Iñaki Iñurrieta Labaien
Lehenago ere agertu da hemen euskarazko bikoizketaren auzia, horretaz nik baino gehiago pentsatu duen jendearen eskutik agertu ere, baina azkenaldian gai horri buruz aritzeko parada izan dudanez[1], berriro ekarriko ditut hona han-hemen irakurritako zenbait ideia eta arrazoi, gaiak buelta gehiago ematea merezi duelakoan.
Euskarazko bikoizketa arkeologia izango da laster, zioen Asier Larrinagak hemen duela urtebete. Nonbait, goi-mailan hartutako erabakia da hogeita hamar urtean egindako bideari amaia ematea. Eta larria sortzen dit horrek, larria sortzen dit pentsatzeak erabaki horrekin batera hemendik aurrera filmek, telesailek, ez dutela euskaraz egingo, hemen sortutako bakan batzuk izan ezik.
Gogoan dut nola, aspaldi batean, euskal telebistarik ez zegoenean, lagun batek galdetu izan zidan inoiz ea nola egiten nuen ametsetan, euskaraz ala erdaraz, “¿Tú sueñas en euskera o en castellano?”, horrela neurtu nahian-edo zenbateraino nintzen euskaldun.
Euskara ametsetarako, hau da, imajinatzeko balio duen hizkuntza izan dadin, ikus-entzunezkoetatik datozkigun mezu eta historiak ere euskaraz jaso beharko ditugu. Esan nahi dut: euskaraz ere izan beharko dugu aukera mundu zabalean kontatzen direnak ikus-entzuteko; lurralde miresgarri zein izugarrietan, iragan amestuetan edo etorkizun zientzia-fikziozkoetan ere gertatzen direnak. Hala ez bada, irudimena euskaraz ere bazkatzen ez badugu, erdara are gehiago jabetuko da gure ametsez, eta euskarak gero eta etorkizun mehar, motzagoa izango du. Nahikoa arrazoi izan behar luke horrek dagokionak auzi estrategikotzat har dezan lehen mailan jartzea euskarazko fikzioa. Euskaraz sortua eta euskarara ekarria.
Bikoizketaren kontra, bi argudio erabili ohi dira nagusiki: bat, ez da lortu bikoizketan erabilitako euskara sinesgarri egitea; bestea, bikoizketa garestia da.
Lehen argudioaren arabera, orain arte erabili den euskarak ez digu askorik balio irudimena garatzeko. Egia da gauzak hobeto egin daitezkeela. Euskara sinpleagoa, errealagoa, ulergarriagoa behar dugu, zioen Fermin Etxegoienek, eta estetika aldarrikatzen zuen etikaren gainetik. Arrazoi du, ziur asko, baina, berak emandako adibidea erabiliz, ez dut ulertzen zertan den estetikoagoa «kokodrilo», «krokodilo» baino. Dagoeneko normaltzat jotzen dugu krokodilo idaztea, baita esatea ere askok. Astebetean dozena bat aldiz entzunez gero, laster normaldu liteke edozein hitz, belarrian lehenik, ahoan gero; nahikoa da orain darabilgun hiztegia eta duela hogeita hamar urtekoa konparatzea, ikusteko zenbat hitz orduan berri arruntak zaizkigun gaur.
Gauzak hobeto egin daitezke, bai, baina euskara sinpleago, errealago, ulergarriago horrekin batera, nahitaez joan beharko dute ale berriek, gauza asko ditugu-eta esan gabe euskaraz; baita sinpleak diruditenak ere. Has zaitez euskara naturalean esaten «A sus órdenes, mi capitán», berehala etorriko zaizu norbait esanez hori ez dela erreala (baina norbait horrek gero ez du auzitan jarriko «¡Señor, sí, señor!» esaldi irrigarria, ondo janda dauka marine estatubatuarrek horrelaxe hitz egiten dutela).
Ohiturak sortzea da kontua, hots, ikus-entzunezkoetan betiere elementu berriak aurkitze hori ere ohitura bihurtzea da kontua. Euskarari ere, elur-bolari elur berria nola, ale berriak itsatsiko zaizkio ibili ahala, eta laster geratuko dira barneratuta –normalduta–, bolak handitzen jarraitzen badu.
Bigarren argudioak, ekonomikoak, dio bikoizketa garestia dela; film bat bikoizteko behar den diruaz lauzpabost film azpidatz daitezkeela. Baina horri beste konparazio hau jar dakioke parean: Goenkaleko kapitulu bat egiteko behar den diruaz, lau film bikoitz daitezke. Jakina, behar-beharrezkoa dugu geure soziologian, geure paisaia naturalean oinarritutako fikzioa, baina plantea daiteke beste hau ere: euskaraz irudimen-beharrak asetzeko, Goenkale saila bezain interesgarria litzateke Filmografia Unibertsala bilduma bat (Asier Larrinagak lehenago hemen bertan botatako ideia), filmak nahierara –bikoiztuta eta azpidatzita– ikusteko aukerarekin.
90eko urteetan, EITBk hamar bat urte zituenean, egoera soziolinguistikoan izandako eragina aipatzen zuten adituek[2]: hizkuntza-eredu estandarra hedatzen eta finkatzen, euskal aho-belarriak forma berrietara ohitzen izandako eragina; eta aurrera begira hori areagotu egingo zela uste zen, telebistak funtsezko eginkizuna izango zuela euskararen normalizazioan.
Ikus-entzunezkoen paisaia erabat aldatu da ordutik hona; orain, euskarazko telebista aukeratxo bat da beste ehunen artean. Horrexegatik komeni zaigu ditugun baliabideak –tartean, bikoizketa– hobeto erabiltzea. ETBko filmak tokiko telebistetara iristea, Zinema Euskaraz bideoklubetara, Filmografia Unibertsala bilduma izatea… Urtzi Urrutikoetxeak aipatzen zuen eredua –Europako beste zenbait herrialdetakoa: filmak-eta jatorrizkoan eta azpidatzita ikustea– motz geratuko litzaiguke guri; bikoiztutakoak ere behar ditugu: han bertako hizkuntza askoz egoera normalagoan bizi da, arnasgune gehiago ditu.
[1] UEUk eta EHUk antolaturiko Itzulpengintza eta Teknologia graduondokoan.
[2] Etxebarria, I. (1994): “Doblaje y subtitulación en Euskal Telebista”, in Eguíluz, F. et al. (arg.), Trasvases culturales: literatura, cine, traducción, EHU, Argitalpen Zerbitzua.
Iepa Iñaki, hitzaldi bat prestatzen nabil, Lekeition emateko Otsailaren 22an. Joxerra Gartzia eta Jon Sarasua ere izango dira bertan, nor bere harrikadarekin.
Honatx, nirearen lehen lagina, komenigarria jotzen dudan ohiko estilo zabarrean idatzirik. Zure kezkari dagokionez, ni ez nago bikoizketaren kontra, baizik eta zabaldu izan den bikoizketa eredu linguistiko ulertezinaren kontra. Horri lotuta dagoelakoan, ondorengo lerrootan dituzue, inork irakurtzeko pazientziarik baldin badauka, Lekeition botako ditudan batzuk.
Nire gaurko hitzaldiak diskurtso nagusiarekin bat ez datozen bi kontu izango ditu abiapuntu:
Bat; esaten da euskararen erabilera urriaren arazoa, batez ere arazo politikoa dela eta ez linguistikoa, baina nire ustez, gaur egun, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian, arazoa gehiago da linguistikoa, politikoa baino.
Bi; esaten da euskararen erabilera ezagutzaren azpian dagoela, baina nire ustez nolabait kontrakoa, ez zehazki kontrakoa, baizik eta nolabait kontrakoa gertatzen da, erabilera ezagutzaren gainean dabilelako, eta hori da benetazko arazo bat, bestea ez bailitzateke arazoa, erabilera ezagutzaren azpian egotea, hori normalena delako, normalena baino gehiago, hori da aukera fisiko bakarra, jende gehiagok ezagutzea, erabiltzen duena baino, horregatik diot gurean gertatzen dena arazo handi bat dela, hain zuzen, inposible bat, fisikoki ezinezkoa den zerbait gertatzen ari delako gaur egun, euskararen erabilera handiagoa dela, ezagutza baino.
Adibide zenbait jar ditzadan.
Aspaldi honetan, Berria egunkarian, egunero, gutxienez albiste bana idazten da, non eta, besteak beste, ondorengo hitza aurkituko baitugu: hartzekodun hitza… Hartzekodun, hau da, akzionista.
Eta nire susmoa da handiagoa dela hartzekodun hitzaren erabilera, hartzekodun hitzari dagokion ezagutza baino, eta hartzekodun bezala, ba beste dozenaka hitz erraz aipa genitzake.
Zergatik gertatzen da hori, hartzekodun hitza zergatik erabiltzen da horrenbeste, ba nire ustez oso arrazoi sinple batengatik, akzionista hitza hitz española delako, edo jotzen delako, eta euskara berri honetan, euskara batu berri asmatu edo egokitu honetan, ba, nagusiki, españolari ihes egitearen erabakia hartu zelako, ez bakarrik aintzat hartu gabe euskaldunon gehiengo osoak espainola primera ulertzen dugula, adibidez akzionista hitza, baizik eta, hain zuzen, horregatik, euskaldunon gehiengo osoak ondoen ezagutzen dugun hizkuntza española denez, euskara batu berri asmatu edo egokitu hau egiterakoan, ba español hizkuntzatik bereiztea ezinbestekoa zelakoan, hil ala bizikoan edo, gure hizkuntzarentzat.
Bueno, ba ez. Ikusi da nora garamatzan akzionista hartzekodun bilakatzeak, jendeak Berriak dakartzan artikulu horiek ia ez irakurtzera, Berria, eguneroko egunkaria ez irakurtzera, ez testu hiper-espezializatu bat, adituentzako egina, baizik eta eguneroko bazka behar lukeen periodiko normal bat, minimoki alfabetaturik dagoen edozein pertsonarentzat, ez irakurtzera, artikulu asko eta asko, Berrian, ez baitira irakurtzen, kazetaria naiz eta badakit zertaz ari naizen, ondo ezagutzen dut euskaraz egindako kazetaritzaren itzulera, retornoa, feed-baka, hutsaren hurrengo, ia beti, eta ez da gertatzen jendearen ezagutza guk egiten dugun erabileraren gainetik dagoelako, nola gertatuko da ba, baizik eta kontrakoagatik, jendearen ezagutza, kazetariok egiten dugunaren azpitik dagoelako, izan ere, euskararen erabilera, momentu honetan, bat baino gehiago erabat harrituko den arren, euskararen ezagutzaren gainetik dago, fisikoki imposible bada ere, eta horregatik daukagu sekulako arazoa, nahiz konpongarria, zorionez.
Nola ailegatu gara, bada, non sense honetara?
Nik, egia esan, ez daukat gogo handirik inorekin diskutitzeko. Errua espainolena dela, oso ondo; independentziarekin hau guztia konponduko dela, oso ondo bebai… baina nik ez dut inolaz ere pentsatzen independentziak, euskal estatuak, euskarari salbazioa ekarriko dionik, orain arteko zenbait ideia eta praktika linguistiko bazter uzten ez baldin badira, eta beste batzuk martxan jartzen, ze, bestela, gure bidea Irlandak hartu zuen berbera izango da, ingelesean gustora handiz desegitea.
Eta bai, nire tesia da, euskarari gustoa hartzeko, onartu behar dela jendeak sekulako gustoa hartuta dagoela espainolarekin, espainolari, baita frantsesari ere, noski, baina zentra gaitezen euskaraz nolabait dakigun gehienok bizi garen errealitate espainol honetan, eta orduan, begibistakoa da sekulako gustua hartuta gaudela españolari, normala den bezala, bestalde, eta ez anormala den bezala, baizik eta normala, oso normala jendeak disfrutatzea, parte sentituta, española deitzen den super-makinaria linguistiko horretan, norberari lan egiterik eskatzen ez diona, ehunka miloika lagun ari direlako egunero langintza horretan, errejistro guztietan eta imajina litekeen oparotasunik beteenean, eta langintza hori españolez nolabait dakien edonori xehe-xehe eginda ailegatzen zaio belarrira eta begietara, norberak inongo kontestualizazio lanik egin behar izan gabe, zer ote den eta zer ez ote den akzionista hori, españolez eta frantsesez kontestu linguistikoak ia iai hitza azaltzen duelako, eta kontestuak laguntzen digu hitzarekin bat egiten, baina euskaraz ia ia kontrakoa gertatzen zaigu, hartzekodun hitzak eraman nahi izango gaituela, berarekin bat egin dezagun, xehe xehe eginda ez dagoen kontestu linguistiko batera, euskara batu berri asmatu egokituarenera, eta ez dakit, bada, hartzekodun hitza ote den pasabiderik errazena, hitz bat, esan bezala, gehiago erabiltzen dena, ezagutzen dena baino.
Nola ailegatu gara non sense honetara? Nik baditut nire susmoak, tesiak, euskaldunen konpejuen inguruan, españolaren eta frantseraren menpe bizi izanda, euskaldunok hiztun akonplekatuak izan garelako, beti transmititu izan zaigulako euskara ez zela gauza, ez zela ailegatzen, kaka hori guztia, eta orduan, aldarrikatzeko aukera izan genuenean, ba beste muturrera pasatu ginen, inferioridade konplejutik superioridade konplejura, euskara beste edozein hizkuntza bezain gauza da laguntzarik gabe edozer esateko eta munduari erakutsiko diogu, euskara kanpoko hizkuntzen laguntzarik gabe edozertarako gauza izateaz gain, guk geuk, euskaldunok, gure hizkuntzaren aldeko batasun bat osatzen dugula ideia horren arabera, eta hartzekodun hitza erabili behar baldin bada, erabiliko dugu, Txipre esan beharrean Zipre esan behar baldin badugu, egingo dugu, kokodrilo esan beharrean krokodilo zabaldu behar baldin bada, zabalduko dira gure krokodiloak, etabar
Eta oraingoz lortu ez badugu, lortuko dugu datozen ehun urtetan edo.
.
Tira, ba ez, ez du funtzionatu eta ez du funtzionatuko, lehenago kokodrilo españolak jango duelako krokodilo euskalduna, paradoja horretan datza eta: euskararentzako tranpolin, zubi modura erabili behar genuen gure jendearen españolaren ezagutza sakona, eta kontrakoa egin dugu, ezagutza oinarri hiper sendo hori mespretxatu, espainolak ezin gaituelakoan euskarara eraman, definizioz ezinezkoa delako, nola indartuko du, bada, euskara españolak, historikoki guztiz kontrakoa gertatu baldin bada, euskara ahuldu eta desagerrarazi egin badu.
Garai berriak, estratejia berriak.
Lexiko mailan, atzera berriz pentsatu behar da arestikoa, ikusten da eta, noraino ailegatu garen, noraino ez garen ailegatu, hobe esan, zein jende gutxik irakurtzen duen euskaraz, baita gazteak ere, den dena euskaraz ikasi dutenak, zein azkar pasatzen diren espainolera…
(Lekeition jarraituko du)
Hartzekodun akzionista dela idatzi dut!
Barkatu lapsusa… Uste dut horrela hobeto ulertzen dudala zer esan nahi dudan…
Fermin, badakit gaiak zabalago eta sakonago hartzea merezi duela, baina niri zure lapsus horrek erakusten dit “hartzekodun” hitzean baino gehiago, “acreedor”en dagoela arazoa; aipatu ez duzun horretan, alegia. “Hartzekodun”, hots, “hartzeko duena”, hots, zorren bat kobratzeko duena: “acreedor” baino askoz argiagoa egiten zait. Amak zerbaitengatik protestaka hasten ginenean esaten zigun hura datorkit gogora: “Oraindio heu hartzekoekin!”; natural-natural ulertu nuen batek zor badu besteak hartzeko duela, eta alderantziz. Bestalde, “hartzekodun” hitza ez da asmakizun berri bat, nik neure inguruan euskaldun arrunten artean entzun izan dut.
Noski, Iñaki, batzuk, zorionez, oso oso euskaldunak zarete eta natural-natural ateratzen zaizue barruan daramazuen hartzekoduna, ohikoa dena, diozunez, bizi zaren inguruan, euskaldun arrunten artean.
Tira, ba pozten naiz, orduan ez gaituzue behar eta.
Iepa Iñaki (barka, ezin dizut erantzun, ez dakit zer dela eta, eman duzun azken erantzunaren azpian)
Ados ados, ez dut sekula esango, hemendik aurrera, hartzekodun hitza asmazioaren pareko denik, barkatu nire ezjakintasuna.
Halere, horretaz ari nintzen, euskararen erabilera ez dabilela, kontrakoa esaten bada ere, ezagutzaren azpitik, baizik eta, inposible bada ere!, ezagutzaren gainetik: har nazazue adibidetzat.
Gainera, nire gabeziak, diost Iñigok, sistemari, hizkuntzari egozten dizkiot, ikasmina bazter utzita…
Nik ez, Iñigo, nik ez dut eskubiderik halakorik egiteko, hizkuntzatik bizi naizen neurrian, etika minimo bat izanda, nire burua ahalik eta ondoen prestatzen saiatu behar dudalako, noski, baina besterik da, ordea, zer lortuko dudan hizkuntzaren profesional ez diren horiei, hiztun gehienei, beraz, gauza bera eskatuta, espazioan eta denboran erdarak duen abantaila ikaragarria murriztea nekez, oso nekez egongo baita haietariko gehienen esku, eta sentsatzioa dut euskara modernoaren osaketa eta zabalkundea lan, esfortzu, konpromezu pertsonalaren eremutzat baino ez dela hartu izan, plano guztiz etiko batean, lanaren betebehar hori hiztun soilen bizkar gainean ezarrita, erdarek bortxaz hartu izan diguten abantaila ikaragarria izan arren, ondoren hiztunek hartuko beharreko lanak bezain ikaragarria, noski, eta hori, iruditzen zait, injustoa da gure hiztunentzat.
Funtzionatu izan balu, tira, baina funtzionatu izan ez duenez, besteak beste hizkuntzarekiko motibazioa estetikoagoa delako etikoa baino, ba berrikus dezagun zertan joka dezakegun estetika eraginkor baten alde, eta nik ere nahi nuke, ez izan dudarik, Iñaki, hiztun gehienentzat estetika eraginkor horren barruan egotea, diozun moduan, bai hartzekodun eta bai krokodilo, baina susmoa dut momentuz ez daudela, inkluso oztopo zaizkigula, orain eta hemen, aurrerantzean ez dakit, euskararen estetika eraginkor bat lortzeko, baita tira, futbolean bezala, hizkuntzarekin dena da diskutigarria eta ezer ez da frogagarria.
Atrebitua, behintzat, bazara, Fermin, euskal jendartearen psikea zulatzen eta hizkuntza-ezjakintasuna aldarrikatzen.
Kontua probokatzea bada… horretara ere jarrita gaude.
Ze euskal jendarte, Iñigo; zer naiz ni ba, zer dira, orduan, esaten ari naizenaren arabera erdararen hautua egiten duten euskaldunak; euskaldun ez-euskaldunak? Eta denetarik aurkituko duzu bertan; hiritarrak eta baserritarrak, euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak, abertzaleak eta hiper-abertzaleak…
Euskararen profesionalek bidea leundu behar diete, edonola, euskaldun ez profesionalei, hori da helburu nagusia, eta ez kontrakoa. Suposatzen dut horretaz ari garela diskutitzen.
Gure jendartea oso ñabarra da: badira euskaraz badakitenak, oso ondo dakitenak, apur bat dakitenak eta batere ez dakitenak…
Eta dakitenek noiz uzten diote egiteari, inoiz uzten badiote? Gure herrian, behintzat, nerabezaroan, erreferentzia gehienak erdaraz datozkienean… Hortik bizitasun falta, sarritan.
Hori bat da, baina beste bat ezjakintasunaren bindikazioa. Ederto, “dron” bat zer den ikasiko dut, edo “sextinga”, baina ez naiz gauza izango “hartzekodun” hitza ikasteko.
Nik astero ikasten ditut hitzak eta esapideak, askotan gutxien uste duzun lekuan (lehengoan adiskide bati entzun nion nire “tejamana”ren ordez “lehorra”), eta jarrera-kontua da, apaltasuna, ikasmina… Uste harroak ondo daude rock´n´rollerako (ez dakit seguru), baina norberaren gabeziak sistemari (hizkuntzari) egoztea oso erosoa da.
Ez dakit zu baino euskaldunagoa naizen, Fermin, badakit zu bezain erdalduna naizela. Ez naiz euskaldun hutsez inguraturik bizi, baina tokatu izan zaizkit inguruan ni baino euskaldunagoak direnak, eta halakoei entzun izan diet “hartzekodun”.
Baina nor gehiagoka hasita ez goaz inora; telebista-bikoizketek eskaintzen duten / eskaini behar luketen ereduaz ari ginen. Kokodrilo akreedoreen eredua baino egokiagoa iruditzen zait niri krokodilo hartzekodunena, egokiagoa eta hura bezain estetikoa eta posiblea, baina badakit bi aletxook baino gauza askoz zailagoak daudela. Langa non jarri, hori da kontua: behetik, muga oso argia da, erdara asmatuta dago, horrek ez digu nekerik sortuko (“hemen denok dakigu erdaraz, inor ez da idiota”, idatzi zuen Arestik); hortik gora egiten hasi orduko hasten dira arazoak.
Guztiz ados.
Bestalde, honekin loturik ETBren “autosabotaje” bat aipatu nahiko nuke: oraindik ere bikoizten diren film bakan horiek zer ordutan ematen dira? Igande gauetan, berandu aski: ETBren saio arrakastatsuena den “El conquistador”ekin lehian, Txikonen eta “Gol festa”ren ondoren, 23:30ean. Mesedez, ikusle gutxi badute, ez dezatela ondorioztatu bikoizketak duela falta.
Aurrekontuak arrazoi boteretsuak dira, eta filmak jatorrizko hizkuntzan ere ikusiko genituzke (edo hobeto esan, saiatu), baina gaztelaniazko telebisten aldamenean gaudenez, euskarazko bikoizketak garrantzi handia du, ohitura sortzeko, belarria ohitzeko. Eta egia da bikoizketa hurbil eta atseginak egin behar direla, bestela batzuetan kostatzen delako. Baina ohiturak zenbaterainoko garrantzia duen azaltzeko, serie bat aipatuko nuke: Dallas. Oso gogoan dut jendeak zein erraz eta gustura ikusten zuen telesail hura, euskaraz (nahiz eta seguru asko hasieran harridura sortu).
Etxegoien: “hartzekodun” hitza normala izatea “oso oso euskalduna” izatea baldin bada, hitz horri gusturik ez hartzea al da zuretzat euskaldun normala izatea? Ba nik ere, beste askok bezala, hitz hori herrian eta etxean bertan ikasi nuen, eta sekula ez naiz “oso oso” ezer sentitu. Zergatik ez dira “oso oso zerbait” holako hitzei gusturik hartu ez eta –zuk diozunez– erdarei gustu izugarria hartuta bizi direnak? Bai, badakit: numeroek agintzen dute, eta badakigu gehiengo soziolinguistikoa nolakoa den, eta gehiengoa ez da sekula “oso oso” ezer izaten, eta gutxiengoa da beti “oso oso zerbait” izatera kondenatzen. Baina ni hemen zertasunaz ari naiz, ez zenbatasunaz.
Eta ez da ezer gertatzen. Edo hobeki esanda: gertatzen dena da euskara ez dela hizkuntza BAT. Euskarak daude: oso oso ez-dakit-zer direnena, oso oso ba-dakit-zer direnena, oso oso deus ez direnena, erdarak gustu izugarria ematen dienena, gustu gutxi edo batere gusturik ematen ez dienena, euskaraz gerora hasitakoena, erdaraz gerora hasitakoena, ez dakienak ikasi egin behar lukeela uste dutenena, ez dakienak bere ezjakina normaltzat pasarazi behar lukeela uste dutenena… eta abar eta apar.
Lasai: edozein hizkuntzak oso berea du bat eta bakarra ez izate hori.
Iñaki, pixka bat galdu naiz; mentalidade linguistikoan batzuk oso oso españolak garela esan nahi baldin baduzu, no problem, horretaz ari naiz eta, hasieratik.
Euskaldun asko españolari gustura hartuta, bai, bizi direla, bizi garela hemen. Euskararen alde erabil al daiteke errealitate hau, ala bereari eutsi behar dio euskarak, bere barne lojikari jarraitu eta kitto, beharrezkotzat jotzen denean, adibidez nazioarteko hitzak geureganatzean, baita nolabaiteko harresi linguistikoa eraikita ere, gaztelaniaren aurrean?
Ba duda asko dauzkat, Iñaki, nola gabiltzan ikusita.
Gainera, euskara bat eta bakarra ez, baizik eta batzuk izatea… guretzat, momentuz, bada arazoa, euskara desberdinen arteko lotura egiten delako, askotan, alde guztientzatko arrotz, deseroso, suerta daitezkeen hitzen edo esamoldeen bitartez… eta hor, flipatuko duzu, gaztelaniaren erabilera intelijente batek -euskararen barruan, bai- asko lagunduko liguke, nago.
Dena den, ideiarik ere ez neukan “hartzekodun” hori… hain hitz jatorra zenik, barkatu nire ezjakintasuna.
(Lekeitiorako beste adibideren bat beharko dudanez, onartzen ditut sujerentz, hau da, iradokizunak.)
Nik ez dut uste euskara klase bat baino gehiago egotea arazoa denik, Fermin. Afera da elkarren berri ikastea eta jakitea, eta horretarako behar den apaltasuna eta ikasmina izatea, Iñigo Roquek dioen moduan. (Bidenabar: ez omen zenekien “hartzekodun” hitza hain “jatorra” zenik. Eta nik diot: zergatik diozu “jatorra”? Hitz hori da hitz bat, ez jatorra eta ez jatorrondoa. Aitzakiak bilatzen abilak gara; “nik ez dakit: beraz, jatorkeria da, edo modernokeria da, edo beste edozer da”. Eta “jator” horrek bere lehengusu propioa dirudien “etniko” dakarkit gogora: mundu garatu-garaileari ez dagokion guztia “etnikoa” da. Eta ez, faborez eta mesedez: edo denak gara etnikoak, mundutar oro gara etnikoak –zein bere etniakoak–, edo inor ez gara. Edo hitz edo hiztun oro gara jatorrak –zein bere jatorri edo jatortasunekoak–, edo inor ez gara.)
Lehengora nator atzera: bat baino gehiago izate horrek berekin dakar GU desbedinak egotea “gure” artean. Ni prest nago aditzeko badela jendea gaztelaniaren erabilera intelijente baten premia ikusten duena euskararen barruan; hala bada, hala izan dadila. Baina jende horrek era berean egon behar du prest aditzeko badela bestelako jendemodu bat –eta hor, flipatuko duzu– euskararen erabilera zuhur baten premia ikusten duena… erdararen barruan, bai. Adibidez, erdarazko egunkari ahaltsu baten azalean, honako honen gisako titular bat: “Hoy hay juntanza de harzecodunes en Mondraue”. Zer? Irreala, ezta? Bai, zeharo irreala gure errealitatean, baina guztiz litekeena hizkuntzen ikuspegi hutsetik. (Hitzak bazter guztietatik sar dakizkioke hizkuntza bati. Gertatzen dena da sartze batzuk “intelijenteak” izaten direla errealitatean, eta beste batzuk tontoak edo atzeratuak.)
Ni bizitasunaren eta jolasaren alde nago, era batekoa edo bestekoa izan.
Gu biok, Fermin, zein bere lekutik eta egoeratik mintzo gara. Eta zer gertatzen da? Ezer ez, hutsa, zero.
Ni, aspaldian esatea gustatzen zaidan moduan, batkeria izeneko bakteriaren kontra nago.
Bueno bueno, ez ofenditu, modu jatorrean erabili nahi nuen jatorra hitza, besterik ez, ze etniko ta zer etnikondo… Jatorrizko herrietan sinestea besterik ez genuen behar!
Neretzat gauza bat da “hartzekodun” (zenbait euskalkitan “hartzedun”), eta beste gauza bat dira “krokodilo” eta “orkestra”, eta beste bat oraino “subjektu”, eta hola. Aurreneko hitza naturala da nere ahorako, baina beste guztiak ezin esanak dira kasik. Bestela esanda, irin horiek denak ez direla zaku batekoak.
Gainerakoan, jatortasunaz edo -keriaz, etika/estetika bereizkuntza “eskolastikoaz” eta abarrez, saltsa lodiegia eta kiratsegia egin da hemen, eta ni banoa.
See you later alligator
Jode! ez dago hemendik aldegiterik, mister Etxegoien! “I’m an ALLIGATOR… I’ll be a rock ‘n’ rollin’ bitch for you. Keep your mouth shut…” Barkatu, halaxe tokatu da: atzo bertan jarri nuen Duke Txuriyaren kantua aspaldiko partez! Hau kausalidadea! Orain bai: hurrena arte, aio!
Beraz, konpañiarako animalia gisa, bai ala ez?
Krokodilo, diot…
Hartzekoduna bai eta krokodiloa ez?
Konpañiarako animalia gisa, diot…
Hi haiz hi!
Nik uste dut ulertzen dudala Ferminek esan nahi duena.
Hizkuntza bat (euskara edo beste edozein) indartzeko, ezin espero izatekoa da hiztun bakoitzak bere baitan hizkuntzalari txiki bat eramatea. Ideia bezala polita izango da (agian; horretan ere ez bainago oso seguru), baina gauzek ez dute horrela funtzionatzen.
Beste faktore batzuk ere, garrantzi berekoak edo handiagokoak, badaude tartean: zer produktu, nolako hizkuntza, eskaintzen/derrigortzen zaie hiztunei?
Euskararen erabilera ezin da planteatu penitentzia ernegagarri bat bezala, eta oinarri bakar horretan funtsatu euskararen suspertzea.
Konpromiso nagusiki indibidualaren planteamenduarekin, auzi hau bideratzen dugu “norberaren erru” kontzeptu eztabaidagarrira, eta ikuspegi horrek babesik gabe uzten du hiztuneria “hauxe eta horrelakoxea duzu euskara, eta Xk (dena delakoak) euskara honelakoa, eta ez horrelakoa, dela dioen hori zeureganatzen ez baduzu, hori zure errua da” argudio sinplistara.
Ez, auziak askoz mami gehiago dauka.
Mister X horren kontua, Xabier, susmoa baino gehiago da. Ez al zaizu iruditzen sekulako gizon festa itxura, edo, hobe esan, sekulako gizon dema,itxura izan duela, askotan, Euskaltzaindian gertatzen zenak?
Arren arteko borroka, edo erakustaldi bat, ea nork daukan aditz laguntzailerik luzeena.
Harro egin dituzte gauzak, ez emeki.
Eta jende batek nola ez dio ihes egingo, bada, batuari, horrenbeste subjektu, orkestra eta ostiadarekin?
Euskal Hirian denok bizi gara pobre, baina badakizue, uda datorrenean herria daukan pobreak, gutxienez, herrira egiten du, bertan askoz semaforo gutxiago daudelako eta gorro barik bainatzen delako, errekan..
Orain gehitu, Mister X-ek sorturiko hizkuntz eredu bertikal horri, horren arabera, azterketa sistema nazional bat, tituluak lortzeko…, eta ea non gelditzen den hizkuntza bizia eta ea zer gelditu zaigun trukean.
Matxinada laster dator, jada gertatzen ari da..
Bat egiten dut Iñakiren kezkarekin, eta, kezkaren larria ilustratzeko, orain dela ordu erdiko anekdota bat dakart.
Tranbia hartzera nindoala, zortzi urte inguruko ume batzuk aurkitu ditut, hogeita hamar bat. Ikasgela berekoak ziren, hiru irakaslerekin, egun egiten diren ikasketa-txango horietako batera irtenak. Irakasleetako bi aurretik zihozen, eta hirugarrena, atzetik. Ume-saldoa nahiko sakabanatuta zetorren, baina erdialdean dozena bat mutiko zetozen multzoan eta kantuan, beldurgarri-plantak egiten: «Zipi, Zape, somos demasia(d)o, somos demasia(d)o».
Irakasleetako batek errieta egin die: «Erdaraz, ez!».
Tamalgarria. «Zipi eta Zape» euskarara bikoiztuta dago. Zergatik ez zaie heldu ume horiei? Umeen erreferentzi mundua gaztelaniaz elikatzen jarraitzen badugu, euskarak badu etorkizunik?
Asier: mundu garatu gurea asko aldatu da azken hamarkadan (sic). Pantallari begira bizi den mundu bat sortu da, gehienbat gaxteen artean. (Pantallak telebistakoak baino gehiago dira ordenadorekoak, eta bereziki eta superbereziki, mugikorrekoak.)
Hizkuntza guztiak hitzegiten dira gutxiago mundu garatuan, eta gurea askoz gutxiago. “Mundu pantallakoia” etxezuloko eta are gelazuloko mundu bat da, eta banakako mundu bat da gero-eta gehiago.
Hizkuntza da esaten dena + jasotzen dena.
Esaten dena izugarri jaitsi da gure arteko gaxteen artean, zeren elkarrekin zuzenean baino askoz gehiago komunikatzen baitira pantallari begira. (Salbuespena agian kalean ibiltzeko egun ofiziala da; hots, larunbata, eta hori ere aski dudakoa, lokal pantalladunak kontuan izanik.)
Jasotzen dena ere, eta hau inportanteagoa da, askoz gehiago da pantallaren bidez, zuzenean baino. Ondorioa: mundu pantalladunean, herri ustez euskaldun batean ere, hiztunak, hiztun gazteak bereziki, jasotzen duena erdaraz jasotzen du, erderetatik eta erdaraz gehienbat; hor euskarazkoa ttantta bat da etengabeko erdaljasa baten erdian. Herri euskalgabe edo euskalmotzetan, ze esanik ez dago! Iruditzen zait telebistan euskaraz bikoiztutako edozer gauza ttantta ñimiño bat besterik ez dela gaur, era guztietako pantalla eta pantallatxoetatik sartzen den itsaso erdaltsu neurrigabeko horretan.
Holaxe daude gauzak, nere ustez.
Penaz idatzi dut hau: esan beharrik ere ez dago, baina badaezpada esan egiten dut.
Beharbada, gehiago zehaztu beharko nuke zer kritikatzen dudan kasu honetan. “Zipi eta Zape” euskaraz badago, baina gaur topatu ditudan umeen pantailetara (berdin dit zinemakoa, telebistakoa, ordenagailuikoa, tabletakoa, playstatinonekoa…. den) ez da euskarazko bertsioa heldu, gaztelaniazkoa baizik. Gutxi dago euskaraz, eta dagoenari ez zaio zabalkunderik ematen.
Atzo eguerdian Gasteizko Zaramaga auzoko jatetxe txinatar batean sartu nintzen. Barran nengoela, telebista euskaraz zutela iruditu zitzaidan. Burua jiratu, eta ETB 3 zeukatela jarrita ikusi nuen, eta telebistaren aurrean bost bat urteko ume bat zegoen pantailari begirik kendu gabe: txinokume bat marrazki japoniarrak ikusten euskaraz. Eta umeak egiten zituen algarak ikusita, gozatu ederra hartzen ari zen.
Mundua nahastua datorkigu, baina dena ez da galera eta porrota. Biba bikoizketa!!!