Santi Leoné
Aspaldi honetan, modan dago euskalkiek eta euskara batuak osatzen duten bikote horretan bigarrena seme tontotzat hartzea: mundura ekarri dugunez ume itsusi eta motela dela disimulatu eta maitatzen saiatu bertze erremediorik ez dugu, baina, aukeran, euskalkiak –bizkorrak, ederrak, argiak– dira gozamena eragin eta harro sentiarazten digutenak.
Moda horren adibide franko izan ditugu: Ibon Sarasola irratian –Xabier Euzkitzek artikulu batean egoki kritikatu zuen bezala–, edo Iñaki Segurola blog honetan berean. Azken alea, Txerra Rodriguezen post bat Garagoikoa blogean, Jon Sarasuaren Hiztunpolis liburuaren kariaz. Komentario horiek guziak ongi ulertu baditut –baina beharbada euskaldun berri naizen honen moztasunak traba egin dit–, euskara batua da kritikatzen dena, eta ez haren makur jakin batzuk. Euskara batua bera tresna kamutsa da, jostetarako motela, sentimenduetarako eskasa, eta ez nahikoa, oro har, funtzio komunikatibo hutsetik haratago. Kontua ez da, antza, erdara nagusi den giro batean bizi den batendako bereziki zaila izaten ahal dela hizkuntzaren zenbait alderdi nahiko lukeen bezain ongi garatzea. Afera, nonbait, ez da soziolinguistikoa. Afera da hizkuntzaren jenioa euskalkietan dagoela eta euskara batua –behin ikasle batek, erdi lotsatua erdi etsia erran zidan bezala– plastikozko euskara dela.
Nafarroak –itsas aldekoak eta lehorrekoak– mundua txunditua utz dezan, iduri luke hizkuntza normalizatua gaitzetsi eta herriko hizkera dialektala eredu har dezagun tematuak dabiltzala batzuek. Eta ez dut erran nahi euskalkien iturritik deus ezin ikas daitekeenik (gure semeak, adibidez, euskalkidun ez alfabetatu artean ikasi zuen 5 dela “zinko”, 85 “otxentaizinko” eta 100 “zien”, eta ez –nik euskara batu motelean erakusten nion bezala– bortz, lauretan hogeita bortz eta ehun; eta, orobat, ikasi zuen zutitu aitzin erranera egokiena “a la de una, a la de dos y a la de tres”, eta ez “bat, bi eta hiru” estetikoki zikiratzaile hori; zeren gutitan aipatzen baita euskalkidun anitzen maingua –are gehiago, zenbaitek hainbertze maite dituzte makuluak, ezen behar ez direnean ere erabiltzen baitituzte–), baina nire ustez, toki zibilizatu normal guzietan bezala, hizkuntza estandarra da bultzatu beharra. Bertze kontu bat da euskara mintzatua eta euskara idatzia berdinak izan behar ote diren –eta bistan da ezetz.
Bertzenaz, komeniko litzateke Jon Sarasuaren liburua (edo potoloegi bada, Txerra Rodriguezen pilulak bederen) lehenbailehen itzultzea, ikasle hasiberriek jakin dezaten euskara ikasteko eginahal handiak egin eta gero, zerbait ikastekotan, bigarren mailako plastikozko hizkera ikasiko dutela, eta etengabe barkamen eskaka ibili beharko dutela beren mintzo motel bizitasun gabe hori dela-eta. Eta euskara batua hori bada, hobe hasieratik argi uztea. Bertzenaz, ez gaitezen harritu, ikasi eta gero, frustrazioak joak, ez badira jeniorik gabeko hizkuntza artifizial hori erabiltzera animatzen.
Gustatzen zaigu gero polemika! Euskalkia arrazoi ximple eta argi batengatik da batua baino biziago: euskalkian komunikatzen den komunitatea euskaraz bizi da normalean. Euskara batua beharrezkoa egiten den tokietan euskara beti da komunitate horretan gutxien erabiltzen den hizkuntza; espainola edo frantsesa nagusi diren eremuetan hitzegiten da batuaz, konkistatu beharreko esparruetan, alegia. Euskaraz hitzegin nahi arren, inguruko jendeak askotan erdarara pasatzera behartzen zaituen tokietan soilik gailentzen da euskara batua.
Ta horrek ez du esan nahi beharrezkoa ez denik, eta horregatik plastikozkoa denik. Baina ez da hain ulertu zaila betidanik euskaraz hitzegin den tokietako euskaldunek euren ama hizkuntza gisa jaioterriko hizkuntza ikustea eta ez ikastolan ikasitako euskara batua. Horregatik goratzen dute hauek herriko hizkuntza, ez batuari kontra egiteagatik, edota euskaldun berrien moztasuna azpimarratzeko.
Ni herri peto peto euskaldunean jaioa naiz, eta Iruñean bizi naiz. Iruñean euskara batua erabiltzen dut, nire lagunekin eta ahal dudan guztiekin, baina inguruak askotan behartzen nau tamalez gazteleraz hitzegitera, bai lanean eta baita arrandegian, azokan edota tabernetan ere. Ondarruko batek ondarrueraz hitzegiten badit nik batuaz erantzun diezaioket, edo hala nolako sasieuskaraeuskalkinahasketa bat egiten dut, baina aizue, nire herriko batekin topo eginez gero ez guri esan batuaz egiteko, ezinezkoa da, hor barru barruko konexio bat azaleratzen da, “gure Hizkuntza” ateratzen zaigu: gure herriko euskalkia.
Hemen ez da bat txarragoa eta bestea hobeagoa. Interlokutorea nor den ikusita, bat egokiagoa eta kitto. Eta bai, zer esango dizuet ba, bizi naizen tokian euskara batua egunero erabiltzen baldin badut ere, nik ezin dut imajinatu neure burua hil zorian burua galdu eta zentzurik gabeko ergelkeriak esaten hasten naizenean, ez gazteleraz, ez frantsesez, ez italianoz, ez inglesez (dakizkidan atzerriko hizkuntzak), eta ezta euskara batuaz ere.
Nire postari erantzun diozu (esker mila), baina ikusten dut, funtsean, ados gaudela. Nik ez nizuke inoiz eskatuko zure herriko lagunekin edo -are gutiago- hil aitzineko sukar-ametsetan euskara batuan egiteko, eta arrunt ongi iduritzen zait egoera horietan eta bertze hainbat egoeratan zure euskalkia baliatzea. Ni ez nago euskalkien kontra. Ni euskara batuaren alde nago. Ikuspuntu horretatik, nire iduriko, kezkagarria da euskararen aldaera estandarra gaitzesteko hedatzen ari den joera (eta jarrera anti-intelektual batekin batera doanean, kezkagarria ez ezik, amorragarria ere egiten zait). Estandarra bultzatzeak, gainera, ez du erran nahi euskalkiak desagertu behar direnik: Suitzako alemana osasuntsu omen dabil, baina hango idazleek aleman estandarra erabiltzen dute gaur egun, eta erabili izan dute iraganean ere.
Bertzalde, euskalki biziak / euskara batu motela bereizketa hori zurrunegia iduritzen zait, eta tranpatia, eta lotua dago, nire ustez, euskaldunzahar / euskaldunberri etiketen betikotze gogaikarriari: badira euskara batuan xarmantki moldatzen diren euskaldunberriak (hiri buruzagiko nire lagun batzuk, adibidez), eta badira, orobat, euskara pobre samarra duten euskaldunzaharrak ere. Alabaina, kategoria horiek indarrean dauden heinean, euskara batua bertzerik ez dakien euskaldunberriari -ederki moldatuta ere- etengabe sentiarazten zaio zerbait falta duela, euskaldun akastuna dela, eta hori ez da egia.
Sailkatzekotan, erabiltzen duten euskararen kalitatearen arabera sailkatu beharko lirateke hiztunak, ez segun eta EGA noiz eskuratu zuten, edo euskararen zer aldaera erabiltzen duten. Eta, akaso, euskalkiak / euskara batua bereizketa hori baino emankorragoa izan liteke euskara mintzatua / euskara idatzia banaketa. Edo ez.
Polemika maite ote dudan? Bueno, hain aspergarriak dira, bertzenaz, igandeak…
Ama euskaldun zaharra dut eta benetan diotzut Santi, euskaldun akastuna da, eta euskalkian -ederki moldatuta ere- etengabe sentiarazten zaio zerbait falta duela. Kasu honetan euskalkia ez, euskara batua falta zaio nire amari. Kalitate txarreko euskara helarazi diote gurasoek nonbait, Xabier Aristegietak hor beherago dioen moduan erdarakada aunitz eta euskara pobre gehiago duen hizkuntza helarazi diote -euskara batuan erdarakadak eguneroko bazka ez balira!- eta ez, ez du EGA agiria inoiz eskuratuko ene amak. ‘Berria’ nekez irakurtzen du, ez du jarrera anti-intelektualik -intelektualik ere ez-, are eta gutxiago daki euskararen aldaera estandarra gaitzesteaz ezer.
Hari esker dakit nik euskaraz, ordea. Badakizu, beste garai batzuk ziren.
Niri ere gustatzen zait igande aspergarriak gozatzea 😉
Gustatu zait Santik eskribitu duena, eta uste dut, gainera, arras zuzen den erraten duen horretan guzian. Baina arazoa ez da, nik uste, euskara batua vs euskalkiaren artean hautua egitea, euskara baturik ezin baita existitu euskalkirik gabe. Arazoa euskara batuaren barneko ereduetan gertatzen dena da, nire ustez.
Ez dut batere gogoko izaten nik neronek erranak gogora ekartzea argudiobide gisan, baina badut uste hemen egokia den Leioako campusean Euskaltzaindiak 1994an egin zuen bilkuran eman nuen hitzaldiaren muina biltzea. Batasuna Euskaltzaindiak garatu eredu batean oinarritzen da. Eredu horri, nork hartzen duen, itxura bat emanen dio, edo bertze bat. Anjel Lertxundi batek, konparazione, eredu hori hartu eta berak gehien ibiltzen duen euskalkiarekin hornituko du. Eta berdin eginen du Atxaga batek, Urretabizkaiak edo Saizarbitoriak. Espresuki hautatu ditut izen horiek. Horiek “euskara batua” deitzen dugun hori eredu berezi batera moldatu dute. Gainerakook, ni neroni barnean, haiek ibiltzen duten eredu hori barneratu dugu, usteketan beharbada, eta eginahalka ibiltzen gara antzeko zerbait paperean paratu nahian. Baina hori eginez, bi gauza nahasten ari gara: “Euskaltzaindiaren eredu batua” (eredu formal hutsa, uste dugun baino ezaugarri gutiago dituena), eta “eredu batu soziologikoa” (gipuzkera eredu batuan moldatua, funtsean): hitz hori ibili nuen Leioan, ez dakit egokia den, berdin zait: erran nahi dut, hitz horrekin izena eman nahi diot idazle gehienek de facto ibiltzen duten ereduari. Baina hori ez da nahitaez Euskaltzaindiak eman arauak betez ibil daitekeen eredu bakarra.
Ez da, gainera, hori bakarrik gertatzen: urrunago joanik, eredu horren hesten ahalegintzen gara. Egun hauetan ikusi dut nonbait “barkatu” aditzak “nori” eskatzen duela, eta ez “nor”, adibide bat paratzeagatik. Arau gisan proposatzen zuen norbaitek. Egia da Hiztegi Batuak “barkatu” sarrera “du” aditzarekin markaturik ematen digula. Baina ni ez nintzateke urrunago joanen, gauzak aisegi errateko arrisku handia baitugu bertzenaz. Hitz hori bigarren itzulian sartu zen, eta ez dakit zenbateraino duten balio bera lehenbiziko eta bigarren itzulietako sarrerek. Nik nire zalantzak ditut, eta ez zait gustatzen batere horrenbertze arau sartzea hizkuntza bizi batean, baditugu aski arau gehiago sartzen ibiltzeko. OEHko adibideak ikusirik, konparazione, “barkatu” aditza nori-rekin ere ibili dute zenbait autorek, adibide gehienak “nor”-ekin badira ere: Gazteluzar, Echegaray, Alzaga, Zubiri, Barriola, Mirande, Aresti eta Larrek. Horien maisutasuna bertze eremu batzuetan aipaturik, orain gaitzesi behar dugu haiek ibiltzen duten aldaera hori? Zergatik?
Gaur egun, ñabardura ttipi batzuk kendurik, han-hemenka ibiltzen ditugun testu idatziek soinu bera dute, berdintsu da nork eskribitzen duen, eta non. Iparraldean badira, egia da, salbuespen aipagarri batzuk, baina bertzenaz iduri du ezinbertzez bortxatuak garela eredu baten ibiltzerat. Eta pentsatzen dugu, gainera, hola ez badugu egiten, batutik urruntzen ari garela. Ez da hala: orain arte eskribitu ditudan lerroak ez dira sartzen batasun soziologiko horretan, baina batuan dira, bertze batu klase batean. Bereizketa hori gogoan izatea inportantea da, hori kontuan izanik, ez baikenuke inolako arazorik izan behar euskalkien berezitasunekin saltsatzen ibiltzeko, eta berezitasun horiek, koherentziarekin, hori bai, testuetan sartzeko. Koherentzia atxiki behar baita: “zuk erran legez” bezalako bat, konparazione, ez dut uste xuxen ibilia den. Batasun soziologiko horretatik urruntzen gara zenbaitetan, egia da, bazterretako euskalkietatik hitzak hartzeko, eta orduan ere batzuetan ez dugu batere ongi asmatzen: nola batzuen euskalkian ez den “anitz” hitza ibiltzen, eta hitz hori aski exotikoa egiten zaien (hain segur ere, ibiltzen ez dutelakotz, haiena “asko” da), hartaz baliatuko dira “anitza” bezalako astakeriak (“anitz” hitza sortzetik ibili dugunok sekula santan erranen ez genukeena) eskribitzen hasteko. Berdin gertatzen ari da, azken bolada honetan “baitan” horrekin ere: orain, “PNV-n”, edo “PNV-ren barnean” natural horien ordez, apalegiak hain segur ere, “PNV-ren baitan” nahiago dugu, biziki arrotz egiten zaiguna, eta deigarria zinez, betitik “baitan” ibili izan dugunoi. Guk ez genuke inoiz ere hola ibiliko. Baina barrokoagoa da, hori bai.
