Aiora Jaka Irizar
Bitxikeria polita iritzi nion Alfontso Mujikak 2013ko abenduan blog honetan argitaratu zuen artikuluari: Espainiako hizkuntza-akademiaren hiztegian euskararen arrastoak bilatu, eta makina bat gauza harrigarri aurkitu zituen jadanik ezagutzen genituen beste hainbat konturekin batera.
Artikulua irakurtzearekin bat, frantsesezko “orignal” hitzaren etimologiaren istorio polita etorri zitzaidan gogora, eta Frantziako hizkuntza-akademiaren hiztegian Alfontsorenaren antzeko bilaketa bat egitea pentsatu nuen, ea halako bitxikeriarik topatzen nuen. Pentsatu bai, baina Axularren gomendioari entzungor eginda gaur arte geroratu dut lanari ekitea. Eta gaur hasi naiz, beraz, artikulua blogera bidaltzeko epea gain-gainean dudala, aspalditik egin nahi nuen bilaketatxoa egiten.
Bi hiztegi elektronikotan bilatu ditut atalen baten barruan “basque” hitza gordetzen duten sarrerak. Lehenik, Dictionnaire de l’Académie française delakoan. Bilatzaileari “basque” edo “basques” bilatzeko eskatuta, 38 hitzeko zerrenda atera zait. Hitz horietako askok, ordea, ez dute zerikusirik euskal etimologiarekin, “basque” hitza adibideetan dutelako edota “basque” hitz homonimoari dagozkiolako (II. BASQUE n. f. XIVe siècle, baste, jusqu’au XVIIe siècle. Probablement altération du provençal basto, « couture à longspoints »). Horiek alde batera utzita, beraz, eta “basquais”, “euscarien” eta antzekoak kontuan hartu gabe, euskal etimologiadun hitzetara mugatu nahi izan dut zerrenda, eta 6 hitz baizik ez zaizkit geratu: “bagarre”, “cacolet”, “chistera”, “euscarien”, “orignal”, “pelotari” eta “pottok”. Espainiako hizkuntza-akademiaren hiztegian ageri diren euskal jatorriko hitzekin alderatuta, oso gutxi.
Oraindik ere beste hitzen bat aurkituko nuen esperantzan, bilaketa berbera egin dut frantses hizkuntzaren erreferentzia nagusietako bat bilakatu den Le Petit Robert hiztegian (zoritxarrez, ez dago doaneko bertsio elektronikorik; CD-ROMa erosi edo sarera harpidetu beharra dago). Frantses akademiaren hiztegiak ez bezala, Le Petit Robertek aukera ematen du hitzen bat etimologia atalean soilik bilatzeko, eta, hala, “bagarre”, “basquaise”, “basquine”, “bisque”, “buteur”, “cacolet”, “chistera”, “euskarien”, “gascon”, “orignal” eta “pelotari” agertu zaizkit. Hitz horiek guztiak ere ez datoz euskaratik; etimologia atalean “basque” hitza dutelako agertu zaizkit soilik. Esate baterako:
buteur, euse [bytZY, Vz] n.• 1932; « serveur à la pelote basque » 1904; de but. Joueur, joueuse qui sait tirer au but et marquer. Notre équipe manque de buteurs.
Halako hitzak alde batera utzita, beraz, frantses akademiaren hiztegiak emandako zerrenda berbera geratu zait, desberdintasun bakar batekin: Le Petit Robertek ez du jasotzen “pottok” (baliteke mailegu berri samarra izatea eta nik daukadan bertsioa zaharkituta egotea; hiztegiaren azken bertsioan bilatu beharko litzateke). Nolanahi ere, hauexek dira frantsesean euskaratik sartu diren 7 hitzak, hiztegien arabera:
bagarre, cacolet, chistera, euscarien, orignal, pelotari eta pottok
Horien artetik lau gardenak dira guztiz: “chistera” (xistera), “euscarien” (Euskal Herriari dagokiona), “pelotari” (pilotari) eta “pottok” (pottoka).
“Cacolet” ere, nahiz eta ez dirudien gaur egun gehiegi darabilgun hitza denik, aldaketa handirik gabe eta esanahi berberarekin sartu bide da frantsesean. Orotariko Euskal Hiztegiak dioen bezala, zaldi eta mandoen gainean jartzen zen egurrezko eserlekuari omen zeritzon kakolet:
kakolet (Lecl, H, T-L).
“Cacolets, sièges en bois recourbés et doubles pour voyager à deux sur un cheval, mulet… ou pour charger de droite et de gauche une bête de somme” H. “Bât, kakoletak” T-L. v. kakola, kartola. Kendu zazkon mandoari bere kakoletak. GAlm 1960, 16.
Geratzen zaizkigun bi hitzak dira beharbada bitxienak. Lehenengoa, “bagarre”:
BAGARRE n. f. XVIIe siècle. Emprunté du provençal bagarro, « rixe », qui, par le béarnais, remonte au basque batzarre, proprement « rassemblement ».
Bitxia dena da “bagarre” hitzak frantsesez ez duela “batzarre” esan nahi, borroka edo liskar baizik. Imajina dezakegu, beraz, nolakoak ziren XVII. mendeko euskaldunen batzarrak! (Edo, agian, euskaratik bearnesera eta hortik proventzalera igarotako hitza izanik, gure bizilagunei lepora diezaiekegu borrokazaletasuna…)
Azkenik, artikulutxo hau idaztera bultzatu nauen hitza, “orignal”:
ORIGNAL n. m. (pl. Orignaux). XVIIe siècle. Nom donné à ces animaux par les émigrants basques d’après oregnac, pluriel de orein, « cerf ». Nom donné à l’élan d’Amérique du Nord.
Ipar Ameriketako altzea da, beraz, “orignal”. Quebecera egin nuen lehen bidaian izan nuen hitz horren etimologiaren berri, eta, istorioak hainbat bertsio dituenez eta benetakoa zein den jakitea ezinezkoa denez, gehien gustatu zitzaidan aldaera kontatuko dut hemen:
Badirudi euskal arrantzaleak bakailao eta balea bila Ipar Ameriketako lurraldeetaraino joaten hasi zirenean (gaur egun Ternua, Labrador eta Quebec diren lurretara), hango algonkinekin eta beste amerindiarrekin komunikatzeko algonkin-euskara pidgina sortu zutela, XVI. mendearen inguruan, eta pidgin horretan “oreinak” esaten zitzaiela Ipar Ameriketako altzeei. Pidgina garatu eta gutxira, frantses kolonizatzaileek inguru haietan lur hartu zutenean, amerindiarrek “zurien hizkuntzan” ezagutzen zituzten hitzak atera zituzten “zuriekin” komunikatzeko, besteak beste “oreinak”. Frantsesek, orduan, Europakoaren antz handirik ez zuen altze hari bertakoek “orignac” edo “orignal” deitzen ziotela ulertu, eta halaxe beretu zuten hitz “amerindiar” hura. Ozeano Atlantikoa hemendik hara eta handik hona zeharkatu ondoren, beraz, Frantziako hizkuntza-akademiaren hiztegian sartu zen euskal jatorriko hitz hau.
Algonkin-euskara pidginak ba omen zituen euskaratik hartutako beste hainbat hitz (gorago emandako Wikipediarako loturan ageri dira gaiari buruzko erreferentzia interesgarriak), baina badirudi “orignal” izan dela frantses hizkuntzara igaro den hitz bakarra.