Iratxe Goikoetxea Langarika
Aurrekoan, esanahi bereko esaldi bi irakurri nituen albistegian:
- Reala, Anoetan zazpigarrena erreskadan irabazi nahian.
- Reala, Anoetan jarraian zazpigarren garaipenaren bila.
Ulertu, esaldi biak ulertzen ditugu, baina lehenengoa ondo josita dago, eta bigarrena ez. Garaipen hitza sartuta, Anoeta, jarrai eta zazpigarren elementuak horren osagarri dira, ez baitzen edozein garaipen, Anoetan segidan lortu nahi zen zazpigarrena baizik.
Izenlagunak sortzeko, -ren, -ko eta erlatiboak dira euskararen tresnak. Aspaldi honetan, ordea, izenlaguna beste kasu batzuekin josita ageri da askotan:
- Egoera larriari irtenbidea eskatu dute.
- Komunikatuari erreakzioak berehala etorri dira.
- Jende asko batu da San Mamesen, Europari agurrean.
Hiru esaldiok gaztelaniaren ikuspegitik eginda daudela esango nuke (solución a la grave situación, reacciones al comunicado, adiós a Europa). Geurez, beste era batera esango genituzke: Egoera larriari irtenbidea emateko… Komunikatuaren ondoko erreakzioak… Europari agur esateko.
Orain urte batzuk, oker bataiatutako kirol proba bat zela eta ez zela egin behar izan genuen gogor: Urkiolara Rallya. Inork ez zuen zalantzarik egiten Bilbora autobusa ez zela zuzena, eta Bilbo(ra)ko autobusa esaten zela, baina rallyarena beste kontu bat zen, itxuraz.
Antzera gertatzen da, sarritan, bidaiak zozketatzen direnean. Batzuetan, esaldiko txatalak egoki josita aurkezten dira:
- Saria, bi lagunentzako bidaia, Tenerifera [joateko].
Eta beste batzuetan, friselinaz doi-doi itsatsita daude:
- Saria, Tenerifera bidaia, bi lagunentzat.
Esango genuke «Zer moduz Tenerifera oporrak»? Edo «Ikusi zenuen Mandelari omenaldia»?