Bi kontzeptu horietan pentsa bageneza, “batasun formala” eta “batasun soziologikoa” zeini bere tokia emanik, badut uste euskalkien eta batuaren arteko ezin elkartze horiek bertze modu batekoak izanen liratekeen. Batasuna aise hobeki horni baitaiteke euskalkien aberastasunekin, eta biziki ongi garatu, eredu soziologiko hori zabalduz aldi berean, txokokerietan erori gabe. Denek irabaziko genuke.
Bada, ados nago, nik ere uste baitut “arazoa euskara batuaren barneko ereduetan gertatzen” dela. Izan ere, batasun soziologiko horretan sartzen ez diren idazleak -Mikel Taberna edo Aingeru Epaltza- ditut gustukoen (estilo kontuetan, bederen), eta neroni ere saiatzen naiz nire idazkietan estilo nagusi horretarik urruntzen -bertze kontu bat da noraino erdiesten dudan-. Gaizki dagoen arren, neronek erranak ere ekarriko ditut gogora, iazko zutabe honek (http://paperekoa.berria.info/plaza/2013-04-09/040/002/estua.htm) ados gaudela erakusten baitu.
Testuingurutik testu bat atera, nire galbahe propioa jarri eta sekulakoa egin. Horixe da nire bekatua, eta aitor dut, horrela egin dut. Sarasuaren kapitulutxo bat nire erara moldatu dut eta itzela egin. Mea culpa, ostera ere.
Baina … gatozen apur bat erdigunera. Sarasua testu horretan ez da ari euskalkien eta batuaren balizko gatazka batez (nire ustez eta nire inguruan esistitzen ez dena). Motibazioaz ari da, euskalkian aritzen direnen motibazioaz hain zuzen ere.
Ez du esaten euskaldun berriok jai dugula, sekula ez dugula jenio linguistikoa izango. Ez du hori esaten. Baina tira … muturrera eraman duzue testuingurutik ateratako testua eta …
Baina nik ondo ezagutzen dudan errealitate bat ekartzen du plazara (oso gutxitan aipatua izan dena, nire ustez). Euskalkidun askok nor-ago sentitzen dira euskalkian arituta, ahozkoan zein idatzizkoan (mezu elektronikoetan, guasapean eta abar). Eta hala da. Edo horrela ikusten dut nire inguruan.
Eta Sarasuak esaten duena da horiek ere hartu behar ditugula aintzat. Funtzio motibatzailea betetzen duen heinean. Motibatu egiten dituen heinean. Eta horrek ez dakar (edo ez du ekarri behar) batuaren kontra egitea, nire ustez behinik behin. Eta nire ustez afera soziolinguistikoa da guztiz, abiatu garen egoera makurrean du sorburu, eta oraindik lortu ez dugun egoera ez hain makurra du elikabide.
Gai honi buruz nik izan ditudan elkarrizketa guztietan, nire esperientzia izan da euskalkiaren defentsa egin izan dutenek, egiazki, erdarakaden edo sekulako hizkera pobrearen defentsa besterik ez dutela egin.
Beharbada batzuek uste dute euskara batua pobrea dela, baina hizkuntzaren altxor guztia gure esku dago ustez “pobre” litzatekeen hori aberasteko. Nik watxapean ahozko formak idatzi ohi ditut, baina oso garbi dut hizkuntza batu eder eta praktikoa dela landu beharrekoa. Baita telebistako saioetan ere, ze, euskalkiak erabili erabil daitezke, baina beharbada hitzak osoago ahoskatuz.
Eta egia da, Xabierrek esan duen moduan, euskalkien edo ahozkoaren alde egitean, gehiegitan sartzen direla erdal esamoldeak, eta kaleko errealitatea bada ere, grazia egiteko edo erabiltzen dira jendaurreko saio batzuetan.
Euskitzeren iruzkinarekin bat nator, alabaina, eta erreboteari eutsiz, ez dute “kontrako eztarrian” hipereuskalkiaz abusatzen? Bada ez-gipuzkoarrik, Alkainen, Paulinoren eta Galartzaren jarduna ganoraz harrapatzen duenik?
Bizkaitarrik, baxenafarrik… ezin liteke sartu tartean?
Arazoa ez da batua / euskalkiak. Arazoa erabat soziolinguistikoa da: ordezkapenaren zein fasetan gaude?
http://zuzeu.com/2014/01/24/hain-gara-adeitsuak/
Plas plas plas plas