Kutxa beltza (jarraipena)

miel a. elustondo

(Amos Oz-en The Black Box liburutik, aurrekoaren jarraipena)

Bai, eta dibortzioak Boazekiko ezein ardura eta nirekiko ezein obligazio kendu zizkizun. Buruz dakit hori guztia, Alec. Ez dut itxaropen izpirik. Idazten ari natzaizu, bai, baina leiho aurrean jarri eta mendiei hizketan ariko banintz bezala. Edo izarren arteko iluntasunari. Etsipena da zure eremua. Nahi baduzu, eredutzat har nazakezu.

Mendeku gose zara oraindik? Horrela bada, hemen naiz, beste masaila jarririk. Nirea, eta Boazena ere bai. Aurrera, jo ezazu ahal duzun bezain gogor.

Bai, eskutitz hau bidaliko dizut, nahiz eta, oraintxe, boligrafoa bertan utzi eta gehiago ez saiatzera behartzen ari naizen neure burua; azken finean, ez dut zer galdurik. Aurrean nituzkeen bide guztiak hertsirik daude. Honetaz jabetu behar duzu: nahiz eta baldintzapeko askatasunaren arduradunak edo gizarte-langileak Boaz konbentzitu tratamendu suerteren bat, errehabilitazioa edo laguntza har dezan, edo beste eskolaren batera jo dezan (eta ez dut uste batere arrakastarik izango luketenik), ez nuke ordaintzeko dirurik.

Aldiz, zuk nahi beste duzu, Alec.

Kontakturik ere ez dut, eta, zuk, berriz, aski duzu telefono-dei pare bat egitea zernahi konpontzeko. Indartsua eta argia zara. Edo zinen, duela zazpi urte. (Jendeak esan dit bi ebakuntza izan dituzula. Nolakoak, ez zuten esaten asmatu). Ongi izango zarela espero dut. Ez dut gehiago esango, ez nazazun hipokresiaz akusatu. Zurikeriaz. Lausengukeriaz. Ez dizut ukatuko, Alec: gibelean pot egiteko prest naukazu, zuk nahi beste. Eskatzen didazun zernahi egingo dut. Zernahi. Zure semea erreskatatzekotan.

Batere zentzurik banu, «zure semea» ezabatu eta «Boaz» idatziko nukeen, zu haserretu ez zaitezen. Baina nola ezabatu behar dut egia hutsa? Beraren aita zara. Eta, nire zentzua dela eta ez dela, ez al zenion aspaldi zeure buruari esan zeharo ergela naizela?

Eskaintza bat egingo dizut. Prest naiz idatziz onartzeko, notario aurrean, nahi baduzu, zuk esanarazten didazun harexen semea dela Boaz. Aspaldi hil zidaten autoestimua. Zure abokatuak aurrean jarriko didan zeinahi paper zati sinatuko dut, zuk, ordainetan, Boazi lehen laguntzak ematea onartzen baduzu. Laguntza humanitarioa dei diezaiogun. Guztiz arrotza zaigun haur batekiko maitasun-ekintza dei diezaiogun.

Egia da; idazteari utzi eta bere irudia konjuratzen dudanean, hitz hauetan geratzen naiz iltzatuta: Boaz haur arraroa da. Ez, ezta haurra ere. Gizon arraroa. Niri puta esaten dit. Zuri, txakurra. Micheli, putazaina. Bere buruari nire ezkontaurreko deitura jarri ohi dio (baita agiri ofizialetan ere!), Boaz Brandstetter. Eta berak halaxe eskatuta, eta hamaika hari mugitu eta gero onar zezaten lortu genuen eskolari, Deabruaren Uhartea.

Nire kontra erabil dezakezun zerbait kontatuko dizut. Parisen ditudan aita-amaginarrebek diru pixka bat bidaltzen digute hilero, mutilak barnetegi horretan iraun dezan, nahiz eta Boaz inoiz ikusi ez duten, eta nahiz eta gure mutilak ere ez duen askotan aditu senide horiek badirena. Bestalde, aita-amaginarrebak ez dira aberats-aberatsak ere (Aljeriar immigranteak dira), eta, gainera, Michel ez ezik, beste bost ume eta zortzi loba ere badituzte, Frantzian eta Israelen sakabanatuak.

