Edo edo edo

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

«Entzuten diet, hargatik. Hargatik edo hargatik? Hargatik, hargatik edo hargatik, hargatik edo hargatik ere! Edo, edo, hori beste baterako…»

Horra aurreko nire artikulotxoaren amaiera. Eta hona ni berriz hemen, orduan agindurikoa betetzera jarririk.

Bertsolari txapelketan bilduriko «hargatik» hitzaren zentzu bakarreko erabilera aipatu nuen hartan, eta orain festa beretik hartu beste datu bat nahi dut aipatu, zeina baita «edo» moldeak «ala» moldearen lekua erabat hartu izana.

Txapelketa saio oro harturik eta hauta zentzuzko juntagailuren bat erabili zuen bertsolari orori begiraturik, «edo» erabili zuten beti eta «ala» inoiz ez. Eskapatuko ahal zitzaidan, beharbada, bakarren bat, baina, edonola ere, nabarmen egin zitzaidan «ala» juntagailuaren erabateko ohiltzea eta bestearen erabateko nagusitasuna.

Ez dezala inork pentsa bertsolarien euskara maila zalantzan jartzera natorrenik honekin edo haiekin halako tema hartu dudanik, ez baita, inolaz ere, hala; euskararen egoeraren adierazle onak iruditzen zaizkit, aldiz, gaur egun euskaradunon kidegoan gertatzen diren fenomenoen isla, baina baita bide egile eta erakusle ere. Hain zuzen ere, horregatik harritu –eta kezkatu ere zertxobait– nau bi adibide horiek haiengandik horren nabarmen entzuteak, neure inguruan ez baititut hala entzuten; «hargatik», aipatu nuen lehen, batez ere zentzu kontzesiboan entzun ohi dut, eta «edo» bi eratara, bai juntagailu hautakari gisa, bai eta hautakari gabe, berdintasuna adierazten, baina «ala» ere normal-normal ageri delarik.

Oraingo arrazoia ezin izan liteke, noski, bestearentzat Alfontso Mujikak jalgi ideiatik tiraka, silaben kopurua, berdin baitira horretan, ez eta LA errimako hitz aski badutela eta DO, berriz, faltan dutela, ez baitzen beti, ez eta gehienetan ere, puntu gisa balaiatua. «Ala» juntagailua galbidean dugula pentsatu behar da hortik? Neure inguruan ez dut hala entzuten, baina kontuan harturik bi kasuetan nabarmentzen diren moldeak gaztelaniazko moldeekin bat datozela eta aldera utzirikoak, aldiz, ez, nagusigo erabateko horrek pentsatzera ematen dit harako bidean ez ote goazen.