Patxi Petrirena Altzuguren
Ez naiz bakarra izango duda egin duena eskatu aditzaren osagarriak (perpausa denean) -t(z)ea izan behar duen edo -t(z)eko, edo zeren arabera hautatzen den bata edo bestea. Esate baterako, «irakurtzea eskatu» edo «irakurtzeko eskatu».
Argi dago kontua «pasarte honek bi aldiz irakurtzea eskatzen du» modukoetan (‘bi aldiz irakurri behar da’), baina ez hainbeste beste batzuetan.
Gaiaren azalpen osoa dakarrenez azkeneko EGLU liburukiak (EGLU-VII, Perpaus jokatugabeak, 569.-578. orrialdeak), hemen jasotzea pentsatu dut. Azalpena laburtu nahian aritu naiz, atzera eta aurrera, baina uste dut liburuan bertan egiten den laburpena hitzez hitz ekartzea dudala onena:
* * *
«Arrunta da galdatu, galdegin eta (joskera modernoan) eskatu aditzen du joskera, absolutibozko objektua eskatzen duena:
norbaitek zerbait eskatu
Eskatzen den gauza hori abstraktua izan daiteke, hala nola elkartasuna edo, perpausez, denok elkarren kide izatea.
Bestalde, eskaturen ideia prototipikoaren subjektua norbaitek izanik ere, irudizko zentzuak orobat baimentzen du zerbaitek:
(754) Halako lurrak ur asko (ematea) eskatzen/galdatzen du.
(755) Lan horrek ahalegin gogorra (egitea) eskatzen/galdatzen du.
(756) Ehizak begi zorrotza izatea eskatzen/galdatzen du.
Molde horretan, zerbaitek zerbait eskatu da eredua. Zerbait hori ez da halakoetan egiledun bati dagokion egintza, bete beharreko baldintza generiko bat baizik: eskakizun bat, hain zuzen ere. Eskakizun generikoaren zentzu berean ulertzen da zerbaiti zerbait eskatu eredua ere:
(757) Halako neurgailuari fidagarria izatea eskatzen zaio.
Ez dira aldatzen adiera eta joskera subjektua pertsona izanik ere:
(758) Gizagaixo horri ezin zaio eskatu fidagarria izatea.
Horretaraino, bada, beti dugu -tzea eskatu. Eta berdin -tzea galdatu/galdegin.
Zentzua aldatu egiten da, ordea, eta harekin joskera, ideia zerbait eskatu izatetik zerbait egiteko eskatu izatera pasatzen denean. Kasu horretan, norbaitek da subjektua, eta hitzez edo zeinu baliokidez adierazten dio subjektu horrek beste norbaiti hark dena delakoa egitea nahi duela. Alegia, egite gisa ulertu behar da perpaus osagarriak adierazten duena, eta zentzu prospektiboan:
(759) Zuk eskatu zenidan egia esateko.
(760) *Zuk eskatu zenidan egia esatea.
Goragoko eskakizun-zentzu generikoa eta norbaitek zerbait egiteko eskatu norbaiti ereduko eskaera (proto)tipikoa antzeko formara etor litezke kasu bakanen batean, baina ez da ohikoa, eta, hain zuzen ere, –TZEA/–TZEKO bereizkuntzak argituko du zentzua:
(761) Gizagaixo horri nola(tan) eskatuko diozu (ba) egia esatea. [hark ez du betetzen egiatia izatea delako baldintza]
(762) Gizagaixo horri nola (zer gisaz) eskatuko diozu egia esateko? [gutunez eskatuko diozu hori egiteko?].
Egiletasunarena, garbi gera bedi, esaldiaren interpretazioaren baitan dago. Predikatu eta are perpaus berbera modu batera zein bestera uler daiteke sarritan:
(763) Mundu guztiari ezin zaio/diozu eskatu eskuzabala izatea. [ezaugarri hori izatea eskatu]
(764) Mundu guztiari ezin zaio/diozu eskatu eskuzabala izateko. [horrela jokatzeko eskatu]
Oro har, galdatu nahiz galdegin aditzek ez dute jarraitzen eskaturen bidea, eta -tzea moldeari eusten diote norbaitek zerbait egitea galdatu/galdegin norbaiti joskeran ere.
Adibideren bat edo beste bada tradizioan, baina salbuespen bakanak dirudite halako –TZEKO galdatu/galdegin joskerak. Kasuren batean, agindutik hurbileko zentzura lerratzen ote den dirudi:
(765) [Aitak] jaun horier galthatü ükhen otoritatez, / presu begiratzeko librantxaik ükhen gabez (Etchahun, Bertsoak,142).»
Iturria: EGLU-VII, Perpaus jokatugabeak. Gramatika batzordea, Euskaltzaindia, 2011
(EGLU guztiak, hemen)
Eskerrik asko, Patxi, duda horri buruzko argibideak blogera ekartzeagatik.
Ez nekian EGLUn gai horretaz halako azalpenak zeudenik, eta nire kasuan, behintzat, aspalditxotik ari ninduan susmatzen –tzeko eskatu forma gero eta gutxiago erabiltzen ari zela, eta –tzea eskatu, berriz, gero eta gehiago; alegia, bigarrena lehenengoaren eremua inbaditzen ari zela, baina ez nekian azaltzen zergatik behar zuen kasu jakin bakoitzean bata edo bestea. Zuzendu ere bati baino gehiagori zuzendu izan zioat, edo gutxienez, zuzendu aurretik, galdetu ea zergatik erabiltzen zuen –tzea forma, nire ustez argi eta garbi zegoenean –tzeko behar zuela. Hala ere, ez neukaan oinarri teorikorik nire segurtasuna berresteko.
Orain, berriz, Euskaltzaindiaren bereizketa horri esker, oinarri finkoago bat zeukaagu, kasu batzuetan, gutxienez, bataren edo bestearen alde ziurtasun handiagoz egiteko.
Artikulua behin bakarrik irakurrita, ematen dik baliagarria izan daitekeela, nahiz eta jakin, kasu guztiak, hala ere, ez direla garbi-garbiak izango, esaldi bera bi modutara interpretatzeko aukera ere hor dagoelako.
Orain ikusi behar diagu ea jarraibide horiek balio diguten, kasuan-kasuan aplikatzerakoan, bide zuzena hartzeko, beti-beti ez bada ere, gutxienez orain –tze eskatu formaren alde nire ustez dagoen lerratze gehiegizkoa onbideratzeko.
Bide batez, jakin nahi nikek, bai hik bai blogaren beste erabiltzaileok ere lerratze hori sumatzen ari ote zareten, edo nire “neura” bakarrik den.
Irudipen (edo neura) berekoa naiz ni 🙂
EGLUko lanean, bi aldeetarako lerratzeak azaltzen dira:
Batetik:
«(…) norbaitek zerbait egiteko eskatu norbaiti da prototipoa. Alegia, prototipo horretatik nola edo hala aldentzean aurkitzen dugula –TZEA eskatu.
Badirudi, hala ere, hiztun batzuek ez dutela beti guk hemen adierazi dugun bezain garbi egiten –TZEKO/–TZEA bereizkuntza hori. Besteak beste, gerta daiteke hiztunaren buruan egotea esaldiak ageri ez duen kontrol-erlazioa, eta horrek lerraraztea jokoa –TZEA joskeratik –TZEKO joskerara, nahiz datiborik ez agertu:
(736) Gelak goizago irekitzea eskatu du zuzendariak. [eskabide edo baimen-eske hori egin du, dagokionaren aurrean]
(737) Gelak goizago irekitzeko eskatu du [=digu] zuzendariak. [zuzendariaren manupekoak beretzat harturik haren eskaera]
Bigarren erabilera horretan, aginduren joskera berera dator eskatu.»
Bestetik, jarraian:
«Hiztun batzuk, inoiz, alderantziz desbideratzen dira prototipotik, –TZEKO joskeratik –TZEA joskerara. Kasu horretan, beste joskera batzuen analogiak eragin dezake nahastea (edota anakoluto arruntak), eta halako esaldiak ez zaizkie onargarri gertatzen hiztun gehienei:
(738) ???Horregatik eskatu behar dizut mesedez pixka batean isilik egotea.»
[Ni zuen taldekoa bide naiz, Iñaki eta Esti, (737) esaldia baino arrotzago gertatzen baitzait (738)].
EGLUk dakarren azalpen osoa irakurri nahi izanez gero, hona nik lanerako erabili dudana (PDFtik hartua):
http://eizie31eskutik.files.wordpress.com/2014/03/eskatu_tzea_tzeko_eglu.docx