Borja Ariztimuño Lopez
Etimologia da, segur aski, hizkuntzarekiko zeregin kuttunena euskaldunontzat. Tira, egia esan behar bada, ez gara oso bereziak horretan ere, zeinahi mintzairatako hiztunen liluragarri gertatu ohi baita jakintzaren adar edo diziplina hau, maiz (< lat. magis) diziplinatik eta jakintzatik urrunduxe bada ere.
Nahiz eta bestelako asmoz zatekeen, adibide polita ekarri zigun iaz (ez aspaldi, hargatik) Bakartxo Arrizabalagak, eta hari hari tira eta tira, hargatik (esan nahi baita, harengatik), honaino iritsi naiz.[1]
Arrazoi zuen esatean hargatik kausala ez dela kontzesiboa bezainbeste erabili izan tradizioan. Orotarikoak lehen adieratzat bigarren hori ematea zantzu argia dateke (horregatik azpisarreran, izan ere, alderantziz gertatzen da), baina, ezin uka daitekeena da kausal zentzua duela zaharren, eta ezezko, galderazko edo zenbait lokailuren (baina, ere) testuinguruetatik abiatuta garatu zuela bestea. Horrela, Hiztegi Batuan horregatik eta hargatik formek badute sarrera, lok. laburdurarekin. Badira, dena den, kausa-adierarik gabeko bi aldaera: horratik eta haatik. Aurrekoen gramatikalizazio-bidean higaturiko formak dira, jakina, eta ondo erakusten dute nola iraun dezaketen hizkuntza batean (euskaraz ere bai, jakina) hitz beraren bizpahiru aldaerak (haien jatorria edo jatortasuna gorabehera), zein bere berezitasun fonologiko, morfosintaktiko eta semantikoekin.
Gramatikalizazio adibide batzuk aipatzekotan, hortxe dugu are : hain : haren hirukotea (*har erakusle zaharraren genitiboko forma ezberdinetatik), edo ari : hartu, morfema zahar-berriekiko partizipioak, lehenbizikoa aditz-partikula aldaezin bihurturik (cf., alde batetik, Etxepareren haritu ‘hartu’ pleonastikoa, eta, bestetik, lapurterazko hari ‘ari’ itxuraz zaharragoa).
Azken horien antzera, baina lexikalizazio bidez sortuak, bizi : biztu/piztu eta sari : saldu bezalako bikoteak aipa daitezke; orobat gertatu bide da urte ‘hamabi hilabeteko aroa’ eta urtze ‘desizozte, lurmentze’ hitzekin. Nire gogokoenetako bat zuzi da, aldamenean suziri duena.
Bestelako hitz «errepikatuak» ere baditugu, bereziki aditzak, zeinak arrazoi fonologikoengatik itxura aldatu eta bi aldaerak gorde dituzten, adiera ezberdinez: ebagi zaharretik epaiten aditz-izena atera zen eta hartatik epaitu sortu, Hiztegi Batuan ebaki : epai(tu) bikotea utziz. Halaber, egotzi (→ ekoizte) : ekoitzi. Eta abar. Areago, badirudi igurtzi eta ekortu ‘erraztatu’ ere erro berekoak direla (cf. igurdi ‘igurtzi’ eta egordi ‘ekortu’ aldaerak).
Erraztasun osoz ezberdintzera eta erabiltzera ohitu garen hirukote bikain bat ere badugu Hiztegi Batuan: ontasun, ondasun eta ogasun (hirurak on hitzari -(t)asun atzizkia gehituaz osatuak; cf. ekialdeko on(h)asun).
Ondoko adibide honekin, berriz, argi ikusten da nola geratzen den hitzetan esanahi zaharren arrastoa, eta nola ari den hizkuntza etengabe berritzen, antzeko bilakabideak (batzuetan berberak!) pairatuz: har ditzagun hil ‘hilabete’ eta ilargi hitzak lehenik; ziurrenik euskaldun orok barruan daraman filologoak berehala esango luke horien artean harremanen bat egon behar dela. Batzuk (ene ustez erratuta) ibili dira eta ziurrenik segitzen dute, il-argia ‘hilen argia’ delakoan, gure arbasoen mundu-ikuskeraren erakusgarri (harako hilerri ‘hilen bizi(?)toki’ hura bezala[2]). Bada, ez. Mitxelenak aspaldi erakutsi zigun, beste hainbat hizkuntzatan bezala (urrutira joan gabe, konparatu ingelesezko moon eta month), denborazko unitatearen izena eta gaueko argizagi nagusiarena bat eta bera izan dela euskaldunontzat ere: hil (cf. ilen ‘astelehen’ eta latinezko lunae (dies), edota ilgora/ilbehera hitzetako lehen zatia). Anbiguotasunak direla-eta (baina ez beti) hiztunek forma berriak asmatu ohi dituzte, eta normalean kontzeptu arrunt-erabilienak eraman ohi du sari hori. Gure kasuan argi hitza erantsirik il(h)argi sortu genuen (edo, bestela, hasieran ‘ilargiaren argi’ esanahia zukeena ‘ilargi’ esateko baliatu).[3] Denok ez bide genuen, horratik, berdin jokatu: hitzik gabe geratu zen kontzepturako ilargi-argi eratu zen, zeina bizkaieradunek iretargi bilakatu zuten, zeinak ‘ilargi’ esanahia ere bereganatu zuen, ostera ere. Erronkarin, aldiz, goiko hitzari esleitu zioten ‘ilargi’ adiera, bai eta, zuberotarrekin batera, argizagi hitzari ere.[4]
Bukatzeko, putz erroaren gainean eraikitako familia jostagarria aipatuko dut: putz egin, puztu, (p)uzker, buztan (cf. butz aldaera), uzki… Eta eguzki? Egunaren… auskalo!
[1] Argi dezadan aipatzen ditudan etimologia eta azalpenak ez direla neronek asmatuak, baizik eta han-hemenka (batik bat Mitxelenaren lanetatik) bildutakoak.
[2] Toponimian ere agertzen da -erri atzizkitua, ‘alor, inguru’ esanahiaz (cf. hiri hitzaren eta -iri atzizkiaren arteko erlazioa ere: Lakarra 2010: 222-227).
[3] Modu berean azalduko nuke il(h)un ere, hau da, ez ‘hil(dako)en (g)une’ batetik, baizik eta hain mistikoa ez, baina hura bezain poetikoa den ‘ilargiaren une’ (= ‘gau’?) inoiz garden izandakotik; horretarako, hala ere, gau hitzaren nondik norakoak ere azaldu behar, eta… Hala eta guztiz ere, ezin bide dakieke uka urruneko loturarik bi hil-ei, a priori.
[4] Ricardo Gómezek jakinarazi dit XVII. mendeko lan batean yrarguia hitzari beste esanahi etimologiko bat ematen zaiola, zuzena izan zein ez guztiz aipagarri iruditu zaidana: ‘luz mensual’.