Santi Leoné
Aspaldi honetan, modan dago euskalkiek eta euskara batuak osatzen duten bikote horretan bigarrena seme tontotzat hartzea: mundura ekarri dugunez ume itsusi eta motela dela disimulatu eta maitatzen saiatu bertze erremediorik ez dugu, baina, aukeran, euskalkiak –bizkorrak, ederrak, argiak– dira gozamena eragin eta harro sentiarazten digutenak.
Moda horren adibide franko izan ditugu: Ibon Sarasola irratian –Xabier Euzkitzek artikulu batean egoki kritikatu zuen bezala–, edo Iñaki Segurola blog honetan berean. Azken alea, Txerra Rodriguezen post bat Garagoikoa blogean, Jon Sarasuaren Hiztunpolis liburuaren kariaz. Komentario horiek guziak ongi ulertu baditut –baina beharbada euskaldun berri naizen honen moztasunak traba egin dit–, euskara batua da kritikatzen dena, eta ez haren makur jakin batzuk. Euskara batua bera tresna kamutsa da, jostetarako motela, sentimenduetarako eskasa, eta ez nahikoa, oro har, funtzio komunikatibo hutsetik haratago. Kontua ez da, antza, erdara nagusi den giro batean bizi den batendako bereziki zaila izaten ahal dela hizkuntzaren zenbait alderdi nahiko lukeen bezain ongi garatzea. Afera, nonbait, ez da soziolinguistikoa. Afera da hizkuntzaren jenioa euskalkietan dagoela eta euskara batua –behin ikasle batek, erdi lotsatua erdi etsia erran zidan bezala– plastikozko euskara dela.
Nafarroak –itsas aldekoak eta lehorrekoak– mundua txunditua utz dezan, iduri luke hizkuntza normalizatua gaitzetsi eta herriko hizkera dialektala eredu har dezagun tematuak dabiltzala batzuek. Eta ez dut erran nahi euskalkien iturritik deus ezin ikas daitekeenik (gure semeak, adibidez, euskalkidun ez alfabetatu artean ikasi zuen 5 dela “zinko”, 85 “otxentaizinko” eta 100 “zien”, eta ez –nik euskara batu motelean erakusten nion bezala– bortz, lauretan hogeita bortz eta ehun; eta, orobat, ikasi zuen zutitu aitzin erranera egokiena “a la de una, a la de dos y a la de tres”, eta ez “bat, bi eta hiru” estetikoki zikiratzaile hori; zeren gutitan aipatzen baita euskalkidun anitzen maingua –are gehiago, zenbaitek hainbertze maite dituzte makuluak, ezen behar ez direnean ere erabiltzen baitituzte–), baina nire ustez, toki zibilizatu normal guzietan bezala, hizkuntza estandarra da bultzatu beharra. Bertze kontu bat da euskara mintzatua eta euskara idatzia berdinak izan behar ote diren –eta bistan da ezetz.
Bertzenaz, komeniko litzateke Jon Sarasuaren liburua (edo potoloegi bada, Txerra Rodriguezen pilulak bederen) lehenbailehen itzultzea, ikasle hasiberriek jakin dezaten euskara ikasteko eginahal handiak egin eta gero, zerbait ikastekotan, bigarren mailako plastikozko hizkera ikasiko dutela, eta etengabe barkamen eskaka ibili beharko dutela beren mintzo motel bizitasun gabe hori dela-eta. Eta euskara batua hori bada, hobe hasieratik argi uztea. Bertzenaz, ez gaitezen harritu, ikasi eta gero, frustrazioak joak, ez badira jeniorik gabeko hizkuntza artifizial hori erabiltzera animatzen.