…herriko berbetan belaunaldi batetik besterako urratsean galtzen ari direnak
Oskar Arana Ibabe
Batek ez daki zergatik, baina beharrezkoak eta arruntak diruditen hitzek ere desagertzera egiten dute, are hizkuntza egunero-egunero lantzen dugunon artean ere, eta beharrezkoa izaten dugu aurreko belaunaldiko norbaitekin jardunean ibiltzea, berriro gure burmuinera agertuko badira, hain arruntak izanik ere. Bitik bat: edo erdarazko beste berbaren batek hartu du haien lekua, eta hartara txirotu egin da gure lexikoa, edo beste euskalki batzuetan erabiliagoak diren beste hitz batzuek hartu dute haien lekua, eta, hartara euskalkia bera (eta euskara bera ere bai, hitz horiek ez baitzeukaten inongo debekurik euskara estandarrera igotzeko) txirotu da. Edo, hirugarrena, ez bata eta ez bestea, euskararen hitz arruntagoek hartu dute haien lekua, behar ez zirelakoan, edo berezitasunik ekartzen ez zutelakoan. Noizbait, ordea, izan zuten berezitasunen bat, ez baitziren ondoren haien lekua hartu zutenen sinonimo bete-beteak, baizik eta adiera berezituagoetarako hitzak.
Bada berba bat misteriotsua, niri hala iruditzen zait, ez ingurukoen artean galdetuta ez hiztegietan begiratuta arrasto handirik bilatu ezin izan diodana. Jakin, ez dakit ezta, aditza izanik, aditz-oina zein duen ere. «IRAN = subir», dio Mujikaren hiztegiak. Baina, adieraz, hori baino zabalagoa du Aramaioko euskaran. «Halako basotik egurrek iraten ibiltzea» egurrok baso hartatik ekartzea da, garraiatzea; edo «patatak kamarara iratea» patatak kamarara jasotzea da. «Bedarrak iraten ibiltzea» ere, halaxe, belarrak kamarara jasotzen ibiltzea… eta, gaur egungo jarduera arruntagoren batekin lotuta, «maletak autora iraten ibiltzea»… Baina, zalantzan nago, ez dut beste inon aurkitu aditz-oin hori jasota. Labayru hiztegian, ordea, adiera hori, bigarrena izan arren, bete-betean dagokion aditz bat dator:
irago (bizk.) 2 dau transportar, acarrear. Bedarra etxera iragoten emon dogu goiz osoa.
Beste arrastorik ez… ezin jakin, idatzian, zein forma dagokion, eta galdu egingo da, beste hitz asko baino merezimendu handiagoarekin galdu ere, agian, baina beste asko baino merezimendu gutxiagorekin, seguru…
Eta, beste berba bat, adjektiboa orain, gure inguruetan oso erabilia, arrunta, ez nahitaez erregistro jasokoa, baina, neurtzera jarrita, gure belaunaldian oharkabean galtzen dabilena, adinekoagoen berbetan bizi-bizirik egon dena: erako. Jasoa dute hiztegiek, baina egunotan suertatu zait niri hitz hori emakume baten ahotan entzutea, eta, pentsatzea, zenbat denbora ez nuela berba hori entzuten, eta are gutxiago erabiltzen… Jakina, nire adineko eskolatuen artean, egoki adjektiboak hartu du berba horren lekua, baina ito eta desagerrarazteraino ia. Eta altzari baten gainean galdetu niolako erabili zuen hitza, fruta gordetzeko armairu txiki bat ikusi niola balkoian, eta ideia ona bururatu zitzaidala, ea nondik zuzendua ote zuen. Halako dendatan, bila eta bila aritu ondoren, «hauxe da erakoa», pentsatu zuela. Lankide bati esan eta hitz horren oparoaz ibili gara, «erara eduki», «era batean bizi»… eta zenbat eta zenbat esapidetan ez ote den erabiltzen. Ahalegina egin beharra orain ez asko hain arruntak eta egunerokoak ziren berbei eusteko, edo erabiltzeko parada izateko. Horixe.
Ez ote “iragan” (= irago) aditza bera? Batuan intrantsitiboki jokatu ohi dugula esango nuke, baina berez “igan/igo”-ren arazlea izanda, ziurrenik azken horrek “subir” ez ezik “(sobre)pasar” (intrantsitiboa) esanahia ere izango zuen, eta haren arazleak “hacer pasar”, hots, “garraiatu”-edo (J. Lakarrak -ago konparatzailearen jatorrian -go- erro hori bera ikusten du, hainbat hizkuntzatan “pasatu, gainditu” aditzak hartu baitu funtzio hori; orain zentzu betea hartzen du niretzat azalpen horrek).
Bide batez, Lazarragak “iragaro” ere badarabil!
Ondo legoque “eraz” erabiltea “arrunt” hitza ere.
Uste dut Borjak aipatu duen “iragan” horretan dagoela giltza. OEHn, “igaro” aditzetik “iragan” aditzera bidaltzen du, eta alderantziz. Bietan, hau: “(menos frec.) llevar, transportar”. Eta Jose Manuel Etxeita idazlearen “Josetxo” nobelan, bada adibide bat Oskarrek “iran” aditzari ematen dion erabilerarekin bat datorrena:
“Neke andiak igaroten ebezan Juana Marik, bere ardura guztiak jaso eziñik: goizean goizetik zeiara, gero, gizasemearen da Josetxoren gosariak, urrengo labako arazoak, arto edo talo bear zireanak; ezkaratzean lapikoko ta jatorduetarako janariak, olloari jaten emon, ogeak zuzendu, etxeko sokondoan garbitu, soloetako lan gogorretan senarrari lagundu, urak IRAGON etxera, ta ganera Josetxo apainddu, jantzi ta zaindu: onek bear guztiok egitten ebazan Juana Marik.”
Bai, nik ere susmo hori nuen, eta biok emandako erantzunetan sendotu egin zait. Dena den, euskalkiari oso loturik delako erantzun horrekin ez nago oso ados: irago-iragan, denboran pasatu ez ezik, espazioan ere leku batetik bestera garraiatu adierarekin, ez dakit zer bekatu duen…eta, bitxia da gero, Aramaion iragan-etik iran-erako bidea egina daitekeelakoa, iragon edo iragotik iran-era beharrean.
Eskerrik asko.
Bai, egia…nahikoa lan hitzen berezko adierari eustea ere…gaizki ikasia, gaizki mantendua
Mikel Olanok “irao” jaso zuen Leitzako hiztegian, honela:
irao. Irago, igaro, pasa, espazioan nahiz denboran. Ez da orain berriroko aldaera; honatx, konparaziora, nola ageri den Bonaparte printzeak agindutako itzulpenean: «(…) eta destierro au iragota eracutsi iguzu Jesus zure savelecosaveleco frutu bedicatue» (Pagola 95-II: 582). 1. Espazioan irago. «Pasar. (Azk.: Igaro.) Tolosarako automobilla irao da» (Azp. 63-4). «Iruñera yoaten naizenen Sarasatetik iraotzekoan beti oroitzen naiz ataz» (Mikela 95). Honela dio Telleriko Batiste Lasartek: «Austiñ Korreoa askotan iraotzen zen emendik» (PP 96: 81). Benito Astibia “Luxea”k esana: «Frantzesak Alemanikin ai zien gerran, da emendik mandoak iraotzen zezkioan Frantzire» (Ibidem: 120). Kantinako Bixente Urrutiari jasoa: «Baten pipik yandako ohol bat hautsi eta goitik behera sartu zun hanka Oxemanuelek, ni atzetik bertan eta gañetik irago nun» (Astaitz 93a). Ikus baita ere: (PP 96: 431). 2. Denbora irago. Honela dio Dendarineko Isidro Sagasibeltzak: «1975. urtean Leitzea yoan nitzen zortzi eun an iraotzea» (PP). Tolatxeneko Joxemari Azpirotzen lekukotasuna: «Aste bete edo ola irao nun nik ordun Iruñeko dantzari ttiki talde berri bateri txistue yotzen» (Sasiziztulari 90). Lesakolorretako Joxemiel Arregiri jasoa: «Egie esan, etzun arretxek andrekin egun gozo askoik irao izaan!» (PP 96: 165). Astaitzagako Mikela Labaienek esana: «Ala, gabe umore erren irao emen zuen» (Ibidem: 486). Lontxo Perurenak ere irao esan dio seme Patzikuri, Goizuetako doinu nahastezinaz: «Joanan itxen izaten yuen askotan Bieñes (sic) ori. Aste osok iol iraotzen zittien bertan » (Ibidem: 174). Ikus baita ere: (PP 96: 198). 3. Gertatu, pasatu. Honatx zer dioen Kristobal Olaetxea “Altzate”k: «Ordun Miel Largo zen juzgaduko sekretario, ta buelta ta jira orrengana. Ori etzen gaizki portatu. Esan zien, ez zitziela deus iraoko» (PP 96: 558).