Entzun, Alec: ez noa iraganean gertaturikoari buruz hitzik idaztera. Kontu bat izan ezik, inoiz ahantziko ez dudan zerbait, nahiz eta zuk nola deabru dakidan jakin nahiko zenukeen. Gure dibortzioa baino bi hilabete lehenago, Shaarei Zedek Ospitalera eraman zuten Boaz, giltzurrunetako infekzio bat zela kausa. Eta konplikazioak gertatu ziren. Nik jakin gabe Blumenthal doktoreari galdezka joan zintzaizkion, eta, giltzurruna behar izatekotan, heldu batek zortzi urteko haur bati eman ziezaiokeen. Zure giltzurrunetako bat mutilari ematea zenuen asmoa. Eta sendagilea ohartarazi zenuen esanez baldintza bat besterik ez zenuela jarriko horretarako: ez genuela inoiz jakin behar, ez nik, ez haurrak. Eta ez nuen jakin Blumenthalen laguntzaile Adorno sendagilea lagun egin nuen arte, alegia Boazen tratamendua zela-eta negligentzia kriminalagatik salatzeko asmoa izan zenuen mediku gaztea.

Oraindik irakurtzen ari bazara, litekeena da zure zurbiltasuna areagotzea orain, bortxakeria kontenituzko mugimendu zakar batekin supiztekoa eskuan estututa daukazula eta garra zure ezpainetara zuzenduz (ahoan piparik ez baituzu) eta behin eta berriz zeure buruari esanez: «Jakina. Adorno sendagilea. Nor bestela?». Eta eskutitza oraindik txikitu ez baduzu, oraintxe txikituko duzu. Eta ni eta Boaz ere bai.

Baina orduan Boazek hobera egin zuen eta zuk ostikoz jo eta bota gintuzun zeure etxetik, zeure izenetik eta zeure bizitzatik. Behin ere ez zenuen giltzurrunik eman. Baina benetan saiatu zinela sinesten dut. Zurekin, dena benetan delako beti. Hori behintzat onartuko dizut: zu benetan aritzen zara beti.

Zuri koipe ematen berriz? Nahi baduzu, errudun aitortuko dut neure burua. Lausengukerian. Koipekerian. Zure aurrean belaunikatu eta nire bekokia zoruaren kontra joka? Garai batean bezala.

Galtzekorik ez dudalako, ez zaidalako erregutzea axola. Agintzen didazun zernahi egingo dut. Baina ez zaitez berandu ibili, hamabost egun barru kale gorrian jarriko dutelako. Eta kalea ere hortxe du, zain.

Azken finean, munduan ez da gaindituko ez duzunik. Utzi ezazu zure munstro hori, zure abokatua. Beharbada, zenbait gomendioren laguntzaz itsas-eskolan hartuko dute. (Boazek halako erakarpen arraroa du itsasoarekiko; beti izan du, haur txipia zenetik. Gogoan duzu, Alec, Ashkelon-en, Sei Eguneko Gerrako uda? Zurrunbiloa? Arrantzale haiek? Almadia?)

Eta azken kontu bat, eskutitza zigiluz itxi dezadan baino lehen: oheratu ere egingo naiz zurekin, nahi baduzu. Nahi duzunean. Nahi duzun moduan. (Senarrak badu eskutitz honen berri, eta ados zegoen idatzi behar nizula, azkeneko esaldia izan ezik. Beraz, ni hausteko aldartean bazara, eskutitz hau fotokopiatu besterik ez duzu, zure lapitz gorria hartu, azkeneko esaldia azpimarratu, eta nire senarrari bidali. Lan zoragarria egingo du. Onartzen dut: gezurretan ari nintzen arestian, galtzekorik ez dudala idatzi dudanean).

Hortaz, Alec, zeure eskuetan gauzkazu, erabat. Baita nire alaba txipia ere. Nahi duzuna egin dezakezu gurekin.

Ilana (Sommo)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude