Igone Zabala Unzalu
Gure hiztegirik erabilienek baliabide sintaktikoak diren aditz-izenak erakutsi ohi dituzte maiz baliabide lexikoak diren aditzetiko izenen ondoan, eta erabiltzaileak baliabide horiek egokiro baliatzeko funtsezkoa izan daitekeen bereizketa garrantzitsu hori gehiegi nabarmendu gabe. Adibide bat ematearren, ikus dezagun nola ageri den kodifikatuta propagación sarrera Zehazki hiztegian:
Zehazki hiztegia
propagación
1 f (reproducción) ugaltze, ugalketa: la propagación de la especie, espeziea ugaltzea.
2 (extensión) zabaltze, hedatze, zabalkunde, hedapen: la propagación del cristianismo, kristautasuna hedatzea, kristautasunaren zabalkundea.
3 (de la luz, el sonido etc) hedatze, hedapen: velocidad de propagación de una onda, uhin baten hedatze lastertasuna.
Elhuyar hiztegietan ere, gaztelaniatik sartuz gero, bi kategoria horiek zehaztuta ageri dira, baina balibide lexikoak euskarazko sarrerekin lotuta badaude ere, aditz-izen hutsak direnek ez dute halako loturarik, hiztegietan normalean kodifikatzen ez diren baliabide sintaktikoak baitira. Elementu horiek bakarrik ageri dira elementu lexikotzat har daitezkeen sarreretan (hedatze-uhin, ugaltze-aparatu, barreiatze-bonba). Bestalde, Fisikako erregistro espezializatuetan finkatutzat ematen den hedapen sarreraren kasuan, hiztegiak ez du zehazten aditz-izenik.
Elhuyar hiztegiak
propagación es > eu
1 s.f. zabaltze, zabalkunde; hedatze, hedapen; barreiatze, barreiaketa la propagación del incendio: sutea zabaltzea
2 s.f. ugaltze, ugalketa la propagación de la especie: espeziea ugaltzea
3 s.f. (Fís.) hedapen velocidad de propagación de una onda: uhin baten hedapen-abiadura
Suposatzekoa da aditz-izenak aditzetiko izenen ondoan eta horien aurretik zehazteko hiztegigileen estrategia horren helburua dela erabiltzaileak ohartaraztea gaztelaniaz aditzetiko izena erabiltzen den guzti-guztietan ez dela izena baliabiderik egokiena euskaraz. Nolanahi ere, nire ustez, Euskal hiztegietan zabaldutako estrategia horrek ez dio laguntzen baliabide lexikoen finkapenari, eta nahasgarria ere gerta daiteke hiztegira baliabide lexikoen bila jotzen duen hiztunarentzat, aditz-izena eta izena maiz ez baitira baliokide semantiko-pragmatikoak. Ideia hori oinarritzen saiatuko naiz gaurkoan.
Nominalizazio deritzen fenomenoak oso konplexuak dira eta hizkuntzaren azterketa maila guztietan aurkitzen ditugu horien aztarnak: morfologian, sintaxian, semantikan, pragmatikan, diskurtsoan. Maila horiek guztiak konektatuta daude, gainera. Diskurtsoaren analisiaren ikuspegitik, nominalizazioa lotuta dago diskurtsoaren eraikuntza-prozesuekin: motibazio semantiko-pragmatikoen edo estilistikoen arabera, hizkuntzak eskaintzen dizkigun hiztegi-elementuen eta egitura sintaktikoen artean ezaugarri nominal jakin batzuk dituztenak edo ez dituztenak aukeratzen ditugu. Diskurtsoa eraikitzeko erabiltzen ditugun baliabide nominalak bi eratakoak izan daitezke: diskurtsoaren baliabideak edo sistemaren baliabideak.
Izan ere, ezaugarri nominaleko baliabideren bat eskatzen duen diskurtso-eskaera bati erantzuteko, ad hoc sor dezakegu baliabide nominal bat diskurtso-eragiketa baten bitartez.
(1) Hizkuntza bat ‘salbu’ bide dago, baldin eta hizkuntza hori hitz egingo duten umeak egongo direla kalkulatzen bada, baldin eta estatuak bultzatzen badu, edota baldin eta milioika lagunek egindakoa bada. Baldin asko gauza onerako.
(2) Miresgarria da itsasoaren handia.
Diskurtsoaren baliabideak diskurtsoa garatzen goazen neurrian sortzen ditugu, eta gerta daiteke hizketa-ekintza bukatzearekin batera suntsitzea, baina gerta daiteke baita hizkuntza-sistemaren parte izatera heltzea ere. Goiko adibideetan, esate baterako, edozein irakurlek esleitzen die izen-kategoria baldin asko eta handia elementuei, testuinguru diskurtsiboak gidatuta. Hala ere, diskurtso-egoera jakin batekin lotutako erabilera bakan batzuk ez dira nahiko izen-kategoriako baldin eta handi euskararen sistemaren osagai lexikotzat hartzeko. Ildo honetatik, ohiko hiztegietara jotzen badugu, ez dugu aurkituko izen-kategoriako azpisarrerarik aipatu sarrera horietan. Elementu horiek hizkuntza-sistemaren osagai izatera heltzeko, diskurtso-komunitate batek bere egin behar ditu eta erruz erabili modu partekatu batean.
Beste kasu askotan, aldiz, sistemaren baliabideak erabiltzen ditugu diskurtsoaren garapenean: nominaltasun maila bateko edo besteko baliabideak aukeratzen ditugu diskurtsoaren garapenaren mesedetan. Adibidez, 3 eta 4 adibideetan, izen kategoriako zenbait baliabide lexiko (igoera, istripu) erabili dira, baina baita zenbait ezaugarri nominal dituzten baliabide sintaktikoak ere (igotzea, igotzeko arrazoia):
(3) Euriborra % 2, 29 igo da. Adituen arabera, litekeena da ekainean interes tasak igotzea, eta hori izan da, beraz, euriborra igotzeko arrazoia. Interes tasen igoera horren ondorioz, familien zorpentzea ere «modu kezkagarrian» handituko dela aurreikusten da.
(4) Kamioi batek bi tona erregai askatu ditu bart. Istripua A8 errepidean gertatu da Zornotza parean.
Baliabide sintaktikoek erabateko emankortasuna dute. Alegia, igo aditzetik abiatuta, igotzea eta igotzeko arrazoia sortzeko erabilitako arau bera erabiliz, antzeko egiturak sor daitezke edozein aditz hartuta, diskurtsoak hala eskatzen badu: apurtzea, sinestea, konprometitzea, hedatzea, komunikatzea, irakastea, estaltzea… Sortutako aditz-izen horiek guztiek, gainera, antzeko semantika izango dute eta antzeko testuinguru sintaktikoetan erabili ahal izango dira. Hori dela eta, ez dira printzipioz hiztegietan jasotzeko hautagaiak. Aditzetiko izenak, aldiz, elementu lexikoak dira, eta horietako bakoitza mundu bat izaten da maiz morfologiari eta semantikari dagokienez: apurketa, sinesmen, konpromiso, hedapen, komunikazio, irakaskuntza, estaldura…
Nominalizazio-eskala batez hitz egin ohi da 3 adibidean ageri direnen modukoak deskribatzeko: igo > igotzea > igotzeko arrazoia > igoera. Aditzetik izenera doan eskala horren erdian, aditz kategoriakoak izanda ere zenbait ezaugarri nominal dituzten aditz-izenak daude, baliabide sintaktikotzat har daitezkeenak eta, eskalaren muturrean, aldiz, izen kategoriako elementu lexikoak. Hala ere, aditzetiko izenek aurrera egin dezakete oraindik ere nominalizazio-eskalan, semantika-aldaketaren bitartez. Sobera ezaguna den adibidea emateagatik, sarrera izenak sartzearen ekintza adieraz dezake (ikasleen sarrera zaratatsua), baina baita sartzeko lekua (ikastegiko sarrera) edota nonbait sartzeko eskubidea ematen digun objektua ere (kontzerturako sarrerak). Euskarak hitz-elkarketaren bidea ere badu aditzetik abiatuta askotariko esanahidun izenak sortzeko (egongela, egonaldi, abiaburu, adierazpide, eserleku, irakurgai, pentsamolde, ikerlan, ugal-aparatu…) baita aditz-izenetik abiatuta ere (jaiotze-data, alfabetatze-kanpaina, hedatze-uhin, ugaltze-aparatu).
Nominalizazio-estrategietara jotzen dute hiztunek diskurtso-beharrei erantzuteko, eta izen kategoriako elementu lexikoak diskurtsoan erabilitako nominalizazio-estrategien kristalizazioa baino ez dira. Izenak baino sortzen ez dituzten hamar bat atzizki ditu euskarak (-dura, -era, -keta, -kunde, -kuntza, -men, -mendu, -pen, -tza eta -zio), eta Ø atzizkiaren bidez ere sortu dira zenbait izen (eduki, abaki). Horietaz gain, –tze atzizkia ere badugu, aditz-izenak sortzen dituen atzizki flexiboa izateaz gain, zenbaitetan aditzetiko izenak ere sortzen dituena (berritze, etxegabetze…). Nolanahi ere, behin aditzetiko izen bat sistema lexikoan ondo finkatuta dagoenean, –tze daramatenak aditz-izentzat hartu ohi ditugu, eta baztertuta geratzen zaizkigu izenak behar dituzten testuinguruetatik.
(5) Behartsuen egoera (*egotea) aztertzeari ekin dio Frantziako Gobernuak.
(6) Euskararen eta euskarazko irakaskuntza (*irakastea) sustatzeko lanabes berriak.
(7) Batuketa (*batzea) egiten hasi, huts egin, ezabatu, eta berriz hasi.
(8) Egunean, batez beste, zortzi etxegabetze egiten dira aurten Hego Euskal Herrian.
Ondo finkatutako izen horiekin arazo gutxi ditugu hiztunok, baina, azken hamarkadetan euskara alor berri asko eta askotan erabiltzen ari garelarik, askotariko aditzetiko izenak erabiltzeko beharra sortu zaigu. Euskarak aditzetiko izenak sortzeko oso-oso sistema aberatsa duelarik, bereizketa morfopragmatikoak garatzen dira maiz aditz beretik sortutako izenen artean: itzulpen / itzulpengintza; batuketa / batura; haziera / hazkunde / hazkuntza; sorrera / sorkuntza / sormen… Hori da espero daitekeena, gainera, oso morfologia aberatsa duen euskara bezalako hizkuntza eranskari batetik. Nolanahi ere, bereizketa horiek euskararen sistemaren partetzat hartu ahal izateko, diskurtso-komunitate batek partekatuak behar dute izan, eta batzuetan ez da erraza hiztegi-ezagutza partekatu horretara heltzea. Esaten ari naizenaren adibide ona da duela egun batzuk Estitxu Garaik blog honetan idatzitako Itzulsortzen artikuluaren inguruan sortutako eztabaida.
Hiztegiek berebiziko garrantzia dute erabileran sortzen doazen aditzetiko izenak eta horien arteko bereizketa morfopragmatikoak finkatzen laguntzeko. Finkapen horretan laguntzeko, nire iritziz, hiztegigileek ondo bereizi beharko lituzkete baliabide lexikoak eta baliabide sintaktikoak. Eta, bestalde, abenduko Hiztegi espezializatua eta morfopragmatika artikuluan aldarrikatzen nuen bezala, hizkuntzaren erabileraren berri ematen diguten corpusak ikuspegi morfopragmatiko eta dinamiko batetik aztertu beharko lituzkete, erabiltzaileei gero eta informazio esangarriagoa eskaintze aldera.