Hitzarmenak salatzearen inguruan

Koro Garmendia Iartza

Maiz pentsatu dut euskaraz egokia ote den kontratu, itun edo hitzarmenen azkentzeari lotuta salatu aditza erabiltzea. Dagoeneko barneratuta dago, aski zabalduta, eta bere horretan jarraituko du seguruenera, baina iruditzen zait gogoeta egitea bederen merezi duela.

Hobeto kokatuko zaituztet. Arlo juridikora hurbilduko gara. Hitzarmenek indarraldi zehatz bat izaten dute, hitzarmenean bertan finkatzen dena, eta bitarte horretan ituneko aldeentzat loteslea izango da hartan xedatutakoa. Alabaina, epe hori agortu baino lehen, aldeetako batek hitzarmena bertan behera uzteko eskaera ere egin dezake, eta, asmo hori adierazteko, hitzarmena salatu egiten duela esan ohi da. Baldintza batzuk bete behar ditu horretarako: eskaera idatziz egitea, zergatiak adieraztea, behar besteko aurrerapenarekin egitea, eta abar. Pentsatzen dut azalpen xume horiekin lekutu zaretela, nolabait.

Denunciar aditzak, gaztelaniaz, hainbat adiera ditu; oro har, lau dituela esan genezake: a) agintaritza bati legearen aurkako delitu edo ekintza baten berri ematea; b) ezkutuan dagoen zerbait azaleratzea; c) bidegabea den zerbait publikoki zabaltzea; eta d) alderdi batek besteari kontratua edo ituna indargabetzeko asmoa duela jakinaraztea. Laugarren adiera hori da hizpide daukadana. Ikusten duzuenez, salatu aditzari oro har ematen diogun esanahiarekin baino lotura handiagoa dauka, nolabait, asmo bat ezagutaraztearekin edo abisatzearekin.

Euskaraz, aditz hori nolabait eman behar, eta salatu egokitu zaio ‒denuntziatu ere ikusi dut‒; beharbada, zentzurik zabalena eta zabalduena aurkitu duelako bertan. Ez dakit nik, ordea, euskarazko aditza ez ote dugun nolabait berezkoa ez duen zentzu bat bereganatzera behartu. Denuntziatuk badu ‒edo, behintzat, izan du‒ abisatzearen zentzua, Orotariko Euskal Hiztegiak erakusten digunez, baina ez dut salaturen kasuan halakorik topatu. Oker egon ninteke, hala ere, eta nik uste baino tradizio luzeagoa izan lezake beste bide horretan.

Besterik ere gertatuko zen, agian: nonbait eta noizbait, salatu aditzaren esparrua zabaltzeko hautua egitea, eta hasiera batean eman geniezazkiokeen adierei Zuzenbidearen esparruan egun ematen zaion zentzua eranstea, usu gertatzen baita hori hizkera juridikoan; hots, hitz batek berak esanahiaren aldetik xehetasun desberdinak izatea hizkera arruntean eta legelarien artean.