Euskaraholic nago gaur

Koldo Biguri Otxoa de Eribe

Euskararen inguruan pizten diren eztabaidetatik tiraka, gure psikologia linguistiko kolektiboari buruzko hausnarbide interesgarriak atera daitezke batzuetan. Itzul posta-zerrendatik aterako dut oraingoan adibidea.

Arestian, norbaitek eztabaidaren plazara atera du nola eman daitekeen euskaraz halako hitz bat –nahiko ohikoa edo arrunta erdaraz ari garenean, baina ez dut esango zein den, irakurlearen arreta ez desbideratzeko–, eta beste norbaitek euskal ordain bat proposatu du. Hirugarren batek, ordea, euskaraz hitz hori ez dela existitzen dio geroago, eta laugarren batek, aldiz, aurrekoari arrapostu dio hitz horrek 16.000 sarreratik gora dituela Googlen eta, beraz, ezin dela esan existitzen ez denik. Eztabaida berehala lerratu da, ez hasierako esaldiaren itzulpena eskaintzera, ezpada proposatutako hitz horren onargarritasun edo onartezintasunera: batzuentzat, euskal hiztegi arauemaileetan edo historikoetan jasota ez dagoenez, ez da onargarria; besteentzat, existitzen eta erabiltzen denez, ea zergatik ezin den onartu galdetu dute; eta beste batzuk eztabaidan hasi dira ea hitza ondo eratuta dagoen ala ez, eta ondo eratuta ez dagoela diotenek ebatzi dute ezin dela onartu, erdararekiko morrontzatik ateratako kalko txar bat delakoan. Azkenik, beste batzuek hitz proposatua erabilia dela onartu arren, erabilera hori okerra eta baztertzekoa dela ebatzi dute, badela euskara jatorrean bestelako hitz edo ordain zuzenagorik.

Askorentzat, baita bizitzaren beste alor batzuentzat txit anarkoagoak diren askorentzat ere, elite linguistikoak (hizkuntzalari, itzultzaile, zuzentzaile eta irakasleek) erabakitzen eta finkatzen dituen hizkuntza-arauak guztiz zurrunak dira, ezinbestez bete beharrekoak, trafiko-arauak baino zorrotzago. Nire ustez, hizkuntzaren beraren berezko izaeraren kontra doa hori: hizkuntza guztietan, baita gurean ere, beti erabili dira eta kanonera igaro dira hainbat prozedura lehenago existitzen ez zirenak, baita aurretiazko arauen eta kanonen kontra sartutakoak ere; erabileran baitago gakoa. Euskaraz hain zorrotz diren askok arazorik ez dute gaztelaniaz (edo ingelesez), familia monoparental esateko, «parent» horrek gaztelaniaz sustrai zuzenik ez badu ere, zuzenean ingelesetik baitator; edo externalizar erabiltzeko, gaizki osatuta badago ere, gaztelaniaz «external» hitza existitzen ez baita. Eta makina bat adibide ipin litezke, baina ez daukat lekurik hemen. Une batetik aurrera, arazo gehiegirik gabe hasten dira hitz eta esamolde horiek zabaltzen eta, gaztelaniazko elite linguistikoaren ahaleginak ahalegin, bolo-bolo erabiltzen, baita hiztegietan azkenik onartuak izateraino ere –normalean urte batzuk igaro ondoren–. Ingelesez inork ez du arazorik selfie edo workaholic bezalako hitz «gaizki eratuak» erabiltzeko, eta hitz horiek esportatu ere egiten ditu ingelesak, askoz ere dinamikoagoa eta askeagoa baita.

Honelako eztabaidetan ez naiz sartzen esaten nork duen arrazoia nire ustez, ez baitut uste inork duenik arrazoia eta, batez ere, beti jasotzen duzulako masaileko mordo bat ezker-eskuin, alde batera edo bestera makurtzen bazara; batez ere, ez da puntu hori orain interesatzen zaidana, eta bai, berriz, eztabaidan erabilitako argudioek gure psikologia linguistikoaz bistarazten dutena.

Izan ere, bereziki interesgarria iruditzen zait proposatutako euskal ordaina existitzen ez zela zioenaren erantzuna, psikologikoki duen esanahiagatik, eta gure hizkuntzarentzat dituen ondorioengatik. Izan ere, barne-muineraino sartua dugu euskararen arauketa, arauketa etengabea, hipernormatibismoa deituko nukeen puntu bateraino: euskararen elite linguistikoak erabaki edo adostutako arauetan onartuta ez dagoena ez da existitzen eta, okerrago dena, ezin da existitu (urrun dago euskal esaera zaharrak dioena, «izena duenak izana du»; horren ordez, «arauek onartzen dutenak du izana» dugu orain iparrorratz). Eta pase foralak ez du balio hemen.

Ez dut ukatuko, noski, euskarak, beste edozein hizkuntzak bezalaxe, arauketarik behar duenik, trafikoak ere behar duen bezala; baina hipernormatibismoan erortzeak dituen ondorioez ere hausnartu beharko genuke. Eta horrexetara nator: 31 eskutik honetan bertan arestian norbaitek ateratako beste kezka batekin lotuz, ondo egingo genuke pentsatzen jarriko bagina ea euskarari gainera leporatu diogun arauketa ugari horrek ez ote digun nolabaiteko indar-atorra estu bat soineratzen, ez ote dion erabiltzaileari muga eta betebehar zorrotz gehiegi ezartzen; erabiltzeko deserosotasuna eta nekea, alegia. Hizlari arruntari segurtasunik eza eragiten dio: erabili ote dezaket ala ez hitz hau? Ondo ala gaizki dago? Euskaraz hala da ala ez? Eta, okerrago dena, honelakoetan adostasuna erraza eta automatikoa ez denez, denetariko iritziak iritsiko zaizkio, bazterrak areago nahasteko.

Gero, kexatzen gara, gazte euskaldun askok erdarara jotzen dutelako; baina, pentsatzen jarri ote gara erdaran ez ote duten aurkitzen gazte horiek euskaran aurkitzen ez duten erabilera-askatasuna, hizkuntza patxadaz eta lasai erabiltzeko erosotasuna, sorbalda gainean euskaltzain deabrutxo bat izan gabe esanez «132. araua hautsi duzu, txo!», «hori gaizki esanda zagok euskaraz, hi», «ergatiboa ahaztu zaizu, neska!» edo «aizan, hitz hori ez dun existitzen!».

Asko kexatzen gara gure gizarteak berak, erakunde publikoek eta beti besteek euskaldunoi euskaraz bizi ahal izateko jartzen dizkiguten edo kentzen ez dizkiguten oztopoengatik, eta oztopo horiek ukaezinak dira, existitzen dira; baina euskararen barruan ere, euskalgintzaren barruan bertan ere badira, nire ustez, jokamolde edo joera batzuk askoz gutxiagotan aipatzen direnak euskararen erabilera urriari buruzko azalpenetan, eta, zinez uste dut, ikertu behintzat egin beharko lirateke, honako galderaren bidetik: euskara gustura erabiltzeko askatasuna gehiegi mugatzen duen barne-faktorerik ere ez ote dago? Euskarari jartzen dizkiogun etengabeko arau eta pedigri-baldintza horiek ez al dira inoiz hiztun euskaldunarentzat astunegiak, euskararen beraren kalterako?

Ezin baita ahaztu, gero, ustezko hipernormatibismo horrek psikologikoaz haraindiko ondorioak ere badituela: arauak betetzen direla ziurtatzen duen epaile-gudaloste oso bat daukagu gainera, gaitasun-agiriak eman edo ukatzeko, arauak betetzen ez dituenari txartel gorria ateratzeko; hiritar euskaldunarentzat oztopo-lasterketa bat da euskara ikastea eta euskaldun agiriduna izatea, eta beste oztopo-lasterketa amaigabe bat da euskara «ondo» erabiltzea. Kaiola baten itxura gehiegi ez al du horrek edozein gazterentzat? Guk geuk hobe beharrez egiten dugun zerbaitek ez al du albo-ondorio kaltegarririk ere euskararen beraren bilakabidean, haren «normalizazioan», haren erabileran?

Barka hainbeste galdera ekartzeagatik: apur bat euskaraholic nago gaur!