Erreka aldean

Mikel Taberna Irazoki

Blog honetan berean berriki Karlos Zidek idatzi zuena aitzakia gisara baliatzea gogoratu zait, herrien izen ofizialak direla-eta gure Nafarroako erkidego santu honetako kontu batzuk zerttobait argitzeko. Hasieran, luze eta zabalago aritzeko asmoa nuen, baina, zalantza-putzu edo lintzura batzuetan plisti-plasta ibili ondotik, nerau nahasteko arriskua ikusi eta deliberatu dut hobe nuela xede apalagoa hautatu. Beraz, bederatzi puntuko bertso luze txarrik ez, kopla kaxkar batekin (eta haren oihartzun batzuekin) konformatu beharko duzue.

1) Zeruan eder izarra / Erreka aldean…Lizarra

Honela zioen Karlosek aipatu testu hartan: “…euskal eta erdal izenak barra batez bereizita ageri direneko formula, hala nola Donostia / San Sebastián edo Pamplona / Iruña. Zoritxarrez, badira udalak kontrako bidea egin dutenak. Esaterako, Lizarrakoak Estella/Lizarra baztertu eta Estella-Lizarra lehenetsi zuen…”.

Lizarrakoa izan gabe (barkatuko didate atrebentzia), saiatuko naiz argitzera zergatik hartu zuen jarrera hori Lizarrako Udalak:

Lizarrako Udalak eskaturik, Nafarroako Gobernuak 1991n erabaki zuen, dekretu bidez, herri horren izen ofizialak Estella eta Lizarra zirela.

Nafarroako Gobernuak berebat, urte hartan berean eman zuen bertze dekretu baten bidez, halako kasuetan (herri batek bi izen) zeuden herrien izen ofizialak testu idatzietan nola erabili behar ziren arautu zuen: zein hizkuntzatan idatzita dagoen administrazio-testua… “bi izen ofizialetatik hizkuntz horri dagokiona izanen da erabili beharrekoa”.

Beraz, herriaren euskarazko izen ofizialak bedeinkatzeko araua etorri zen, alde batetik, eta, bertzetik, izen ofizial horiek nola erabili behar ziren zehazteko manua.

Baina, horietaz gainera, bertzelako aginduak ere eman zituen Gobernuak (edo kasuko gobernu-organoak); konparazio batera, erran zuen Nafarroako “eremu misto”ko eta “erdal eremu”ko errepideetan herrien izenak gaztelaniaz idatzi behar zirela bakarrik. Agindu horrek “Lizarra” eta “Estella” izen ofizialak zituen herriari eragiten zion, Ega bazterreko populazio hori, Nafarroako hizkuntz zonifikazioaren arabera, “misto” deritzan eremuan dagoelako (“misto” deituta, nola harritu inoiz sutzen badira?).

Hori ikusirik, Lizarrako Udalak (UPNk ez gainerako alderdi guziek) erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea izen bikoitza izan nahi zuela. Hain justu ere, euskarazko izena ikusarazteko, gorde nahi zutenen/ikusi nahi ez zutenen begiak mintzeko. Gobernuak ez zion eskaera hori onartu, eta udalak auzitara jo behar izan zuen. Azkenean, epaitegiek arrazoia eman zioten Lizarrako Udalari. Horrexegatik du gaur egun izen bikoitza.

*Eranskina: Nafarroako eremu mistoko eta erdal eremuko herriak

Eremu mistoan edo erdal eremuan egonagatik, Nafarroako herri gehienek (hagitz anitzek, bederen, bai) euskal izena dute (nahiz erdal grafiarekin idazten diren jeneralean) edo euskal izena ere badute. Eta Euskaltzaindiak emana du nola den horietako bakoitzaren euskal era arautua.

Lizarrako Udalak 1991n egin zuen bezala, herriaren euskal izena ofizialdu nahi duten bi eremu horietako udalek Nafarroako Gobernuari espres eskatu behar diote urrats hori egin dezan.

Eta, gisa horretan, dagoeneko mordoxka batek lortu du bere euskal izena ere ofiziala izatea. Horietako batzuk aipatuko ditut hemen, inoiz inork erabili behar baditu, araututako era zein den jakiteko. Ikusiko duzue zenbait kasutan ez direla bi izen, bi eratara idatziriko izen bera baizik, baina horrelaxekoa da gure egoera. Hona hemen: Aibar<>Oibar, Aoiz<>Agoitz, Burgui<>Burgi, Burlada<>Burlata, Cirauqui<>Zirauki, Ezcároz<>Ezkaroze, Huarte<>Uharte, Lizoáin<>Lizoain, Monreal<>Elo, Mutilva<>Mutiloa, Ochagavía<>Otsagabia (kasu honetan oroitu “–a” dela), Olite<>Erriberri, Peralta<>Azkoien, Puente la Reina<>Gares, Roncal<>Erronkari, Sangüesa<>Zangoza, Tajonar<>Taxoare, Villava<>Atarrabia, Yerri<>Deierri…

Orbaibarko (ez Valdorbako) herri hauek ere bai: Leoz<> Leotz, Unzue<> Untzue, Oloriz<> Oloritz…

Pamplona<>Iruña ere bai, jakina (bertako udalak eskatu beharrik izan gabe; Gobernuak berak erabaki zuen erkidegoaren hiriburuaren izena zehaztu behar zela). Kasu honetan, kontuan hartuz Euskaltzaindiaren proposamena “Iruñea, –a” dela, Gobernuak erabaki eta administrazioetan aritzen garenoi behartu diguten “Iruña” izenarekin ere “-a” egiten dugu (Iruña, Iruñak… Iruñean, Iruñetik, Iruñeko, Iruñera).

2) … Lizarrerria onartu arte / ez zuten kendu bizarra!

Lizarra inguruan, eskualde mordoxka biltzen duen lurraldeari gaztelaniaz “Tierra Estella” erraten zaio. Ez dakit bete-betean bat heldu den “Lizarrako merindadea” deritzotenarekin (Nafarroa Garaiko bortz merindadeetako bat), baina nonbait hor izanen da. Nolanahi ere, izen hori euskaraz, Euskaltzaindiak dioenez, “Estellerria (-a)” da, aspaldiko tradizioa kontuan hartuz.

Bertako euskaltzale anitzek, ordea, ez dute gogo onez hartu erabaki hori. “Lizarra” izena defenditu behar izan baldin badute “Estella” bertzerik gabe nahi zutenen aurka, orain nola onartu “Estellerria”? Horiek horrela, “Lizarrerria (-a)” proposatu eta bultzatu dute, eta arrakasta izan dute. Izan ere, proposamenari harrera ona egin zaio eta izena dezente zabaldu da. Euskaltzaindiak berak aipatzen du, bertzeak bertze, 143. arauan: “Lizarrerria: Estellerria-ren neotoponimoa”. Hortaz, neotoponimoa, Durangerria, Enkarterria, Tafallerria eta Zangozerria bezalaxe (ikus aipatutako araua), baina normal samar erabiltzen dena.

Zergatik ekarri dudan lerro hauetara? Lizarrako kiroldegiari “Pabellon deportivo Tierra Estella-Lizarrerria” izena paratu ziotelako orain dela urte batzuk, baina kiroldegi horretan berean “LizarreRia” ikusiko dugulako zenbait tokitan idatzirik (eta prentsan eta karteletan; erratariak –eskerrik asko, Iñaki– baditu milaka aurpegi), eta komunikabideetako esatariei ere ez dakit ez ote zaien behin baino gehiagotan “eskapatu” (ez hartu gaizki, dabilenari gertatzen zaio) behin baino gehiagotan: “LizarreRia kiroldegian arituko da gaur arratsaldean Itxako eskubaloi taldea”. Badakit, “erre” sobera, “egge” erraten dutenentzat sufrikarioa, baina…

3) Koplaren oihartzunak ekarrita, ohar pare bat

3.1 Inork jakin nahi badu toponimiari buruz Nafarroan zer erabaki hartu diren Euskararen Legea 1986an ezarri zenetik, hemen aurkituko duzue arauen bilduma eguneratu bat (eta gauza gehiago ere bai):

http://www.navarra.es/home_eu/Navarra/Derecho+navarro/lexnavarra/Toponimia/

3.2 Nire sarrera honetarako akuilu izan den artikuluan, iruzkingileekiko mezu-trukean, Karlos Zidek baieztapen niretzat harrigarri hau egin zuen: “Bide batez esanda, Amezketakoei, espainieraz, “amezcoanos” esaten zaie”.

“Amezcoano” erraten dute, nik dakidala, “Amescoano” erran nahi dutenek, Estellerriko/Lizarrerriko ameskoarrak aipatzeko. Zenbait herri biltzen dituzten bi ibar ditugu hor, Ameskoabarrena (-a) eta Ameskoagoiena (-a), Urbasa mendiaren magalean eta Urederra ibaia sortzen den paraje ikusgarrian.

Ameskoarrak erdal eremuan apartatu zituen Nafarroako Gobernuak. Herri horietako bizilagunek behin eta berriz eskatu diote Iruñeko Gobernuari eremu “misto”an bederen sar ditzaten, hango ikastetxe publiko bakarrean D ereduko lerroa ireki ahal izateko (erdal eremuan, ikastetxe publikoetan, ezin da D ereduko lerrorik izan gaur egungo legeriarekin).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude