Irantzu Epelde Zendoia
Irundarren hizkuntza ohitura eta erabileren berri ikusteko eta ikasteko leku aproposa da Irungo Udal Musika Eskola eta Kontserbatorioa. Arratsaldeetan, joan-etorri handiko ataria izaten da Kontserbatorioko eraikin gotorraren sarrera nagusia: umeak, gazteak, gurasoak eta aitona-amonak sartu eta irten, etengabe, tresnak bizkarrean edo lepotik zintzilik, gehienak.
Azken urteetan, poza ematen du euskarak bertako familien aho-ezpainetan, apurka-apurka eta nekeziak nekezia, gora nola egin duen ikusteak, ez bakarrik gurasoekiko hartu-emanetan, baita haur eta gazteak beraien artean eta beste inor ikusmiran ez dutela ari direnean ere. Hiri erdalduna da Irun; erdalduna, oro har, eta mugako hiria izanik, gainera, ezaugarri bereziak dituena. Ez naiz inoiz bertan bizi izan, baina gertu samar daukat bizitokitik, eta badaukat esatea aski ongi ezagutzen dudala. Irundar batzuk ere bai, eta badakit horietako askok azken urteetan ahalegin handia egin dutela, eta guztiz beharrezkoa, hirian eta bailaran euskara biziarazteko. Horretan ezin da, nire ustez (eta garbi esanda, kide izan gabe), aipatu gabe utzi Irun Iruten elkarteak euskara hauspotzeko egin duen eta egiten duen lan eskerga.
Horiek denak nerabiltzan neure artean, kolore eta neurri guztietako paper muturrez josita egon ohi den iragarki oholari begira nenbilela, lehengo batean. Halako batean, begira eman zidan erdi parean gelditzen zen oharretako batek, osoki euskaraz idatzita zegoelako, beharbada. Honelako zerbait jartzen zuen:
Lepoko erloju bat galdu da.
Lepokoa kolgante bola bat da, eta barruan erloju bat du.
Kolgantea enara baten irudia du.
Aurkitu baduzu, mesedez, idazkaritzan utzi.
Eskerrik asko.
Pentsatu nuen bailaran oso arrunta dela kasu ergatiboa ez markatzea ahozkoan (hiztun edadetuak alde batera utzita), baina gutxiagotan ikusi izan dudala idatzizko testu batean, hau labur-laburra bazen ere. Jende eskolatu gehienak ergatiboaren araua ongi ikasia duela pentsatu nuen, eta idatzian eusteko joera izaten dela, askotan behintzat.
Jo dut ‘Egungo gazte mintzairaren hainbat ezaugarri’ lanera[1], Iruñerriko gazteen ahozko jardunetan nolako adibideak topatuko. Hara hemen:
Bai, ni egin dut.
Udala egiten du.
Ni ez daukat ezta hori.
Hori ni daukat disket batean.
Ni egin nituen.
Ni ez dut inprimagailua.
Hara. Adibide horiek ikusi orduko, beste zerbaitek eman dit begira: pertsona izenordainak dira ia denak, eta hain zuzen kasu horietan askoz ere naturalagoa egiten zait, niri behintzat, batere subjekturik ez agertaraztea ahoz, euskarak bere-berea duen legeari segika. Lege hori indarra galtzen ari da, nonbait, zenbait eskualdetan.
Subjektu ergatiboaren eta aditz iragankorraren arteko komunztadurarik ezak ez ninduke harritu behar gaurgero, luzaz entzun izanagatik euskarak behar-beharrezkoa eta ezin utzizkoa duela ergatiboa markatzea, anbiguotasunak saihesteko eta subjektua subjektu dela garbi adierazteko. Hots, bestela esanda, hiztunak esan nahi duen hura solaskideak behar bezala ulertu ahal izateko. Ez dago hurrean! Inork zalantzarik ba ote luke, bestela, goiko ohar hori irakurtzean, enara baten irudia duena zintzilikarioa dela?
Beharbada, ergatiboa ez markatze horretan mailak eta mailak daude, eta akaso ez da gauza bera izen soil bat markatu gabe uztea, pertsona izenordain baten aldean. Ergatiborik markatzen ez duten hiztunetan, edo batzuetan bai-besteetan ez egiten dutenetan, ez dut uste xehetasunez ikertu denik zein ingurunetan bai eta zeinetan ez, zein hiztun motak bai eta zeinek ez. Hizkuntzaren herdoildurarekin lotua egon daiteke gertakari hau, baina, beharbada, ez beti. Okerreko bidetik ote nabil?
[1] Ibarra, O. 2011. “Egungo gazte mintzairaren hainbat ezaugarri”, ASJUren gehigarriak LXIX, 70. or.
Bada, nahiko xeheki aztertua dago ergatiboaren kontua beste hizkuntza askotan (gramatikaren beraren barnean; ikerlan soziolinguistikorik ez dut ezagutzen). Baliteke gure kasuan herdoildurak/gaitasun-maila ezberdinek zerikusirik izatea, batzuetan (askota, gehiegitan…), baina badira hizkuntzaren baitako arrazoiak ere (gauza bera esan daiteke “ikusi diot” bezalakoez).
Adibide bat jartzekotan Dixon-en “Ergativity” liburuko hau (1994: 105):
Brasilgo Kuikúro hizkuntzak, perpaus-modu “interaktiboetan” (“imperative, hortative or intentional”), honako banaketa egiten du:
– Agentea (aditz iragankorretako subjektua) 1. pertsona singularra edo plural “inklusiboa” bada (ni + zu (+ beste)), EZIN da ergatibo-marka jarri.
– Agentea 2. pertsona edo 1. plural “esklusiboa” bada (ni + beste (baina zu ez)), ergatibo-marka HAUTAZKOA da.
– Agentea 3. pertsona bada ergatibo-marka NAHITAEZKOA.
Hau adibide bat besterik ez da, eta badira beste hainbat aldagai eta parametroren araberako banaketa gehiago ere, betiere “logika” edo hierarkia bati edo besteri jarraitzen diotenak.
Barka Irantzu! “Hiztunetan” jartzen duen tokian “hizkuntzetan irakurri dut…
Parentesi artean aipatu dudan moduan, ez dut ezagutzen “hiztun-arteko” ezberdintasun horren inguruko ikerketarik. Gai interesgarria da, eta datu tipologikoekin konparatzeak ere baduke interesik (esango nuke harremanen bat egongo dela “ergatibo-erdibituko” hizkuntzek eta aipatzen dituzun hiztunek erakusten duten mailakatze horretan, aldagai semantiko-kognitiboekin lotua den heinean).
Kaixo,
Erreparatu izan diot ergatiboa ez markatze edo makur markatze horri, eta esanen nuke aipatzen duzun moduan herdoilak zerikusi handia duela (adinekoen ahozko kontu hori gorabehera) eta mailakatua izan daitekeela. Nire irudipena da badagoela jende multzo bat esaldietan ‘-k’ nonbait sartu beharra dagoela pentsatzen duena baina ez duena ergatiboaren tasuna ulertzen. Oraindik eta gehiago esan behar banu, belarriz ikasi dute noiz sartu behar den ‘-k’ eta noiz ez. Alegia, ‘-k’ entzungarri den testuinguruan sartzen dutela hizkia. Adibidez, subjektuaren ondoko hitza bokalez hasten denean (“niK Ez naiz” edo “niK Etorri naiz”, baina “ni Daukat”. Hiztunak ez du ‘-k’-rik entzuten euskaldun jatorrak testuinguru horretan darabilenean: [Ni_Taukat]. Gainera, diozun moduan, horrelako hiztunek kasik sistematikoki erabiltzen dute izenordaina, noiz eta subjektua ezkutuan joan daitekeenean. Ibarraren adibide horiek ez datoz bat nire hipotesiarekin, baina esanen nuke hiperzuzenketa ere egon daitekeela “ni ekarri dut” eta horrelakoetan. Orduan, hiztun multzo hori ez da jabetzen ergatibitateaz, eta, belarriak aginduta, testuinguru bat moldatu du, ‘-k’ ausazkoa izan ez dadin.