Igone Zabala Unzalu
Denok dakigun bezala, euskararen estandarizazio prozesuaren une honetan, protagonismo berezia du hiztegiaren estandarizazioak. Euskal hiztegiaren estandarizazioaren erreferentzia-ardatza den Hiztegi Batua (HB) garapenean dagoen bukatu gabeko baliabide lexikografikoa da. Hori dela eta, ez da harritzekoa erabiltzaileok HBn hartutako erabaki batetik abiatuta zenbait ondorio atera eta praktikan jartzea, kodifikatu gabe dauden hurbileko hitz edo adiera batzuk erabiltzerakoan. Zenbaitetan, ordea, gure aurreikuspenek talka egiten dute Euskaltzaindiak geroago hartutako beste erabaki batekin. Horrelako zerbait gertatu zait niri balore eta balio hiztegi-sarrerekin.
HBn ondoko informazio hau ageri da hizpide ditugun bi sarreretan:
balore 1 iz. Lgart. h. adore; kemen
balore 2 iz. Ekon. balore-burtsa.
balio
baliozko
Bestalde, balio izenarekin lotutako beste sarrera batzuk ageri dira HBn: balioaniztun, baliodun, balioetsi, baliogabe, baliogabetu, balio izan, baliokide, baliokidetasun, baliokidetu, baliokidetza, baliokidetze, guztien oinarrian dagoen balio izenaren esanahia sendotzen laguntzen digutenak.
HBn balio eta balore sarreretan ageri den informazioak eraman ninduen ulertzera, batetik, aldagaiaren balioa eta ez #aldagaiaren balorea zela estandarrerako araua eta, bestetik, balio handiko pertsona ≠ balore handiko pertsona = pertsona kementsua bereizketa sustatu nahi zela HBn. Bestalde, nire intuizio linguistikoak eraman ninduen pentsatzera Ekonomian burtsako baloreak terminoa jasotzen zen bezala, ulertu behar zela balore etiko, balore demokratiko edota balore unibertsal bezalako konbinazioak, jasota ez egonagatik ere, estandarrak zirela. Izan ere, begi-bistakoa zen niretzat diskurtso-egoera jakin batean bi esanahi bereizteko beharra, edo nahia behintzat, izan genezakeela. Esate baterako, Berdintasuna balio handiko balore unibertsala da moduko esaldi bat erraz asko aurki genezake diskurtsoan. Gainera, hiztegiren batean ere, Elhuyarren 1996ko argitalpenetan, esate baterako, ikusita nituen era horretako adibideak eta definizioak balore sarreran.
Nire harridurarako, ordea, nik balore hitzaren bidez adieraziko nukeen esanahia balio sarreraren laugarren adieran aurkitu nuen Euskaltzaindiaren Hiztegian (EH), eta beste hiztegi batzuetan, adibidez, Sarasolaren Euskal Hiztegian, Zehazki hiztegian eta Elhuyarren hiztegien 2000 urtetik aurreragoko argitaraldietan.
balio 1 iz. Zerbait edo norbait aintzat hartzekoa egiten duen ezaugarria edo ezaugarri multzoa. Balio handiko, txikiko, urriko gauzak…
2. iz. (dirutan-edo neurtzen denean). Ik. prezio. Ondasun, salgai baten balioa…
3. iz. (neur daitekeen tasun batez mintzatuz). Balio absolutua, erlatiboa. Batez besteko balioa…
4. iz. Pertsona batentzat edo gizarte batentzat baliotsua edo garrantzitsua den gauza, ideia edo jarrera. … Gizarteak galduak dituen balio asko ditugu, familiaren ingurukoak batez ere.balore iz. (Lgart.) Adorea, kemena.
Aurkikuntza horrek sortu zidan egoneza lasaitu nahian, Orotariko Euskal Hiztegira (OEH) jo nuen, eta bai balio eta bai balore sarreretan aurkitu nituen goian eman dudan adibidean ageri diren bi esanahiak, alegia, EHn 1. eta 4. adierekin lotutako esanahiak: “Valor, precio (de una cosa); valor, valía (de una persona)” eta “Valor, cosa (idea, actitud, etc.) considerada valiosa, importante”.
Testuetako erabilerak aztertzea erabaki nuen orduan. Corpusetara jo eta bietariko adibideak aurkitu nituen bai balio eta bai balore lemetarako. Adibide bana emango dut Web-corpusen ataritik aterata:
1. ADIERA:
- Irudiak erakusten duenez, modulu horrek balio maximo bat atzematen du eta ondoren gutxitu eta handitu egiten da txandaka.
- Kasu gehienetan z-ren balioa 0,15-0,35 tartean egoten da. Balore zehatza bizidun-motaren eta habitataren araberakoa izaten da
4. ADIERA:
- Aro honetan aldaketa afektibo sakonak, gizarte-harremanenak eta balioenak gertatzen dira, motoa beraientzat garraiobidea baino gehiago da eta ez dira abiaduraren beldur.
- Elkartasuna askoz ere emankorragoa da materialak ez diren baloreak direnean orekaren helburua.
Bigarren adibidean ikus daitekeen bezala, egile eta testu desberdinetan ez ezik, testu bakar baten barruan ere ikus ditzakegu bi lemen arteko zalantzak. Horren adibide ona iruditu zitzaidan Eneko Barberenak duela aste pare bat erabili.com-en idatzitako “Hizkuntzaren balioez” artikuluan irakurri nuen paragrafo hau:
…azpi-mailatua den hizkuntza batean ez ei da komeni hizkuntza balio batzuei hertsiki lotzea, hori azpi-mailatua dena gehiago azpi-mailatzea litzatekeelako. Hizkuntza “handiek” ez ei dute balore atxekiturik, balore ezberdindun pertsona askoren topaleku dira hizkuntzok. Horrenbestez, hizkuntza feminismoari, anti-kapitasmoari edota AHTren aurkako borrokari (berdin erlijio katolikoari, “legezarrari” edo moral jakin bati) lotzea arriskutsua da hizkuntzarentzat, at uzten duzun biztanle kopuruagatik (balio horiekin bat egiten ez dutenak) eta bestetik balio horiek gehiegi lehenetsiz gero, izan litekeelako hizkuntza bigarren plano batean geratzen joatea progresiboki.
OEHko eta corpusetako informazioak erakusten digute hizpide ditugun bi izen horiek nonbait erredundanteak (izan) direla aztertzen ari garen bi adieretarako: zenbait adieratarako polisemia bera partekatzen duten sinonimoak (izan) dira erabilera oro har kontuan hartzen badugu. Pentsa liteke, beraz, erredundantzia murriztea izan dela Euskaltzaindiaren helburua polisemia balio izenera mugatu eta balore sarrera esanahiez hustu duenean. Nolanahi ere, nire iritziz, aberasgarriagoa zatekeen euskara baturako erabileran ikus daitekeen bestelako joera bereizleago bati erreparatzea.
Izan ere, hizkuntzen joera naturala da erredundanteak diren baliabideei balio semantiko-pragmatiko bereiziak ematen joatea. Ildo horretatik, Web-corpusen atarian, erabilera asistematikoa erakusten duten adibideak ez ezik, badira baita balore eta balio lemen arteko bereizketa semantikoa agerian uzten duten adibideak ere.
- Horrelako gaiekin hemen lotsatiagoak gara, zenbait balorek balio handiagoa dute, gutxienez kanpora begira.
- Ama-hizkuntzaren irakaskuntza berez da balore garrantzitsua, balio linguistikoaz gain, norberaren adimenaren garapenerako ere, baita familiarekin eta etorkinen komunitateekin loturak mantentzeko ere.
- Ildo honetan diharduen komunitatearen helburua osasuna balio handiko balore gisa sustatzea da, bere inguruko ongizate fisiko eta psikikorako osasungarriak diren bizimodu eta ohiturak sustatuz.
- Lerdoak baino ez ditu gauzen balioa eta baloreak nahasten.
EHrako aukeratutako kodifikazio modua hizkuntzaren garapenari begira atzerakoitzat joko nuke nik, zeren eta, euskarari diskurtsoaren eraikuntzarako jokoa ematen dion bereizketari lagundu beharrean, balio sarreraren polisemiari eutsi eta bi hiztegi-sarrera izateak ahalbidetzen dituen bereizketa semantiko-pragmatiko aberasgarriak oztopatzen baititu.