Maiteminduta

Koro Garmendia Iartza

Beti gurekin izan ditugun hitzek, batzuetan, ezustekoak ematen dizkigute mamian pixka bat arakatzera ausartzean edo gogoetan gehixeago sakontzeko pausoa ematean. Halaxe gertatu zait niri maitemindu aditzarekin. Aski hitz arrunta da, ezta? Misterio handirik gabea, itxuraz. Baina ondo al dakigu zer adierazten nahi duen? Neurri batean, bai; baina neurriaren beste zatian ez, beharbada.

Aditzaren esanahietako batera mugatzeko joera daukagu; segur aski, besteaz jabetu ere egin ez garelako. Adiera zabalduenarekin identifikatzen dugu aditza; enamoratzearekin, alegia. «Irakaslea maitemindu egin da. Autobus-gidaria gustatzen zaio. Eta nola, gainera!». Bikain. Oso ondo erabilita dago. Baina bada besterik. Hain zuzen ere, maitasunak sarri askotan izaten duen beste alderdiarekin lotuta dagoena: minarekin. Hots, maitatu bai, baina trukean nahi edo desio den maitasuna jasotzen ez denean izaten den nahigabearekin (mal d’amour, mal de amores). Oinaze horrek ere maitemina du izena: «maiteminez zauritu da», «maiteminak jo dio bihotza»…

Beraz, hitz batek berak maitasunaren zirrara eta maitasunaren samina adierazten dizkigu euskaraz. Ez al da berezia? Arbasoak konturatuta zeuden, nonbait, maitemintzeak, askotan, maitatzea ez ezik, mintzea ere badakarrela, eta biak hitz bakarrean biltzea erabaki zuten. Haien jakintza!

2 erantzun “Maiteminduta” bidalketan

  1. Ni harritzen nau ari garelaric buruz maitasun hitza (zeinaren contra nic ez dudan deus) ikustea nola den -edo duen- desaguertu amodio hitza zeina gainera ez da synonymo kin maitasun.

    Era berean eta bidenabar, esan ere direla hitz differenteac arrunt eta normal hitzac nahiz-ta egun ascoc dituzten hartzen bata euscarazcotzat -arrunt- eta bestea aldiz incorrectuqui erdarazcotzat -normal-.

    Corronte horrec du adierazten ari garela eroaten euscara tic bide anormala eta ez-naturala edo bere baitacoa, hori soil casu emanez lexico arloari.

  2. Koro, arrazoi osoa duzu, eta horren lekuko Lazarragaren eskuizkribuko “amoremina” sinonimoa. Hauxe diote ediziogileek:

    amoremina
    ‘maitemina’; Berpizkundeko poesian topiko ezaguna da “amorez minduta” egotea (Petrarca, Garcilaso…): maitalea “amoreminez” dago, ezin duelako lortu maitatuaren AMODIOA (arrazoiak askotarikoak izan daitezke). Testuan hitz honek dituen agerraldi batzuetan esanahia hurbil bide dago etimologiatik (AL: 1145r, A7: 78, A16: 47, B10: 12, B21: 2 eta B23: 118); aldiz, A11: 8 lerrokoa egun maiteminak duen adiera arruntari dagokio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude