Oskar Arana Ibabe
Hiru aditz horiek antzeko adiera-esparruan, antzeko esaldietan, agertzen zaizkigu sarri zuzenbideko eta administrazioko testuetan. Ez nuke jakingo hiruren artean graduaziorik edo bereizketarik egiten, ez nuke jakingo esaten zergatik hobetsi behar den bat edo bestea elkarren antzeko egituretan, kideko esanahiko esaldietan. Batzuetan ohiturak, bestetan belarria ezin egitura jakin batekin ohitzeak, baten edo bestearen aldeko hautua egitera eramaten nau. Hemen bina adibide, zuzenbide corpusetik hartuak:
Eragin:
Hiri-antolamenduko planak eta hirigintza- eta desjabetze-jarduketak eta, oro har, administrazioak jabetza pribatuan esku hartzea dakarten jarduketak aurkaratzen direnean, plan eta jarduketa horien eraginpeko higiezinak dauden barrutiko jurisdikzio-organoari dagokio eskumena (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legea, UPV/EHU, 2006)
Epaitegi edo auzitegi eskudunari zuzenduriko demanda bidez hasiko da prozesua; demanda horretan jasoko dira, betekizun orokorrez gain, gatazkaren eraginpeko langile eta enpresen izendapen orokorra, eta uziaren oinarri juridikoen aipamen laburra. (Lan Arloko Prozeduraren Legea, UPV/EHU, 2006)
Aditz-forma sintetikoarekin:
AGINDUA, 1993ko uztailaren 21ekoa, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailburuarena, «Santurtziko udalerrian sistema orokorretarako 2.445 m.2» egitasmoa burutzeak daragien ondasun eta eskubideez jabetu aurretiko agiriak egiteko egunak finkatzen dituena. (EHAA – 1993ko irailak 15, asteazkena, 176 zk.)
Erasan:
Horiek aztertuta ondoriozta daitekeenez, agiri horren arabera harrobiek izan ditzaketen 131 kokalekuen artetik hamarka dira babestutako naturguneekin bat datozenak, eta horietan zuzenean erasango litzateke. (Euskal Herriko Natura Babesteko Legearen aldaketa, (Eusko Legebiltzarra, 2010)
Antolamendu juridikoan aurreikusitako errekurtsoak baliatzeari utzi gabe, eskubide edo interes zilegiren bat daukaten pertsona fisiko nahiz juridikoek, bai eta erasanak diren edo eskubide eta interes zilegi kolektiboak defendatzeko legez gaituta dauden korporazio, elkarte, sindikatu eta talde eta erakundeek ere, eskatu ahal izango dute berehala bertan behera utz edo zuzen daitezela lege honetan jasotako debekuren bat hausten duten kanpainak, 4 eta 5. artikuluetan ezarritakoa urratu delako. (Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko Legea, Eusko Legebiltzarra, 2010)
Ukitu:
Kontraten kasuan langileak informatzeko eginbeharra, Langileen Estatutuaren 42.3 artikuluan aipatzen dena, ez betetzea, eta baita enpresa-ondorengotza batek ukitutako langileak informatzeko eginbeharra, lege-testu bereko… (Lan eremuko hainbat lege, UPV/EHU, 2012)
Norbanako batek deuseztasun- edo txertaezintasun-deklarazioa eskatzeko akzioa baliatzen badu eta hala irekitako prozesuan baiespen-epaia ematen bada, ukitutako klausula orokorrak deusez edo txertaezin deklaratuko ditu epai horrek, eta kontratuaren eraginkortasuna norainokoa den argituko du, 10. artikuluak dioenaren arabera; bestela, deusez deklaratuko du kontratua, klausulen deuseztasunak edo txertaezintasunak kontratuan funtsezkoa den elementuren bati eragiten badio, Kode Zibilaren 1261. artikuluak dioenaren arabera. (Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei buruzko legeria, UPV/EHU, 2010).
Adibide horietan guztietan, lehen aitortu dudan bezala, ez nuke jakingo hiru aukera horien arteko graduaziorik egiten, noiz zein dagokion ebazte aldera; adibide guztietan dira, nire iritzirako, eragin eta erasan erabiltzeko modukoak, ez ordea ukitu. Baina aitortu behar dut, halaber, ukitu ere erabili izan dudan arren, eragozpen handiagoa dudala beraren aldera beste bien aldera baino. Ukituren lehenbiziko adibidean, esaterako, ez nuke erabiliko, hedapen semantiko bitxi iritzita-edo.
Poza hartu dut ikusirik, bestalde, erasan nik uste baino gehiago erabilia izan dela corpus juridikoan. Pentsa liteke eraginen aldean baduela konnotazio negatibo bat, adiera bortitzago bat, eta eragin neutroa izanik batzuetan, ez dela zertan erabili. Baina eragin bakar-bakarrik utzi gabe, ugari dira, hala ere, erasan erabiltzeko moduko testuinguruak. Kasuok ikusirik, neuk ere maizago erabiliko dudalakoan nago.
Bestalde, daragien bezalako forma trinkoen adibideak askoz urriagoak dira, eta, dirudienez, baztertu egiten da denbora-aspektuaren aldetik eskain dezakeen abantaila, araugintzako testu asko aditz performatiboz ematekoak izanik. Erabiltzeko apustua egingo nuke nik ere.
Horrez gain, erregimenaren aldetik, uste dut beldurrez ibiltzen garela eragin aditzarekin, objektu zuzen esplizitatu baten beharra duelakoan beti. Ezezkoan nago, ordea, eta, alde horretatik, erasanen erregimen bera duela esango nuke bere adieretako batean: beroak erasanik esaten dugun bezala esan dezakegu beroak eraginik, edo horrek eragin egiten dit («zer» eragiten didan esplizitatu beharrik gabe), eta, hartara, forma trinkoaren baliabidea ere galdu egiten dugula. Plan honek eragiten dien lursailak esan ordez Plan honen eraginpeko lursailak esanez zer irabazten dugun ez dut oso argi ikusten. Ezta ere Plan honek eragindako lursailak esanez; eragiten dienetik eragindakora galdu egiten da datiboaren marka, eta horregatik jotzen dugu eraginpeko forma garatuagora, lotsaturik bezala. Hartara, nahiago nuke Plan honek daragien lursailak erabiltzea.
Horra, batzuetan erabat gogobetetzen ez nauten hiru baliabide, eta bakoitzarekiko ene txera eta eragozpenak azaldurik.
Gauza argirik ebatzi gabe, baina…