Maite Imaz Leunda
Ostegun Gizena izaten da Inauterien hasiera Tolosan, hainbat tokitan bezalaxe. Ostegunaren ondoren Ostiral Mehe batzuentzat ajetsua etortzen da, eta ostiralaren ondoren larunbata. Eta larunbat horri izen berezia jarri behar diodanean hasten naiz komeriatan, inauteri larunbata, inauteri bezpera edo zaldunita bezpera, zein izen aukeratu erabaki ezinik. Gaztelaniaz buruhauste gutxiago izaten dut: Jueves Gordo, Viernes Flaco eta Sabado Regular. Ume garaian. 70eko hamarkadaren hasieran, kanta honek gogorarazten zigun inauteriak gerturatzen ari zirela:
Aspaldian ez dut entzun, ez kantatu ere. Ez dut uste oraingo ikasleek ezagutuko dutenik. Baina ni umea nintzela ikastolako irakasleren batek hartu izango zuen kanta guri erakutsi aurretik euskaratzeko lana. Nik behintzat honela daukat gogoan:
Larunbat Erdipurdi hori benetan xelebrea gelditzen zen. Ez zen hori kontu xelebre bakarra kaleko paisaian euskarak presentziarik ez zuen garai hartan eta euskaldunontzat ere karnabal hitza inauteria baino ohikoagoa zen hartan; idatzizko hizkuntza bakarra gaztelania izan arren, carnaval hitzaren arrastorik ez zegoen herriko festak iragartzeko ipintzen zituzten karteletan.
Nire haurtzaro garaiko kartelek Iñauterik / Fiestas de Primavera iragartzen zituzten. «Zergatik jartzen ote dute udaberriko festak, neguan izaten badira?» pentsatzen nuen neure artean. Uste nuen Fiestas de Primavera hori azalpen moduko bat zela; ez nekien horixe zela jaien izen ofiziala, ez bainuen inoren ahotan entzuten. Frankismo garaian Inauteriak debekatu egin zituztenez, beste izen bat jarri zioten 1943an Tolosan, eta horri esker jarraitu ahal izan zuten Inauteriak ospatzen. Jaiak iragartzeko kartel ofizialetan 1979ra arte iraun zuen Iñauterik / Fiestas de Primavera izendapenak.
Gaztarora iritsi nintzenerako jaietako egitarau osoa euskaratuta ikusten hasi ginen eta orduan jakin nuen larunbatetik asteartera bitarteko festa-egunak izendatzeko euskal izen tradizionalak ere bazirela: Zaldunita Bezpera, Zaldunita, Astelenita eta Asteartita. Bitxiak bezain politak iruditu zitzaizkidan izen horiek. Inauterietako argazkiak egunaren arabera sailkatzerakoan izen horiexek erabiltzen ditut.
Euskaltzaindiaren Hiztegi Batu Oinarridunean begiratuta, badirudi zaldunita zaldun-inauteren aldaera dela; astelehen inaute eta astearte inaute ere ageri dira.
Hizketan ari naizenean, ordea, kosta egiten zait Zaldunita, Astelenita eta Asteartita esatea, argazkietan ipintzen hasi nintzenetik urte asko pasa diren arren, batetik, oraindik ere exotikoegiak iruditzen zaizkidalako, eta bestetik, festaren zurrunbiloaren atarian gaudenean izen berezien beharrik ez dugulako izaten: «igandean jantzi behar dugun mozorroa, astelehenean ateratzekoa den txaranga, astearteko bazkaria…» izaten ditugu elkarrizketetako gaiak.
Baina denboran urrundu ahala, Inauterietako egunak aipatzeko astegunen izen arruntak baino zerbait gehiago behar izaten dugu. Gurasoengandik jaso nituen izendapenak karnabal bezpera, karnabal eguna, karnabal bigarrena eta karnabal hirugarrena izan ziren. Aitarekin ari naizenean horiexek erabiltzen ditut. Baina horiek ulertu ahal izateko jakin egin behar da erreferente nagusia, karnabal eguna, igandea dela.
Hiztegi Batu Oinarridunean ageri diren formen antz pixka bat duten izenak ere erabiltzen ditut: igande inauteria, astelehen inauteria eta astearte inauteria, umetan ikastolan ikasitako kanta hartan bezalaxe; eta larunbaterako, inauteri bezpera. Baina errazen ateratzen zaizkidan izenak, ordea, beste hauek dira: inauteri larunbata (inauterietako larunbata), inauteri igandea, inauteri astelehena eta inauteri asteartea.
Ondoren, Auster Eguna eta Garizuma.
Kaixo, Maite.
Ni Leitzakoa izaki, Tolosan dezente ibilia naiz ikasle garaian, Orixe institutuan, eta abar. Eta zu bezalatsu edo, harritu egin nintzen astelenita eta asteartita izenak entzun nituenean. Bitxiak eta arraroak iruditu hasiera hartan, gainera. Kontu horiek duela 20 urtekoak edo izanen dira.
Hala ere, 2007an, Leitzan, ihauterien gaia jorratzen eta berreskuratzen saiatzen hasi ginen, eta horien antza duten baina argigarriagoak zaizkidan izenak jaso ditugu bizirik ditugun xaharrengandik: zaldun-iote, astelehen-iote eta astearte-iote. Eta festak izandatzeko berriz ioteik edo ioterik, pluralean, jakina. Hor garbi ikusten da nondik datozen izen arraro edo bereizi horiek, eta ahal den neurrian horien aldeko apustua egiten ari gara ihauterietako kartelak egiten ditugunean. Baita hizketan ari garenean ere. Hizkuntza eta kultura aberasteko bidea dela iruditzen zaigu. Eta egia esanda, gero eta normalagoak iruditzen zaizkigu izen horiek: ioterik eta asetelehen-iote…Argia eta garbia.
Tolosara joateari utzi genion duela urte mordo bat eta ezin jakin han gauza horiek zein bidetatik doazen.
Beno, besterik gabe,
Eskerrik asko eta hurren arte,