Bakartxo Arrizabalaga Labrousse
«Entzuten diet, hargatik. Hargatik edo hargatik? Hargatik, hargatik edo hargatik, hargatik edo hargatik ere! Edo, edo, hori beste baterako…»
Horra aurreko nire artikulotxoaren amaiera. Eta hona ni berriz hemen, orduan agindurikoa betetzera jarririk.
Bertsolari txapelketan bilduriko «hargatik» hitzaren zentzu bakarreko erabilera aipatu nuen hartan, eta orain festa beretik hartu beste datu bat nahi dut aipatu, zeina baita «edo» moldeak «ala» moldearen lekua erabat hartu izana.
Txapelketa saio oro harturik eta hauta zentzuzko juntagailuren bat erabili zuen bertsolari orori begiraturik, «edo» erabili zuten beti eta «ala» inoiz ez. Eskapatuko ahal zitzaidan, beharbada, bakarren bat, baina, edonola ere, nabarmen egin zitzaidan «ala» juntagailuaren erabateko ohiltzea eta bestearen erabateko nagusitasuna.
Ez dezala inork pentsa bertsolarien euskara maila zalantzan jartzera natorrenik honekin edo haiekin halako tema hartu dudanik, ez baita, inolaz ere, hala; euskararen egoeraren adierazle onak iruditzen zaizkit, aldiz, gaur egun euskaradunon kidegoan gertatzen diren fenomenoen isla, baina baita bide egile eta erakusle ere. Hain zuzen ere, horregatik harritu –eta kezkatu ere zertxobait– nau bi adibide horiek haiengandik horren nabarmen entzuteak, neure inguruan ez baititut hala entzuten; «hargatik», aipatu nuen lehen, batez ere zentzu kontzesiboan entzun ohi dut, eta «edo» bi eratara, bai juntagailu hautakari gisa, bai eta hautakari gabe, berdintasuna adierazten, baina «ala» ere normal-normal ageri delarik.
Oraingo arrazoia ezin izan liteke, noski, bestearentzat Alfontso Mujikak jalgi ideiatik tiraka, silaben kopurua, berdin baitira horretan, ez eta LA errimako hitz aski badutela eta DO, berriz, faltan dutela, ez baitzen beti, ez eta gehienetan ere, puntu gisa balaiatua. «Ala» juntagailua galbidean dugula pentsatu behar da hortik? Neure inguruan ez dut hala entzuten, baina kontuan harturik bi kasuetan nabarmentzen diren moldeak gaztelaniazko moldeekin bat datozela eta aldera utzirikoak, aldiz, ez, nagusigo erabateko horrek pentsatzera ematen dit harako bidean ez ote goazen.
EDO (OEH – lehen lerrokada):
1. (Conjunción). O. Algunos gramáticos han insistido en restringir el uso de edo a las oraciones no disyuntivas (Gèze 246, Lf Gram 396); v. tbn. BeraLzM: “Ala […], o, conjunción disyuntiva distintiva: zuriya ala beltza? ¿el blanco o el negro?, es decir, cuál de los dos, no indiferentemente, sino concretamente; la conjunción disyuntiva edo, en cambio, es una conjunción de igualdad: zuriya edo beltza, el blanco o el negro, es decir, lo mismo el uno que el otro” (en Bera no aparece la conj. ala). Sg. A Morf 716 tbn. Arana Goiri propugna implícitamente la restricción de su uso: “La conjunción edo sólo emplea Arana-Goiri para casos de igualdad: 1.º al traducir neologismos. Bizitoki edo mundu […]. 2.º al presentar sinónimos: almen edo eskubidia”. Sin embargo, la tradición de todos los dialectos desmiente estas limitaciones. Se emplea tanto para relacionar dos o más posibilidades que se excluyen, como para expresar la indiferencia o intercambiabilidad de los términos (para el uso en interrogativas, v. infra). Como afirma Villasante (Eleiz4 26) con otros términos: “Edo sirve también [al igual que ala] para expresar la idea disyuntiva, pero sirve asimismo para expresar el sentido de equivalencia y aun zonas intermedias indiferenciadas”.
ALA (OEH 2. azpisarrera):
2. (Conjunción distributiva). “(Sc), lo mismo que, o. Es de temer que no sea castiza esta acepción” A. “Bata ala bestea biak berdin ziren (BN-arb), […] untsa bata ala bestea (BN-ciz)” Gte Erd 201. v. nahiz, zein.
Tr. Propio de la tradición septentrional. En el s. XX tbn. se documenta en algunos textos meridionales.
Bittor, ez dakit zer esan nahi duzun.
Bakartxo
Hirugarren lerrokadaren-edo amaieran diozu “orain festa beretik hartu beste datu bat nahi dut aipatu, zeina baita«edo» moldeak «ala» moldearen lekua erabat hartu izana”.
Eta azken azalpen horrek eraman gintzake erraz pentsatzera -ohiko eskugramatika askotan bezala- ‘edo’ moldeak eta ‘ala’ moldeak bakoitzak bere ‘leku propio eta esklusiboa edo’ ote duten, eta nire bidetik inor nahastu ez zedin erantsi nituen badaezpada OEHko hitzak, gogorarazten digutenak hala ‘edo’ zein ‘ala’ lokailuak erabili ohi direla / eta erabiltzen direla euskal tradizioan, biak ere, zentzu eta esanahi berarekin eta nahasian. Hala lotzen dituzten osagaien arteko berdintasuna adierazteko, zein beraien arteko hautaketa beharra edo.
Eta zu ere -espero det- ados etorriko zaren kontu hori argitzeko ziren OEHko hitzak, edo izan zitezkeen EGLU-IVko ugariagoak.
Nire eranskina ulertu dezakezulakoan…
Ondo segi
Bittor
Ez nuen, noski, inondik ere, erran nahi “ala” eta “edo” bi leku elkarren erabat bestelakoak dituztenik, ezpada “edo” “ala” desagertarazteraino hedatua entzun nuela, hau da, esklusiboki. Edonork pasa dezake egun oso bat “ala” baliatu gabe eta horrek ez du erran nahi hurrengo egunean erabil ez dezakeenik, baina deigarri egin zitzaidan “edo”ren erabatekotasun hori, eta, gainera, uste dut gaztelaniatik gertu izateak laguntzen diola eta “ala” berriz ez dela hor lagundua, gaztelaniaren alde geografikoan bederen, zeren frantsesaren aldean gehiagotan entzuten baita “ala” juntagailu ez hautakari gisa ere -eta horrekin gertatzen da “ala” frantsesaren laguntzaz ere mantentzen dela.
Bakartxo