Gosearen artista

Estitxu Garai Artetxe

Gosearen artista. Horrelaxe izendatu zuen Duro Morenok[1] itzulsortzailea. Kafkak sortutako pertsonaia tristearen ispiluan begira daiteke publizitatea itzultzen aritzen den hori. Haren lana ikusgarri eta entzutetsua izanagatik, isiltasunean eta erabateko anonimatuan dihardu. Etengabe denbora(lea)ren aurka borrokan, ahal bezain duin eta eraginkor, baina bezeroen estimu eta begirunearen barauan. Erlojuak tik-tak, tik-tak; bezeroak ai ene, ai ene. Osterantzean, apenas izaten du itzulitako testuaren inguruabarrari buruzko informaziorik, eta gero gerokoak: urrea delakoan bidali eta, kalean ikusitakoan, urria dela konturatu.

Lan gogorra, gero, itzulsortzailearena. Baten batek pentsatuko du horrelako lan gaitz eta malapartatuak izango duela bere ordaina, bestela ez bada ere dirutan behintzat. Baina ez, hor ere tripa-zorriak nagusi. Gehientsuenetan, gosea berdintzeko, era guztietako hamaika itzulpen egin behar izaten dituzte. Itzulsortzeak itzulzortzea ere badakar. Hainbat itzulpen-enpresek dirua galtzen dute publizitate-leloekin, eta galdutako hori lan luzeagoekin (eskuorri edo katalogoetako testuekin) parekatzen dute. Zor edo lor, gustagarria eta polita da itzulsortzea.

Gakoa zera da: zenbat balio du itzulsorpen batek? Zein da bidezko salneurria? Itzultzaileek, oro har, hitzeko kobratu ohi dute. Eslogan edo titular baten kasuan, ordea, hitzeko kobratzeak ez du ez hanka ez bururik. Hiruzpalau hitz baino ez dituen esaldia da, baina nolako hiruzpalau hitz! Beste aukera bat ordukako tarifa litzateke, lan-ordu bakoitzaren balioa aurrez adostu eta ezarrita. Halere, onura beste eragozpen ikusten dizkiot ordainketa-sistema horri. Ez da bidezkoa. Demagun inspirazio-uneak jota atoan topatzen duzula jatorrizkoaren ordain peto-petoa den esapide doia. Zer esan nahiko luke horrek? Bost minutu besterik ez duzula kobratuko? Ordubete? Gainera, lehenengo buru-kolpean esapide onena asmatzeak ez du esan nahi bestelako bideak miatu behar ez direnik. Publidazkeran[2] beti da beharrezkoa idatzitakoa orraztea, orraztutakoa fintzea eta findutakoa destilatzea. Gerta liteke, halaber, hitz magikoen bila orduak, egunak, edo asteak (hainbesteko beta izatea utopia hutsa ez balitz) ematea. Orduan, ordu horiek guztiak fakturatu beharko lirateke? Ezezkoan nago. Egokiena lan bakoitzeko kobratzea dela deritzot. Komeriak salneurri hori zehazterakoan datoz. Horretan ere, zenbat buru, hainbat aburu; eta, nirea, honakoa: horrelako lan batek publizistarenak adina balio du. Gogora ekarri nahi dut estreinako post-ean nioena, alegia: itzulsortzaileak, estrategiaren irizpideei jarriki, jatorrizko leloa sortu duenak igarotako bide bera urratu behar du, baina askatasun gutxiagorekin, helmuga aurretik zedarritu baitiote.

Edonola ere, ondo letorkiguke nondik nora mugitu jakiteko jarraibideak izatea. Gogoan dut sasoi batean gure blog honen anfitrioi dugun EIZIEren web atarian itzulpenei zegozkien bataz besteko tarifak ageri zirela. Oker ez banago bi tarifa-alor bereizten ziren; batetik, itzulpen arruntarena, eta, bestetik, itzulpen teknikoarena. Publizitate-itzulpenei buruzko jarraibiderik ez zen ageri. Agian, gaur egun, jarraibide horiek adosteko parada izango genuke, ez balitz lehia santuaren defentsan Eusko Jaurlaritzaren Lehiaren Babeserako Bulegoak tarifok kentzera derrigortu zuelako. Nire irudiko guztiz zen erabilgarria, bai profesionalek bai bezeroek erreferentzia gisa baliatzeko, baina gurean ere zakurrak oinutsik eta gainontzekook hankak lotuta. Erreferentziatzat har daitezkeen salneurrien bila aritu naiz, eta topatu dudan bakarra HAEE-IVAP erakundearen Itzulpen Zerbitzu Ofizialean ezarritakoa izan da, eta esan dezadan, bidenabar, nahiko egokia iruditu zaidala. Itzulpen guztiak hitzeko kobratzen dira, baina publizitatearen kasuan 363 eurotako gehigarria dute. Bestela esanda, gutxi gora behera horixe izango dela lan bakoitzeko ordaindu beharrekoa.

Zer diozu, itzulsortzaile maitea? Ikusten duzunez, zuretzat baizik ez dut begirik, zatoz plaza honetara eta kontatu zelan zabiltzan, denok ere goseak akabatu baino lehen.


[1] Duro Moreno, M. (2001). Traducir publicidad o el arte de pasar hambre.  Granada: Comares.

[2] Publidazle deitzen diot euskaraz ingelesezko copywriter-ari, eta publidazkera copywriting-i.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude