Oi, gu hemen, bidean galduak… (eta II)

Alfontso Mujika Etxeberria

Honela bukatu nuen joan den hileko idazkitxoa:

«(…) harrigarri baino harrigarriagoa iruditzen zait Euskaltzaindiak, batetik, amankomun, abarrots eta ainitz baztertzekoak direla esatea, eta, bestetik, amankomun nahiz komun, abarrots nahiz harrabots eta anitz nahiz ainitz idatz dezakegula esatea.»

Badakit gerora Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzuan galdetu dutela ea ainitz eta amankomun hitzen grafia zuzena zen, eta, Euskaltzaindiaren hiztegian onartuak zirela erantzun kriptiko-aseptikoa jaso ondoren, galdetu zutela ea ulertu beharrekoa zen, ondorioz, Hiztegi Batua —grafiak erabakitzeko egindako hiztegia— gaizki zegoela. Orduan, erantzun hau jaso zuten:

«Bai, Hiztegi Batua zaharragoa da Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak delakoaren aldean, eta azkeneko horrek dakarrenak agintzen du.»

Jagonet zerbitzuaren erantzun azkarra izan zen, eta ez zen noski inongo batzorde-bilera edo batzarrik egin hori erabakitzeko. Ez dakit, beraz, zenbateraino den erantzun hori erabaki ofizial baten ondorioa. Nolanahi ere, marka da gero: Euskaltzaindiak grafiak erabakitzeko hiztegi bat egin du, eta hiztegi horixe da Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daitekeen bakarra. Han debekatzen diren grafia batzuk, gero, ontzat eman dira beste hiztegi batean, hiztegi ofiziala izanagatik Euskaltzaindiaren webgunean kontsultatu ezin den hiztegi batean. Zenbat eta zein dira hitz horiek? Ezin jakin. A letran, hiru aurkitu ditut nik. Gaur, B letrako adibide bat utziko dut hemen:

Hiztegi Batua:

                biper* e. piper

Euskaltzaindiaren hiztegia:

                biper iz. Ipar. Piperra.

Tira, ez nuke nahi gai honekin gogaikarri gertatu. Bego horretan. Beste alde batetik jarri nahi ditut aurrez aurre Hiztegi Batua eta Euskaltzaindiaren hiztegia, erakusteko ez dela bigarrena lehenengoaren hiztegi osoa bakarrik, Euskaltzaindiak berak hala zela esan bazuen ere liburuaren aurkezpen-hitzetan.

A letran bakarrik, 19 azpisarrera berri aurkitu ditut, Hiztegi Batuan falta direnak. Hiztegi osora estrapolatuz, 200 inguru izan litezke guztira. Hona hemen A letrako azpisarrera berriak:

SARRERA AZPISARRERA BERRIA
abere abere beltz Txerriaren motako aberea. Lokatzetan, abere beltza bezala
absolutu balio absolutu Mat. Zenbaki erreal batek plus/minus ikurra kontuan hartu gabe duen balioa.
adeitasun adeitasunezko izlag. Adeitasunezko trataera. Adeitasunezko agurra.
afari afaritako Afaltzeko. Afaritako lekua. Afaritako ez zela falta arraina saltsan.
agur agur t’erdi Agur egiteko erabiltzen den adeitasun esapidea. Agur t’ erdi, ongi etorri jauna. Agur, Jon Arrospide, agur, agur t’ erdi, zeru goienetan, atsedendu bedi.
ahamen ahamen bat ere ez izan Ezer ez izan. Ahamen bat ere ez dut.
ahantzi ezin ahantzi(zko) Ezin ahaztuzkoa. Ezin ahantzizko amesgaizto bato Hemen iragan minutu ezin ahantzizkoak. Ezin ahantzia da amaren hegala.
ahots ahots korda, ahots-korda Zintzurreko mintzezko tolesturetako bakoitza, dardaratzean ahotsa sortzen duena. Ahots kordak urratuta zituen. Ahots korda bat moztu behar izan dizugu.
aitaren aitaren egin orduko Aitaren batean. Aitaren egin orduko ezkutatu zitzaidan.
aitor aitor oneko Esker onekoa. Zaldun hau aitor anekoa da Jainkoarekin.
akuilu akuiluaren kontra ostiko egin Norbait bere buruaren kaltean ari izan.
alde aldetiko izlag. (-en atzizkiaren eskuinean). Mamiaren eta formaren aldetiko ikerketak.
aldi aldian-aldian Noizean behin. Gozokiak jan eta jan ari zara, aldian-aldian lagunari ere eskainiz.
alokairu alokairuan adlag. Errentan. Etxebizitza asko jarriko dituzte alokairuan. Alokairuan hartu dituzte lurrak.
anaiarte anaiarteko 1 izlag. Anaitasunezkoa. Anaiarteko bazkaria. Anaiarteko giroan. 2 izlag. Senideen artekoa. Anaiarteko gerra, borroka, gorrotoa.
arma arma zuri Burdinazko edo altzairuzko xafla duen arma ebakitzailea.
arte arte galeria, arte-galeria Artelanak erakusten edota saltzen diren aretoa.
arrautza arrautza(k) egin Arrautzak kanporatu. Ik. errun. “Jonasek gorde dezala” esaten da oiloak arrautza egiten duenean.
aurrez aurrez ikusi Aurrez ikusi ezin ditugun aldaketak gerta daitezke. Aurrez ikusia zegoena aspaldi-aspaldidanik, heldu da azkenerako patuaren izenean. Erantzunak aurrez ikusi.

Badira tartean esamoldeak (agur t’erdi, ahamen bat ere ez izan, aitaren egin orduko, akuiluaren kontra ostiko egin), badira izenlagunak (aldetiko, adeitasunezko anaiarteko), adizlagunak (alokairuan) eta bestelakoak. Eta badira terminoak ere. Batez ere, terminoek eman didate atentzioa. Zeren arabera erabaki ote da haiek sartzea eta beste batzuk ez sartzea? Erabilera-maiztasuna ez da izan irizpidea, ziur naiz.

Zergatik sartu da ahots-korda eta ez, adibidez, ahots-talde, ahots-musika, ahots zuri…?

Zergatik sartu arma zuri bai eta ez, adibidez, arma labur, arma astun, arma nuklear…?

Zergatik sartu da arte-galeria eta ez, adibidez, arte abstraktu, arte klasiko, arte-eskola, arte-ondare edo labar-arte? Zertarako sartu arte-galeria azpisarrera, gero, galeria sarreran, adiera hau dagoenean:

galeria 4 iz. Artelanak, batez ere margo eta eskultura lanak, erakusten eta saltzen diren tokia. Kaiua galerian Cristina Zelich-en argazkiak ikusi ahal izango dira. Arte-galeria 1968ko otsailean ireki zuten.

Eta zer axola dio? esango duzu, beharbada. Arrazoi duzu, nori dio axola? Ez da inolako arazoa azpisarrera horiek hor egotea, jakina, ez dut hori kritikatzen. Inon adierazi gabe eta ezkutuan bezala horrelakoak sartzea gertatzen zait harrigarria. Eta zergatik gertatzen zait harrigarria? Hiztegi batean (jakina) aurkitu dut erantzuna:

Déformation professionnelle is a French phrase, meaning a tendency to look at things from the point of view of one’s own profession rather than from a broader perspective. The implication is that professional training, and its related socialization, often result in a distortion of the way one views the world.

Eta zu, itzultzaile, libre zaude horrelako deformaziotik?