Karlos Cid Abasolo
Leku- edo pertsona-izenetatik eponimoak deritzen hitz berriak (izenak, adjektiboak, aditzak…) sortzeko, besteak beste, atzizkibidea baliatu ohi dute hainbat hizkuntzak. Atzizki horiek hizkuntza bakoitzaren baitakoak izan daitezke, edo maileguak. Euskarari dagokiolarik, diglosia-egoeran bizi denez, hizkuntzaren baitakoak bazter utzi eta erdal atzizkiak lehenesteko joera izaten da. Eta agian bada garaia egoera iraultzekoa, idatzizko euskaran behinik behin. Aurreko testu batean, herritar-izenez jardun nuen. Oraingoan, ordea, pertsona-izenetatik sortutako adjektiboak ekarriko ditut hizpidera, Egungo Testuen Corpusean oinarriturik. Honatx adibide batzuk, zeinetan ikusiko den zein den nire proposamen ezin sinpleagoa, hots, jatorrizko izena errespetatzea eta euskal atzizki bat erabiltzea (-(t)ar jatorri-atzizkia, hain zuzen), erdal atzizkietara jo ordez:
- cervantino (2 agerpen). Nire proposamena: cervantestar (2 agerpen –aupa! –).
- dantesko (gehienetan, «espantuzkoa» adieraz erabilia): 40 agerpen. Nire proposamena: dantetar (0 agerpen. Tamala).
- edipiko (31 agerpen). Elhuyar hiztegian ere ageri da. Nire proposamena: edipo(t)ar. Ez du agerpenik ETCn, baina adibide bat aurkitu dut (Ur Apalategi, Fikzioaren izterrak, Susa, 142. orrialdea). Aupa, Ur!
- kafkiano (36 agerpen). Nire proposamena: kafkatar.
- kixotesko (2 agerpen). Nire proposamena: kixote(t)ar.
- makiaveliko (54 agerpen). Nire proposamena: machiavellotar (0 agerpen ETCn). Ingelesez, «machiavellian».
- sardoniko (18 agerpen). Dirudienez, irriari aplikatu ohi zaion adjektibo hori Sardiniako sardonia belarraren izenetik eratorria da. Nire proposamena: sardoniar.
Eta abar, eta abar, eta abar…
Zenbait hitzetan, zorionez, -(t)ar atzizkia erabiltzeko joera izaten da, baina ez beti modu egokian. Esaterako, drakoniar adjektiboak 17 agerpen ditu ETCn. Bada, ez dirudien arren, hor ere espainieraren eragina dago, i bokalaren agerpenean, hain zuzen. Gogora dezagun Atenasko legegile hura Drakon zela izenez. Hortaz, euskal eponimo egokia drakondar da.
Esan gabe doa, adjektiboak sortzeko -(t)ar atzizkia dugun bezalaxe, izen abstraktuak sortzeko -tasun eta -keria atzizkiak dauzkagula (cervantestasun, macchiavellokeria, kixotekeria, etab.). Erdal -ismo atzizkiaren beharrik ez daukagu, beraz. Makiavelismo hitzak 12 agerpen ditu ETCn. Makiavelikotasun hitzak, ordea, bakar bat. Eta macchiavellokeriak bat ere ez. Dena den, beste kasu batzuetan hobeto daude gauzak: kixotismoak bi agerpen ditu ETCn; kixotekeriak, ordea, lau. Proposatzen dudana hain kixotetarra ez delako seinale.
Eponimoak sortzeko, -(t)ar euskal atzizkia dugu. Ados.
Eta emankorra da. Ados.
Eta ustiatu beharrekoa. Ados.
Hala ere, ezin ados egon “erdal -ismo atzizkiaren beharrik ez daukagu” baieztapenarekin.
Pentsamendu-eskolak, joera politikoak eta abar adierazteko, -ismo eta -ista atzizkiak behar-beharrezkoak ditugu. Ez ditugu gaurgero dagoeneko Hiztegi Batuan ditugun “frankistak, karlistak, gaullistak, maoistak, sandinistak” eta kidekoak “frankotar, karlostar, gaulletar, maotar, sandinotar” eta abar bilakatuko, ezta “frankismoa”, “platonismoa” edo “konfuzionismoa” aurrerantzean “frankotasun/frankokeria” (norberaren iritziaren arabera, “liberalkeria pekatuba da” hura gogoan), “platontasun” edo “konfuziotasun” ere, ezta?
-iko atzizkia ere, -ismo eta -ista bezala, gure-gurea da. Bestela, zer? “eolikoa” dena “eolotar”, “aristoteliko” dena “aristotelestar”, “sadikoa” dena “sadetar”, eta abar.
Eta ezin hasiko gara, leku-izenetan, etimologian barrena uxarrean, “olinpiko, atlantiko, joniko” eta abar ordeztu nahian, ezta?
Badira zalantzazko kasuak eta badira aukerak -(t)ar erabiltzeko, bai, baina gaia lehen hurbilduan dirudien baino konplexuagoa da. Ez dezagun sinpletu (eta, batez ere, ez ditzagun desegin egindako bideak).