Bi haurdun

Fernando Rey Escalera

“Bi haurdun Palermora (Sizilia) eraman dituzte, eta Lampedusako erietxera beste hiru lagun”

“Etorkinekin lan egiten duen Beni Znaffen erakundeko presidenteak, Hichman Barakak, hildakoen artean bi haurdun zeudela ohartarazi zuen”.

“Bi haurdun eta bi amatxo beren umetxoekin”.

Esaldi horiek Google-etik atera ditut, baina halakoak gero eta gehiagotan ikusten dira toki askotan. Erdarazko erabileraren kalko (egokia?), dudarik gabe.

Ez dakit euskarak inoiz bere eginen ote duen adierazpide hori, baina niri bitxia egiten zait, desegokia. Nire inguruan “haurdun”, gehien-gehienetan, adberbio modura erabiltzen da, eta oso gutxitan izenondo modura, baina hitzak ez du azkeneko salto hori egin.

Egia da –dun atzizkia duten hitz askorekin ez dugula problema hori, eta lasai esaten dugula “Hiru txapeldun elkarrekin pilota-partida berean”, edo “Fededunak bere esperientziaren berri eman du”, edo “Hartzekodunak badu eskubidea ziurtagiria eskatzeko”, edo “Bizardun asko ikusten ziren 80ko hamarkadan”, baina “haurdun” hitzarekin min moduko zerbait sentitzen dugu belarrian:

“Haurdunak badu eskubidea behar bezalako arreta izateko” (?)

“Hiru haurdun ospitaleraturik gripea dela-eta” (?).

Gehienok hobeki ulertzen dugu honela esanda:

“Haurdun dagoen emakumeak badu eskubidea behar bezalako arreta izateko”.

“Hiru emakume haurdun ospitaleraturik gripea dela-eta”.

Orotariko Euskal Hiztegian ibili naiz bilaka, baita Ereduzko Prosa Gaur-en ere, eta berretsita ikusi dut nire iritzia. Adizlagun: “Haurdun izan, egin, egon, geratu, gelditu, gertatu, sentitu…”. Eta bakarren bat, izenondo gisara.

Bakar bat ikusi dut goiko adibideen modukoa: Bere amak aurdunari erdi-egiten lagun egiten zionez. Zait Plat 84.

Hau guztia buruan nerabilela, gogora etorri zait noiz aditu nion lehenbiziko aldiz gizaseme bati –lankide bati– “haurdun gaude” esaten. Hark umore pixka batekin ohiko adierazpidea bihurritu zuen bezala, ontzat eta normaltzat hartuko dugu “haurdun bat” edo “bi haurdun” esatea?

3 erantzun “Bi haurdun” bidalketan

  1. Fernando, batzuetan sentsazioa izaten dut Orotarikoa daukagunetik Biblia bezala sakralizatu dugula eta joera dugula bertan jasota ez dagoena ezin onartuzkotzat hartzeko. Horrek, noski, euskararen bilakaera ezinezko bihurtzen du, onerakoak izan edo txarrerakoak.

  2. Bai, Koldo.
    Tradizioa ez da irizpide bakarra. Arrazoi duzu, eta konforme nago. Hizkuntzak bere bilakaera izan behar du, eta, jakina, orain arte zerbait erabili ez izana ez da arrazoi aski ez dela erabili behar argudiatzeko.
    Horregatik, nire ustez, kontua ez da kalkoa izatea edo ez izatea, baizik eta kalko egokia edo desegokia izatea. Bistan da erdarek milaka aportazio eder egin dizkigutela eta egiten dizkigutela. Ez naiz, horri dagokionez, batere maileguen edo kalkoen kontrakoa.
    Orotarikoaren balioaz ere ez dut askorik esateko. Bibliatzat hartzen ote den? Ez dakit. Baliabide bat da, errealitatearen parte bat erakusten diguna. Badu bere balioa, baina kontuan hartu beharreko gehiago ere badaude.

    “Haurdun” hitzari dagokionez, berriz, nire dudak ditut. Gerta liteke pixkana-pixkana substantibo modura zabaltzea, eta, hala bada, ba, ederki. Oraingoz, dena dela, iruditzen zait itzulpen (txarraren?) ondorio bat besterik ez dela. Hamar euskalduni “bi haurdun sartu dira” esan, eta hamarrek muturra okertzen badute edo esamoldeak zerbait arraroa duelako keinua egiten badute, adierazgarri samarra da. Eta hamar itzultzaileri “en mi trabajo hay dos embarazadas” nola esan galdetu, eta inork ere esaten ez badu “bi haurdun daude”, ba, aski adierazgarria da. Nik proba egin dut zenbaitekin, eta denek bilatu dute beste irtenbideren bat: “bi lankide daude haurdun”, “nire lantokian bi neska haurdun daude”…

    Dena dela, oso osasungarria iruditzen zait gure arriskuez jabetzea eta jabearaztea.
    Ongi ibili.

  3. Fernando,

    Nik ere zalantzarik gabe esan eta idatziko dut beti “emakume haurdun bat” edo “haurdun zegoen emakume bat”. Baina adibideetako esaldiak kazetaritzako testu batzuetatik aterata daude, eta hor, itzulpena izan edo ez, beste logika batek ere badu pisua: laburtasuna. Osagai erredundanteak ezabatzen dira; hizkuntzaren ekonomia ere deitzen zaio. Hori ez da asi, hala ere, niretzat, espresioa besterik gabe onartzeko, beti nahiagoko dut “emakume” esatea; baina, adibide honetatik haruntzago joanez, erabiltzen dugun euskararekin lasaiagoak izan beharko genukeela iruditzen zait, zurrunegiak garela askotan. Hizkuntzak aldatu eta bilakatu egiten dira etengabe, inork, ezta hizkuntzalariek ere, kontrolatu ezin duten moduan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude