Ikus-entzunezko fikzioa euskaraz

Iñaki Iñurrieta Labaien

Lehenago ere agertu da hemen euskarazko bikoizketaren auzia, horretaz nik baino gehiago pentsatu duen jendearen eskutik agertu ere, baina azkenaldian gai horri buruz aritzeko parada izan dudanez[1], berriro ekarriko ditut hona han-hemen irakurritako zenbait ideia eta arrazoi, gaiak buelta gehiago ematea merezi duelakoan.

Euskarazko bikoizketa arkeologia izango da laster, zioen Asier Larrinagak hemen duela urtebete. Nonbait, goi-mailan hartutako erabakia da hogeita hamar urtean egindako bideari amaia ematea. Eta larria sortzen dit horrek, larria sortzen dit pentsatzeak erabaki horrekin batera hemendik aurrera filmek, telesailek, ez dutela euskaraz egingo, hemen sortutako bakan batzuk izan ezik.

Gogoan dut nola, aspaldi batean, euskal telebistarik ez zegoenean, lagun batek galdetu izan zidan inoiz ea nola egiten nuen ametsetan, euskaraz ala erdaraz, “¿Tú sueñas en euskera o en castellano?”, horrela neurtu nahian-edo zenbateraino nintzen euskaldun.

Euskara ametsetarako, hau da, imajinatzeko balio duen hizkuntza izan dadin, ikus-entzunezkoetatik datozkigun mezu eta historiak ere euskaraz jaso beharko ditugu. Esan nahi dut: euskaraz ere izan beharko dugu aukera mundu zabalean kontatzen direnak ikus-entzuteko; lurralde miresgarri zein izugarrietan, iragan amestuetan edo etorkizun zientzia-fikziozkoetan ere gertatzen direnak. Hala ez bada, irudimena euskaraz ere bazkatzen ez badugu, erdara are gehiago jabetuko da gure ametsez, eta euskarak gero eta etorkizun mehar, motzagoa izango du. Nahikoa arrazoi izan behar luke horrek dagokionak auzi estrategikotzat har dezan lehen mailan jartzea euskarazko fikzioa. Euskaraz sortua eta euskarara ekarria.

Bikoizketaren kontra, bi argudio erabili ohi dira nagusiki: bat, ez da lortu bikoizketan erabilitako euskara sinesgarri egitea; bestea, bikoizketa garestia da.

Lehen argudioaren arabera, orain arte erabili den euskarak ez digu askorik balio irudimena garatzeko. Egia da gauzak hobeto egin daitezkeela. Euskara sinpleagoa, errealagoa, ulergarriagoa behar dugu, zioen Fermin Etxegoienek, eta estetika aldarrikatzen zuen etikaren gainetik. Arrazoi du, ziur asko, baina, berak emandako adibidea erabiliz, ez dut ulertzen zertan den estetikoagoa «kokodrilo», «krokodilo» baino. Dagoeneko normaltzat jotzen dugu krokodilo idaztea, baita esatea ere askok. Astebetean dozena bat aldiz entzunez gero, laster normaldu liteke edozein hitz, belarrian lehenik, ahoan gero; nahikoa da orain darabilgun hiztegia eta duela hogeita hamar urtekoa konparatzea, ikusteko zenbat hitz orduan berri arruntak zaizkigun gaur.

Gauzak hobeto egin daitezke, bai, baina euskara sinpleago, errealago, ulergarriago horrekin batera, nahitaez joan beharko dute ale berriek, gauza asko ditugu-eta esan gabe euskaraz; baita sinpleak diruditenak ere. Has zaitez euskara naturalean esaten «A sus órdenes, mi capitán», berehala etorriko zaizu norbait esanez hori ez dela erreala (baina norbait horrek gero ez du auzitan jarriko «¡Señor, sí, señor!» esaldi irrigarria, ondo janda dauka marine estatubatuarrek horrelaxe hitz egiten dutela).

Ohiturak sortzea da kontua, hots, ikus-entzunezkoetan betiere elementu berriak aurkitze hori ere ohitura bihurtzea da kontua. Euskarari ere, elur-bolari elur berria nola, ale berriak itsatsiko zaizkio ibili ahala, eta laster geratuko dira barneratuta –normalduta–, bolak handitzen jarraitzen badu.

Bigarren argudioak, ekonomikoak, dio bikoizketa garestia dela; film bat bikoizteko behar den diruaz lauzpabost film azpidatz daitezkeela. Baina horri beste konparazio hau jar dakioke parean: Goenkaleko kapitulu bat egiteko behar den diruaz, lau film bikoitz daitezke. Jakina, behar-beharrezkoa dugu geure soziologian, geure paisaia naturalean oinarritutako fikzioa, baina plantea daiteke beste hau ere: euskaraz irudimen-beharrak asetzeko, Goenkale saila bezain interesgarria litzateke Filmografia Unibertsala bilduma bat (Asier Larrinagak lehenago hemen bertan botatako ideia), filmak nahierara –bikoiztuta eta azpidatzita– ikusteko aukerarekin.

90eko urteetan, EITBk hamar bat urte zituenean, egoera soziolinguistikoan izandako eragina aipatzen zuten adituek[2]: hizkuntza-eredu estandarra hedatzen eta finkatzen, euskal aho-belarriak forma berrietara ohitzen izandako eragina; eta aurrera begira hori areagotu egingo zela uste zen, telebistak funtsezko eginkizuna izango zuela euskararen normalizazioan.

Ikus-entzunezkoen paisaia erabat aldatu da ordutik hona; orain, euskarazko telebista aukeratxo bat da beste ehunen artean. Horrexegatik komeni zaigu ditugun baliabideak –tartean, bikoizketa– hobeto erabiltzea. ETBko filmak tokiko telebistetara iristea, Zinema Euskaraz bideoklubetara, Filmografia Unibertsala bilduma izatea… Urtzi Urrutikoetxeak aipatzen zuen eredua –Europako beste zenbait herrialdetakoa: filmak-eta jatorrizkoan eta azpidatzita ikustea– motz geratuko litzaiguke guri; bikoiztutakoak ere behar ditugu: han bertako hizkuntza askoz egoera normalagoan bizi da, arnasgune gehiago ditu.


[1] UEUk eta EHUk antolaturiko Itzulpengintza eta Teknologia graduondokoan.

[2] Etxebarria, I. (1994): “Doblaje y subtitulación en Euskal Telebista”, in Eguíluz, F. et al. (arg.), Trasvases culturales: literatura, cine, traducción, EHU, Argitalpen Zerbitzua.