Joskurak

Iratxe Goikoetxea Langarika

Aurrekoan, esanahi bereko esaldi bi irakurri nituen albistegian:

  • Reala, Anoetan zazpigarrena erreskadan irabazi nahian.
  • Reala, Anoetan jarraian zazpigarren garaipenaren bila.

Ulertu, esaldi biak ulertzen ditugu, baina lehenengoa ondo josita dago, eta bigarrena ez. Garaipen hitza sartuta, Anoeta, jarrai eta zazpigarren elementuak horren osagarri dira, ez baitzen edozein garaipen, Anoetan segidan lortu nahi zen zazpigarrena baizik.

Izenlagunak sortzeko, -ren, -ko eta erlatiboak dira euskararen tresnak. Aspaldi honetan, ordea, izenlaguna beste kasu batzuekin josita ageri da askotan:

  • Egoera larriari irtenbidea eskatu dute.
  • Komunikatuari erreakzioak berehala etorri dira.
  • Jende asko batu da San Mamesen, Europari agurrean.

Hiru esaldiok gaztelaniaren ikuspegitik eginda daudela esango nuke (solución a la grave situación, reacciones al comunicado, adiós a Europa). Geurez, beste era batera esango genituzke: Egoera larriari irtenbidea emateko… Komunikatuaren ondoko erreakzioak… Europari agur esateko.

Orain urte batzuk, oker bataiatutako kirol proba bat zela eta ez zela egin behar izan genuen gogor: Urkiolara Rallya. Inork ez zuen zalantzarik egiten Bilbora autobusa ez zela zuzena, eta Bilbo(ra)ko autobusa esaten zela, baina rallyarena beste kontu bat zen, itxuraz.

Antzera gertatzen da, sarritan, bidaiak zozketatzen direnean. Batzuetan, esaldiko txatalak egoki josita aurkezten dira:

  • Saria, bi lagunentzako bidaia, Tenerifera [joateko].

Eta beste batzuetan, friselinaz doi-doi itsatsita daude:

  • Saria, Tenerifera bidaia, bi lagunentzat.

Esango genuke «Zer moduz Tenerifera oporrak»? Edo «Ikusi zenuen Mandelari omenaldia»?

4 erantzun “Joskurak” bidalketan

  1. “Arratera bidean, zerbait gertatu zen”: esango nuke horrelakorik irakurri izan dudala (Toribio Etxebarria, “Ibiltarixanak”?), eta entzun ere bai. Testuinguru mugatu horretan bakarrik: “…ra bidean”. Ez dit minik ematen belarrian.

  2. Bai, egia da ‘bide’-rekin holakoak esaten direla. OEHn aipamena dago: “La construcción -ra bide (sin el suf. -ko), ‘camino de (a)’, es relativamente escasa, y se encuentra (aparte de en Monho) en textos meridionales, ya desde Lazarraga.”

  3. Nire ustean, Iratxe, zure kezkak, sentitzen dut, ez dauka ez hanka ez bururik euskarazko ahozko zein idatzizko tradiziozko erabilerei begira. Eta gutxiago zure tonu eskumikatzaileak. Ez naiz orain antzeko adibideak ekartzen hasiko tradiziotik, baina nahikoa izango duzu zerorrek ere hartan pixka bat haztatzea zerorrek ekarri ahal izateko hala moduzko ehunka adibide.
    • Reala, Anoetan jarraian zazpigarren garaipenaren bila.
    da gaitzetsi nahi duzun lehen adibidea, “Anoeta, jarrai eta zazpigarren elementuak [garaipen izena]ren osagarri dir[elakoan edo]”. Baina joskeran nabarmen, ez Anoetan, ez jarraian dira kasuan garaipen izenaren osagarri, nahiz zuk hala esan edo hala nahi. Zuk honen aldean ontzat ematen duzun lehen esaldian ere (“ondo josita dago” diozu),
    • Reala, Anoetan zazpigarrena erreskadan irabazi nahian.
    berriro, ez Anoetan, ez erreskadan osagarriak ez diren bezalaxe inongo izenen osagarri, zuk ere ulertu bide duzun moduan, baizik eta kasuan elipsian-edo legokeen balizko aditz baten osagarri, bedi dabil, doa, abiatuko da…: Reala, Anoetan zazpigarrena erreskadan irabazi nahian [dabil, doakigu, abiatuko zaigu…]. Hemen ere elipsian-edo joan arren partidu-edo antzeko izena: Reala, Anoetan zazpigarren [partidu]a erreskadan irabazi nahian [dabil, doakigu, abiatuko zaigu…]. Nahiz noski kasuan eman ere zitekeen lotuta Anoetan sintagma ondoko zazpigarren [partidu]a sintagmari honen izenlagun modu: Anoetako zazpigarren [partidu]a  Reala, Anoetako zazpigarrena erreskadan irabazi nahian.
    Eta beste hainbeste hasierako esaldian ere: Reala, Anoetan jarraian zazpigarren garaipenaren bila [dabil, doakigu, abiatuko zaigu…]. Aurreko esaldian lez, kasuan Anoetan eta jarraian osagarriak zuzenean dirateke balizko aditz eliptikoaren osagarri, zertan izan (beharrik) gabe zazpigarren garaipen sintagmaren izenlagun, zein nolanahi erraz bihurtu litzakeen ere euskal senak: Reala, Anoetako jarraiko zazpigarren garaipenaren bila, kazetari estilo arina hainbat gehiago urratuko lukeena seguru asko, zuk aipatu jatorrizko esaldiak baino, nahiz zure ‘araupekoa’ izan.
    Xuxenek arazoa gehitzen digu ez baitu gustuko jarraiko izenlagun segida, agian Euskaltzaindiko Hiztegi Batuak jarrai bera ere baztertzen duelako izenondo erabileretatik. Euskaltzaindiak jarraian onartu eta arautzen badu baturako, pentsatzekoa litzateke ohi bezala jarraian + ko  jarraiko ote litzatekeen.
    Diozu “Aspaldi honetan, ordea, izenlaguna beste kasu batzuekin josita ageri da askotan” eta adibideak ematen (letra lodiak nireak):
    • Egoera larriari irtenbidea eskatu dute.
    • Komunikatuari erreakzioak berehala etorri dira.
    • Jende asko batu da San Mamesen, Europari agurrean.
    eta gaitzesten dituzu “gaztelaniaren ikuspegitik eginda daudela[koan edo]” (nonbait, gaztelania asko bide dakigu, edo gaztelaniari baino ez diogu begiratzen, edo…), eta bestelako segida hainbat luzeagoak proposatzen “geurez” “esango genituzke[enak]”. Ez dut uste ‘geure-eta’ horiek kasuan zure plural maiestatikoak diratekeenik, eta beldur naiz ‘geurez’ horren bidez ‘euskaldunok’ esan nahi ote duzun denak ere zure ahotik mintzo diratekeenak (noski ‘euskaldun on jatorrok’ eta ez espainolaren ereduak jarraitzen dituzten beste baztergarri horiek…). Proposamenetan, noski, goiko hiru esaldietan elipsian-edo ulertu litezkeen aditzak ematen dira agerian, eta horregatik ulertzen dira hain ondo eta dira euskaraz hain egokiak (beti nire ustez…):
    • Egoera larriari irtenbidea emateko…
    • Komunikatuaren ondoko erreakzioak…
    • Europari agur esateko.
    Baina antzeko eta egoki(ago?) izan litezke ere NORI datiboa erabili ordez bestelako sintagmak erabiliz, bestelako aditz komunztadurak edo bestelako aditz elipsiak, nahiz ‘zure ikuspegitik’ seguru asko antzeko arazoa lekarkizuketen:
    • Egoera larriarentzat irtenbidea eskatu dute.
    • Erreakzioak berehala etorri zaizkio komunikatuari.
    • Jende asko batu da San Mamesen, Europari [egin] agurrean…
    Ondoren,
    • Urkiolara Rallya.
    esamoldea gaitzetsi duzu tonu apokaliptiko samarrean “oker bataiatutako kirol proba bat zela eta ez zela egin behar izan genuen gogor. Inork ez zuen zalantzarik egiten Bilbora autobusa ez zela zuzena, eta Bilbo(ra)ko autobusa esaten zela, baina rallyarena beste kontu bat zen, itxuraz.”
    Baina esan ote lezake inork Autobusa Bilbora edo Rallya Urkiolara bezalako esamoldeak gaiztoak direla euskaraz, aditza elipsian beti, zeinahi propagandaren buruan. Eta euskara horren ordena libreko hizkuntza izanda, nola ez dira horiek bezain onak izango Urkiolara Rallya edo Bilbora autobusa bezalakoak? Noski, segida horietan guztietan elkarren ondoko sintagmak ez daude elkarri ‘sintaktikoki’ lotuak, justaposizioan emanak baino. Noski, sintagmak lotu nahi baditugu baliabide sintaktikoak erabiliko ditugu, eman dezagun Bilborako autobusa (beti Bilboko autobusa lakoak ohikoagoak izanda ere tradizioan). Baina hala ere, eta ordenari dagokionez, ez al dira ba Bilborako autobusa bezain zilegi eta ohiko euskaraz Autobusa Bilborako itxurakoak?
    Amaitzeko ez bide zaizkizu gustatzen bidai zozketetako hainbat joskura. Eta “txatalak egoki josita[kotzat]” ematen duzu esaterako:
    • Saria, bi lagunentzako bidaia, Tenerifera [joateko].
    nahiz ez dakidan zergatik ez duzun kasuan Tenerife ere jo nahi bidaia-ren osagarri zure logikan, eta bai derrigor bi lagunentzat edo bi lagunentzako (ze bide batez Saria, bidaia bi lagunentzako bezalakoak ere ez dut uste arazorik batere dutenik euskaraz, Saria, bidaia bi lagunentzat esaldiak ere ez bezala; edo ere Saria, bi lagunentzat bidaia bezalakoek ere). Zuk berriz “doi-doi itsatsita[kotzat]” duzu Saria, Tenerifera bidaia, bi lagunentzat esaldia, eta izango dituzu ere seguru asko antzekoak.
    Baina agian ‘ikuspegia’ da aldatu behar duzuna. Sintagmak kasuan ez daude ‘sintaktikoki’ ‘gramatikalki’ lotuak. Eta kitto. Beste lotura bat dute, semantikoa, unitate zabalago baten pareko osagai…
    Eta galdetzen duzu “esango ote genukeen «Zer moduz Tenerifera oporrak»? Edo «Ikusi zenuen Mandelari omenaldia»?” bezalakoak, eta seguru asko arrazoi izango duzu bitxi(ago)ak-edo behintzat badirelakoan, hauek ‘esaldi osoak-edo’ diren neurrian eta ‘josiagoak’ zu goian aipatzen etorri zarenak baino. Nolanahi, esaldi biek ere, lehenak batez ere -sintagma adlatiboa libreagoa-edo delako ohituraz-, baina are bigarrenak ere -nahiz sintagma datiboa askoz bitxiagoa gertatu kasuan noski-, asko irabaziko lukete ordena aldaketa sinplez, Zer moduz oporrak Tenerifera? edo «Ikusi zenuen omenaldia Mandelari? gisan. Edota Zer moduz oporrak Tenerifen? Zer moduz oporrak Teneriferaino?…
    Hizkuntza kontuak ez baitira arau matematiko, erabilera sozialeko baizik, zail da ‘dena’ hizkuntza ulertu ahal izateko modu bakarrera ekartzea (‘denak sintaktikoki beti modu bakar eta berean behar du egon lotuta’ eta antzekoak…), eta maiz da hobe ‘hizkuntzaren adierazpen aukera aberatsez’ hitz egitea, eta honen konbinaketa aukera desberdinak baliatzeaz, hauek etengabean murriztu nahian ibili ordez ‘jatorrismoaren’ edo besteren izenean, azkenean denok dakigularik hobeto ‘nola hitz egin beharko genukeen’ benetan fundamentuz eta komunikatiboki hitz egiten baino.
    Nire iritziak…

  4. Urrutira gabe, aspaldian dabiltza honelakoak mota eta maila guztietako testu idatzietan (eta badirudi onetsi samartuak daudela):

    – Bittor Hidalgori elkarrizketa [normalean predikaturik gabe]
    – Filologian doktorea da

    Bestalde, duela pare bat urte Amurizak horrelako joskeren alde egin zuen, kasu guztietarako, komunikazioa eta esaldiaren zama arintzen dutelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude