer da? Behia, behi-mota jakin bat.
Halakoetan, hitz-elkartea adjektibatuz gero, burua adjektibatuko dugu, eta ez besterik:
- Behi-esne goxoa
(goxoa esnea da, eta ez behia)
- Esne-behi beltza
(beltza behia da, eta ez esnea)
Beste hainbeste adjektibatze hori perpaus erlatibo baten bidez gauzatzen denean ere:
- Ezpeletan erositako behi-esnea
(Ezpeletan esnea erosi dute, ez behia)
- Ezpeletan erositako esne-behia
(Ezpeletan behia erosi dute, ez esnea)
Horrenbestez, zer da gorozkietan ezkututako odol-analisi bat?
Gorozkietan ezkutatutako analisi bat (hau da, analisi-mota jakin bat, odol-analisi bat)
Gorozkietan ezkutatuta dagoena odola baldin bada, hautsi egin behar da elkartea:
Gorozkietan ezkutatutako odolaren analisi bat
Badira kasu batzuk, hitz-elkarte jakin batzuekin osatuak, arazorik sortzen ez dutenak. Adibidez:
(Uholdeak) hondatutako liburu-kopurua
Ez dirudi hor ezinbestekoa denik hitz-elkartea haustea:
(Uholdeak) hondatutako liburuen kopurua
(OHARRA: era horretakoak dira Euskaltzaindiak “mugakizun bereziko izen-elkarteak” izendatu dituenak: multzo-elkarteak [lore–sorta, ogi-puska, etxe-saila, neska-talde, ikasle-multzo…], zati-elkarteak [ogi-puska, gorputz-atal, esne-tanta] eta mota-elkarteak [bertso-mota, salmenta-modu, politika-molde…]
Hala ere, erlatibo bidez egindako adjektibazioa izenondo baten bidez emanez gero, ezinbestekoa da hitz-elkartea haustea:
*Liburu hondatu kopurua (EZ)
Liburu hondatuen kopurua (BAI)
(OHARRA: halakoetan, bada salbuespen bat: mota, ez baitu -ko edo -(r)en izenlagunik hartzen ezkerrean. Beraz: Liburu hondatu motak eta ez *Liburu hondatuen motak)
Dena dela, Programa bi urterik behin egiten da, gorozkietan ezkututako odol-analisi baten bidez euskarazko esaldi horretan bada arazo bat, are larriagoa, gramatika-arazora iritsi baino lehen. Mezua, ideia, gaizki itzulia dago (ziur naiz itzulia dela, hau da, jatorrizko testua gaztelaniazkoa dela; eta hala ez balitz, jatorrizko testua balitz, mezua ez litzateke zuzena izango).
Erreparatu gaztelaniazko testuari eta alderatu euskarazko testuarekin (testu zuzenduarekin):
Programa bi urterik behin egiten da, gorozkietan ezkututako odolaren analisi baten bidez.
El programa se realiza cada dos años mediante un análisis para detectar sangre oculta en las heces.
Hau da, zertan datza programa? Gorozkietan ezkutatutako odolaren analisi bat egitean ala gorozkietan ezkutatutako odola detektatzeko analisi bat egitean? Alegia, euskarazko testuaren arabera, odol ezkutatuaren analisi bat egiten da; gaztelaniazko testuaren arabera, berriz, odol ezkutaturik dagoen ala ez detektatzeko analisi bat egiten da. Esanahia guztiz desberdina da.
Baina hori itzulpenen beste arazo bat da; zoritxarrez, gramatika-akatsak konpontzea baino askoz konponbide zailagoa duena.
Hitz elkartuen mugak oso gai interesgarria da, Alfontso. Merezi du aztertzen segitzea, bera baita euskarazko testugintza sinesgarri eta eraginkorrak daukan erronka nagusietako bat.
Artikuluan diozunaren harira, bitxikeria bat aurkitu uste dut: buru bakarreko hitz-elkartu bat, atal biak dauzkana adjektiboaren eraginpean. Hauxe da: «euskarazko aisialdi-aukerak». Ematen du euskarazkoa aisialdia dela, baina, aldi berean, aukerak ere bai. Baliteke pentsatzen jarrita gehiago aurkitzea.