Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà
Nik ez dakit posible izanen ote den inoiz gurean biren arteko solasetan edo are talde handiagoetan nork bere hizkuntzan –edo norberak nahiago duen hizkuntzan– hitz egin ahal izatea askatasunez. Hizkuntza aukeratzeko askatasun dontsua benetan ezagutuko ote dugun egunen batean hemen. Inoiz ohikoak izanen diren gure artean Katalunian hain arruntak diren elkarrizketak, zeinetan solaskide batek gaztelaniaz hitz egiten dion besteari, eta besteak katalanez erantzuten normaltasun osoz. Jakin badakigu, baten batzuek bestela sinetsarazi nahi badigute ere, hizkuntz hautua ez dagoela norbanakoen esku, eta hemengo elebakar gehienak euskara ulertzeko kapaz ez diren heinean, ezinezkoak izanen direla aipatu hizketaldi motak. Bitartean, estres linguistikoaren nekeak pairatu behar ezezagunen batekin hitz egin beharra suertatzen zaigunean.
Nolanahi ere, ez dut arrotzekin ditugun hizkuntz ohituren azpiko faktoreez gogoeta egin nahi hemen, soil-soilik plazara ekarri nire eta nire inguruko beste batzuei noizean behin sortzen zaigun galdera bat: zergatik egiten zaigu horren zaila euskarari eustea euskaldun hartzaileekin, hau da, hitz egiteko gai ez direnekin edo gai sentitzen ez direnekin, edo are euskaraz mintzatzeko gogorik ez dutenekin? Zergatik kostatzen zaigu hainbeste mintzaide horiekin euskaraz egitea ulertu eginen digutela dakigun arren? Ez dakit zein diren galdera horien erantzun egiazkoak: ohitura falta besterik ez den, adeitasunari buruz ditugun uste okerrak, euskararen eta gure bi erdara nagusien arteko distantzia, euskaldunon jendetasun neurrigabea, solaskidea nahigabetzeko beldurra… Jendartean nagusi diren jokamoldeak azpikoz gora jartzea nekeza da beti, bai, baina zein dira geu ere erdara erabiltzera bultzatzen gaituzten benetako faktore zehatzak?
Ikergai arrunt interesgarria delakoan nago. Datu guztien arabera, azken urteotako elebidunen gorakadak ez du euskararen erabilera handitu, baina mintzaidearen hizkuntzari atxikitzeko ohitura hausteko modua ikasiko bagenu, euskaldun guztioi handituko litzaizkiguke —neurri batean edo bestean, kasuan kasuan— euskara erabiltzeko aukerak. Eta, bestalde, halako egoeretan euskarari eutsiko bagenio, ez ote luke horrek halaber balioko euskaldun hartzaileen motibazioa eta ezagutza areagotzeko? Nik baietz uste dut.
Kontua garrantzi handikoa iruditzen zaidanez, aspaldi honetan neure burua aztertzen ibili naiz, neuk holakoetan zer egiten dudan eta nola sentitzen naizen begiratzen. Eta, besteak beste, honako hauek gertatu zaizkidala ikusi dut:
-Pediatra berria dugu osasun etxean. Orain sei hilabete hara joan eta gure artean euskaraz ari ginela entzutean, mesedez eskatu zigun hari euskaraz egiteko, dena ulertzen zuela, baina ez zela hitz egiteko gai eta gaztelaniaz mintzatuko zitzaigula. Ezinezkoa egin zitzaidan. Aldiro jo nuen gaztelaniara. Haserre atera nintzen kontsultatik, ez bakarrik ohartzeagatik zeinen erroturik dudan erdarara salto egiteko joera, baizik eta alabak ere ber gauza egin zuelako. Zer ikusi, hura ikasiren adibide huts bat? Eta nolatan eskatuko diot ba nik alabari gaztelaniaz besterik egiten ez duten ikastolako lagunei euskaraz egiteko? Eta nolatan eginen dio kasu irakasleari hark ere ikasle erdaltzaleekin euskaraz aritzeko eskatzen diolarik? Eneee!!!
-Iaz, ikastolako autobusaren zain, umeak eta lau heldu elkartzen ginen goizero: hiru euskaldun eta euskaldun hartzaile bat, Mikel. Gure arteko hizkuntza, noski, gaztelania. Egun batean, kemena bildu eta, Mikeli baimena eskatu ondoren, euskaraz hitz egiten hasi nintzen. Hasieran nabaria izan zen horrek taldean sortu zuen deserosotasuna, solaskide euskaldunak aldiro ibiltzen ziren batetik bestera saltoka. Baina, bi asteren buruan, euskara nagusitu zen gure hizketaldietan. Dena den, nahi baino gehiagotan, kezka bertsuek garrazten zidaten gogoa ustekabean: egia ote da Mikeli ez zaiola axola? Ez al zen lehenago, denok gaztelaniaz aritzen ginenean, hitzontziago? Eroso ote dago? Ez al naute denok hizkuntz talibantzat hartuko? Eneee!!
Bi adibide besterik ez dira, baina halako egoerak ez dira batere arrotzak nire inguruan. Horregatik, ahal dudanean, TELP tailer batean parte hartuko dut. Taller d´Espai Lingüístic Personal horiek, antza, norberak nahi duen hizkuntzari atxikitzen laguntzen ahal digutelako, norberaren asertibitate linguistikoa sendotzeko balio dutelako, baita norberaren hizkuntza ohiturez hobeki jabetzeko ere.
Oker egongo naiz beharbada, baina uste dut Kataluñan nor bere hizkuntzan dihardutenen arteko elkarrizketak ez direla batere ohikoak, katalanzaleek hori (sikiera) bultzatu nahi duten arren. Izan ere, irakurri ahal izan dudanagatik, katalandun gehienek espainierara egin ohi dute jauzi halakoetan. Besteti
Bestetik, arrazoi osoa duzu. Alferrik eskatzen diegu seme-alabei euskaraz egin dezaten, gure hizkuntz ohiturak erdarara hain lerratuta daudenean, egunean zehar jasotzen ditugun/ dituzten “input” gehien-gehienak erdaraz direnean, eta erakunde gehienek euskararen aldeko sentsibilizazio lanik oinarrizkoena ereoinarrizkoena ere egiten ez dutelarik…
Ardibidez:
http://zuzeu.com/2014/01/24/hain-gara-adeitsuak/
(eta barka mezuen soka. Ezin izan ditut post bakarrean helarazi).
Zoritxarrez, nik gero eta gehiago ikusten dut aita-ama euskaldun(zahar) askok euskaraz egiten beren umeei (adin guztietakoak, kontuz!) eta hauek, normaltasun osoz hain zuzen, erdaraz erantzuten. Eta ez dut uste konponbidea inola ere dagoenik instituzioek egin beharreko sentsibilizazio-kanpainetan.
Horietan bakarrik ez, baina horiek konponbidearen parte beharko dute, konponbiderik bada. Eta sentsibilizazio kanpainak bainoago, euskaldunekiko sentsibilitatez jokatzea da garrantzitsua. Gizartearen eta agintarien babesik gabe, alferrik saiatuko dira guraso horiek seme-alabetan euskaltzaletasuna sustatzen.
Itziar: zuk aipatzen dituzun egoera horietan, bada faktore bat, nire ustez, giltzarria: solaskide bakoitzaren posizioa. Pediatraren kontsultan, zu haren behar larrian zaude, nolabait esateagatik; berak, aldiz, ez zaitu ezertarako behar. Oso posizio ahulean zaude. Niri berdin gertatzen zait lanean, informatikari euskaraz-ulertzen-duen-baina-egin-nahi-ez-duen batekin: berak ni ez nau ezertarako behar (itzultzailea bainaiz), baina nik haren premia larria izaten dut sarritan, aplikazioak pott egiten duenean, zerbitzaria ez dabilenean, nire ezjakintasun informatikoak lotsarazten nauenean…
Probaleku egoki tipikoa okindegia, taberna… izan daiteke. Ez duzu askorik jokoan; galtzekorik ez; erantzun positiboa jasotzeko aukera ugari, eta, gauzak okertuz gero, eta beti daukazu modu dotore batez alde egitea. Zu bestearen gainetik zaude, espresioa zilegi bazait.
Jakin egin behar da, une eta egoera bakoitzean, posizio ahulean edo indartsuan gauden. Horrek hormaren kontra alferrik talka ez egiten lagunduko digu; frustrazioak ekiditen.
Artikulu interesgarria idatzi duzu Itziar. Zergatik egiten zaigu horren zaila euskarari eustea euskaldun hartzaileekin? Zergatik kostatzen zaigu hainbeste mintzaide horiekin euskaraz egitea ulertu eginen digutela dakigun arren? galdera horiei erantzuteko gakoak aipatzen dituzu artikuluan, ohiturak, aurreiritziak, beldurrak, gizartean nagusitzen den arauaren kontra egitearen nekea… Jasotzen ditugun ereduek ere eragin handia dute. Pertsona bakoitzean arrazoi horien guztiak nahasten dira. Ikertzeko gai interesgarria benetan, baina erantzun bakarra izango ez duena seguruenik.
Aipatzen dituzun TELP tailerretan portaera horiek ulertu eta hortik aurrera nola jokatu daitekeen proposatzen dugu, sortzen zaizkigun egoeretan erabili daitezkeen baliabide sorta bat eskainiz. TELP tailerren helburua da euskaraz aritzea noiznahi, nonahi eta batez ere, eroso sentituz.
Laster TELP tailer batean ikusiko garela espero dugu.