Hitz horren inguruan, amak esaten duen “irauko urten” (Legazpin) esamodearen bila ibili nintzen behin hiztegietan, eta “iragoko urtean” izango zela ikusi nuen. Dena den, euskalkiari edo euskalkiei oso lotua ikusten dut forma hori, ahozkoa, eta desagertzeko itxuran.
Badira beste adibide batzuk, Googlen bilatuz gero:
GAROA
— Mutill, ezin ulertu diat; len baño okerrago jartzen nauk ¿Zer
darabilk iragoko ill bi auetan?
ARRATIAKO UDALEN MANKOMUNITATEA
iragoko
Ahoskera
Kat. gramatikala izlg.
Esanahia Pasa dan azkenengo, atzenengo eguna, astea, urtea…
Euskara batukoa IGAROKO
Adibidea “… Mari Martiñak dauko lau illabeteko seincho bat guztiz charto, iragoko amabozt egun’onetan”. (B. Latxa)
Barka, berandutxo nabil. Oraintxe arte ez dut ikusi Oskar Aranaren artikulua. Interesgarria, zinez.
Ez dut uste Aramaion IRAN denik aditza (berez, Mujikaren «IRAN = subir» hori IGANen aldaera dela uste dut (Orotarikoan ere badator)).
Aramaiokoa esango nuke IRA edo IRAU dela (< IRAGO). Nik hala jaso nuen behintzat bere garaian. Eta hona hemen tesian jaso nituen adibide batzuk:
IRA: (< irago) eraman, garraiatu. Auzo dana, auzoko ontzi guztiek ira biher izete(n) zien. / Batalloie soluen trintxera joten hillek enterretako ta beste batzuk iraten, ume, andrak edo dana, harrapeta(n) zan dana. Ik. irau.
IRAU (ald. ira): (< irago) eraman, garraiatu. Hareik lastuek kamara sendorka irau biher.
Delako “erako” horren antonimotzat jo daiteke Azkoitiko “itxurebeie”, batuan “itxuragabea” esan dezakeguna. Oso hitz erabilgarria.
“Eraco” hori ez da besteric ze “era+co” non hitz basicoa da
“era” indeterminatuan
edo
“erea” noiz den determinatzen kin a articulua.
Guero bakoitzac ezartzen ahal du edozein casutan declinatuz.
Carta jocoan esateraco hori berbea asco erabili ohi da edo behintzat erabili ohi zen. Esateraco, eraz ethorri cartac ezen norberari comeni zaion eran edo eraz, edo eratic seguidu zeinac esan nahi ahal duen ezen briscan “seguir al palo”, eratic seguidu. Ona izaten da ere zaintzea berba eguiteco erac. Normala da ere (baina ez arrunta) entzutea era ederrean presentatu zen edo era egoquian. Edo ume bat era tcharrean tratatu, …
Nic esango nuque ze era hitz edo substantivoaren synonymoric hurrenetacoa dela -edo synonymo totala- modu hitza.
Ahaztu zait esatea ze esaten dela ezagutu haut ibilkeratic edo ezagutu haut ibileran, non dagoen ibili + era. Ibilera edo ibilteco modua.
Eskerrik asko oharmenera ekartzeagatik “erako” horren aukera. Baina aproposa ikusten dut atributu bezala erabiltzeko, ez izenlagun bezala.