Eneko Bidegain
Eskolarteko bertsolari txapelketako final batean, ofiziotan elkarrekin aritu ziren Nafarroa Behereko haur bat eta Gipuzkoako beste bat. Ez dut gogoan gaia zein zen, baina bertso batean Nafarroa Beherekoak bere kantukideari «zozoa» zela erran zion. Gipuzkoarrak, gaitziturik, ihardetsi zion ezetz; eta erakutsi nahi zion zein dinamikoa zen, zein ausarta… Hark ulertu zuen Iparraldeko gazteak gatzik gabea izatea leporatu ziola, mugitzen ez dena, aspergarria… Aitzineko bertsoa ulertu ez zuela pentsatuz, haren bertsoa bertso txartzat jo nezakeen ez banu jakin izan Hegoaldean «zozo» erabiltzeko joera dagoela «soso» adierazteko:
“Soso, insípido” Elexp Berg. Il bedi ollasko bigun gozoa: / ollar zarra, ze yateko zozoa! Zav Fab RIEV 1907, 532 (v. tbn. Mg in VMg 96).
«Soso», ordea, gaztelerako hitza da, eta «geza» erran nahi du. Iparraldean «tontoa» izendatzeko erabili ohi dira «zozo» eta «xoxo» hitzak, Orotariko Euskal Hiztegian ongi jasota dagoen bezala. Bien arteko ñabardura ere badago. «Zozo»-ren adibide hauek hartu ditut OEHtik:
Oren batetik bertzerat, egungo nausia izan ziteken biharko muthil, egungo profeta biharko zozo! Hb Egia 124. Gizon hau zozoa da, dio aitzindariak soldadoer, nola hartu duzue zozo hau barrandari batentzat? Laph 66.
Pertsona zozoa da biziki argia ez dena, ez baitezpada gatz eta biperrik gabea. Izan daiteke biziki pertsona alaia, jendakina, baina ez oso adimentsua. Eta norbait ez dela zozoa diogunean, diogu inteligentea dela, Oxobiren aipu eder horrek erakusten duen bezala:
Hegaldatu den xoxoa / Daukat ez dela zozoa.
«Xoxo» hitzak ia gauza bera erran nahi luke, baina amultsuagoa da. Batetik, pertsona «inozentea» errateko erabil daiteke, «Zer xoxoa naizen! Ez naiz ohartu horrela egin nezakeela». Baina funtsean, «tontoa» adierazteko ere erabiltzen da, baina «tontoa» baino gehiago, ia pertsona «atzeratua» aipatzeko, OEHk jaso dituen bi adibide horietan bezala:
Zure burua erakutsi behar duzu kasernan sartu orduko. Etzitela xoxo bat bezala egon, besten beldurrez. JEtchep 94.
Utzi zazu gixaixo ori pakean, xoxoa da ta… Sabiag Y 1934, 30.
Norbait «zozo» deitzea intentsitate apaleko irain gisa har daitekeen bezala, «xoxoa» ez. Amultsuki erabiltzen da batetik, edo buruz osoa ez den baten kasuan, zuzenean ez zaio leporatuko «xoxoa» izatea. Gure artean erranen genuke beste hura xoxoa dela, baina zinezko xoxoa bakean utziko genuke.
Gehiago sakondu daitezke zozoaren eta xoxoaren arteko ñabardurak, edo zozokerien eta xoxokerien artekoak. Baina hasierako gaira itzuliz, batean tontoa eta bestean geza adierazten duen hitz horren gisan, «ergela» ere ez da guztiz berdin ulertzen Hegoaldean eta Iparraldean.
Kasu gehienetan, «ergela» litzateke goraxeago aipatu dudan «xoxo» hori:
Ergela maiz engana daite, zuhurra behin beizi eztaite. O Pr 142.
Guk «ergel» beste adiera batean erabili ohi dugu. Ergela izan daiteke aski pertsona argia, baina buru-arina, pixka bat pailazoa. Haur batzuk ergelak direla diogunean, ez diogu ikasle txarrak direnik, baizik eta jostakinak eta pixka bat bihurriak direla, ergelkeriak egiten dituztela. Haurrak ergeldu ohi dira Olentzero etorri bezperan, elurra ari duenean, oporren bezperan… Baina horrekin ez diogu xoxoak edo adimen urrikoak direnik.
Larriagoa da «mentsa» izatea edo menstea. Ez gara haserretuko haur ergel batekin, batzuetan pazientzia gal genezake ez delako bere lekuan geldirik egoten, baina maite dugu haur hori. Haur mentsa jasangaitza da. Haurrak mensten dira, bai, Olentzero datorrenean, baina orduan ez zaizkigu hain xarmantak.
Ments baten hitzak eta ekintzak ergel batenak baino larriagoak dira. Oro har, «mentsa» hurbilago da «ero»-tik:
Bobo, tonto, simple. “Faible d’esprit, imbécile” VocBN. “Ments hortarik ez duk deusik atherako, tu ne tireras rien de cet imbécile” Lh.
Nehork ez dezake sustenga gauza hori serioski, non ez den arras mentsa edo non ez duen izpiritua osoki makhurra. Elsb Fram 152.
Bigarren adibide hau «burutik ments» edo «buruments»-ari dagokio. Hots, burutik zerbait falta duenaz mintzo da. Erranahi berdintsua du «burutik maingu» diogunean: burutik maingu dagoena ez da «oso osoa», ez da guztiz eroa beharbada, baina…
Dena den, «burutik ments» horren «ments»-ek «falta» adierazten du. Zuberoan, «ments» bereziki horretarako erabiltzen da:
“Heben ez da deus mentsik, orotarik bada!
“Egungo egunean euskaraz ez jakitea ments handia da
Amaren mentsa sentitzen du
Bitxi egiten zait «ments» hitza arrotz duten euskalkietakoek zuberotarren gisan erabiltzen dutenean, gorago aipatu dudan adiera ahanztera heltzen garela iruditzen zaidalako.
Oso interesgarria artikulua, Eneko! Irakurtzen ari nintzela gogoratu naiz guk gaztelaniaz “¡Qué sosa/o!” esaten diogunean elkarri, tonto esanahiarekin ere erabiltzen dugula. Horregatik RAEra jo dut ikustearren ea adiera hori ere jasota duten, eta ez http://lema.rae.es/drae/?val=soso.
Beraz, nire zalantza da, euskararen eraginez egiten ote dugu horrela? Polita litzateke, ezta?
Kaixo Leire,
Mila esker, hasteko. Eta polita da zure aipu hori, bai. Litekeena da, bai, euskarak guk uste baino eragin gehiago izatea gure erdaretan.
Reblogged this on blogberri.