Santi Leoné
Maite ditut, maite, kanpoko izenak, letra bereziak dituztenean: Stanisław Lem, Gabriela Adameşteanu, Jo Nesbø. Ez dakit nola ahoskatzen diren (ez dakit ez polonieraz, ez errumanieraz, ez norvegieraz), baina jakin-mina pizten didate. Aspaldian, artean gazteago eta berdeago nintzela, solas frantsesen bokalen gaineko azentu-marken ugaltzeak izugarri liluratzen ninduen: Hélène, Frédéric. Batzuetan, istorio interesgarriak altxatzen dira zeinu horien –edo zeinu horien faltaren– gibelean. Je suis né liburuan, Georges Perec-ek kontatu zuen frantses gehienek, haren izena entzunda, Perrec edo Pérec idazten zutela, frantsesaren idazkera sistemak hala ordezkatzen baitzuen idazlearen izenaren ahoskera. Azentua idazteari uko eginez, Perec-ek uko egin nahi izan zion bere deitura arruntean frantziartzeari: abizena, berez, sefardia zen –Peretz–, eta Perec Bigarren Mundu Gerran Frantziara emigraturiko Poloniako familia judutar bateko alea zen. Azentuaren eskasia zen kultura judutarrarekin zuen lotura bakarra: falta bat, absentzia bat.
Noizbait pentsatu dut istorioren baten bidez dotoretzea nire deituran atxikitzen tematzen naizen azentu hori, baina oraingoz ez zait deus ere bururatu. Polita eta eredugarria iduritzen zait Irati Iciarrek Twitterreko kontuan ematen zuen azalpena (“bai, abizena c-z idazten dut, alferra naiz eta”), eta horregatik egin nintzen haren jarraitzaile sare sozial horretan, kontu horren gibelean balizko frikikide bat sumatu baino aise lehenago.
Baina lot nakion harira: letra bereziak eta marka diakritikoak ez dira apaingarri hutsak, eta, ahoskera bideratzeaz gainera, batzuetan istorio inportante –edo banal– bat dute azpian. Horregatik, ez nago sobera ados Berriaren estilo liburuan hartua dagoen marka horiek guziak kentzeko erabakiarekin. Hala ere, ados egon edo ez, ez dagokit niri, bistan da, erratea nola jokatu behar duten hedabide batean. Bada bertze kontu ttiki bat, ordea, kritikagarriagoa egiten zaidana. Estilo liburuaren 2006ko edizioan, paperekoan, hau adierazten da: “erabiltzen den diakritiko bakarra zubererazko ü da. Alemanezko dieresia [¨] ordezkatzeko, digrafoa erabiltzen da pertsona izenetan”. Orain Interneten dagoen bertsioan, zehazten da digrafoa erabiliko dela “alemanezko a eta o letren gaineko dieresia”, eta, beraz, alemanezko ü linboan utzi dute, batek daki zergatik. Praktikari begiratzen badiogu, ordea, normalean digrafo hori ez da inoiz erabiltzen, eta alemanezko ä, ö eta ü burusoil azaltzen dira Berriako albisteetan: Heinrich Boll (2013-01-06), Herta Muller (2014-01-14) edo Wolfgang Schauble (2013-08-22). Eta pena da, digrafo horren bidez alemanak berak konponbide erraza eskaintzen baitu: Heinrich Boell, Herta Mueller, Wolfgang Schaeuble. Azken batean, Heinrich Böll (edo Boell) idazlea eta Uwe Boll zinema-zuzendaria ez baitira ahaideak.