Aiora Jaka Irizar
Ez dakit zenbateko garrantzia duen kontuak, baina blog honek eskaintzen didan aukera baliatu nahiko nuke gaurkoan azkenaldian behin eta berriro hiztegiak kontsultatzera eraman nauen hitz baten gainean aritzeko: “garrantzi” hitza halaxe erabili izan dut nik beti, -a itsatsirik gabe, baina azken aldian barra-barra entzuten ari naiz “horrek garrantzia handia du”, “horrek ez du garrantziarik”, “zer garrantzia duen” eta antzeko esamoldeak. Hiztegietara jo, eta denetan “garrantzi”, -a itsatsirik gabe. Ez nenbilen oker, beraz. Eta, halere, konturatzen naiz “garrantziA” gora eta “garrantziA” behera jarraitzen duela euskaraz oso ondo idazten eta hitz egiten duen jende askok eta askok. Horren erakusle dira Ereduzko Prosa Dinamikoan egin ditudan bilaketak:
garrantzirik 357 esaldi
garrantziarik 13 esaldi
zer garrantzi 24 esaldi
zer garrantzia 12 esaldi
garrantzi handiko 83 esaldi
garrantzia handiko 7 esaldi
garrantzi handia 206 esaldi
garrantzia handia 24 esaldi (guztira 26, baina bi esalditan “garrantzia” eta “handia” sintagma desberdinei dagozkie; ez dira, beraz, multzo honetan sartzekoak).
“Garrantzi” gehiagotan ageri den arren, “garrantzia” ere ez da gutxitan erabiltzen. Zeri zor ote zaio, beraz, hitz horri -a itsasteko joera zabaldu samar hori? Hiztegiak xehekiago aztertuta, konturatu naiz -a itsatsidun formak ere erabili izan direla tradizioan, zabalkunde nabarmen txikiagoa izan duten arren. Hauxe dio, esaterako, Orotariko Euskal Hiztegiak:
garrantzi (V-gip, G-azp, S ap. Gte Erd 130), garransia (det.; Lar), garrantzia, garrantsia (det.; H), garraintsia.
♦”Importancia” Lar. “Momento, importancia”, “monta, valor, estimación” Ib. “Orrek badu garrantzia (V-gip, G-azp), horrek badu garrantzirik (inportantzirik) (S)” Gte Erd 130. •Tr. A pesar de que figura ya en el dicc. de Larramendi, no se documenta en los textos hasta principios del s. XX, y a partir de mediados de dicho siglo se encuentra abundantemente en autores meridionales, en la forma garrantzi principalmente. Al Norte hay algún ej. aislado de garrantzia en E. Larre (in Xa Odol 13) y Lafitte. Hay garrantsia en un ej. de EEs (el primer testimonio), garrantsi en Villasante (Jaink 155, junto con garrantzi) y garraintsia en Mirande (HaurB 92), que emplea tbn. garrantzi (Pr 42). En DFrec hay 244 ejs. de garrantzi.
Oni dagokion garrantsia (importancia). EEs 1913, 162. Garrantzia edo inportantzia gutxitzen. Inza Azalp 136. Garrantzi andiko gauzaren bat. Otx 48 (v. tbn. garrantzi handi en Zink Crit 6, Or Tormes 99, Eguzk GizAuz 38). Garrantzia or ez zegon. JAIraz Bizia 8. Senar-emazte arteko batasunaren garrantziaz. Etxde JJ 216. Garrantzi aundia du berri onek guretzat. Vill Jaink 22. Gaurko jolasetan garrantzirik aundienetakoa duna zinea dala. MAtx Gazt 59. Festak garrantzi geiago izan zezaten. Salav 101. Garrantzi gabeko galderatxo bat. NEtx LBB 114. [Uskeri batzuk] garrantzi gutxikoak. Berron Kijote 112. [Bereizkuntza] guztiak pisu eta garrantzia berdina ez zutenez. MEIG VI 131 (IV 53 garrantzi).
v. tbn. JBDei 1919, 259. Goen Y 1934, 182. Bilbao IpuiB 268. Alzola Atalak 136. Ibiñ Virgil 22.
Egungo Euskararen Hiztegiak ere, forma nagusi bezala “garrantzi” proposatu arren, “garrantzia” ere badakar, “gutxi erabilia” oharrarekin. Hiztegi Batuak, aldiz, “garrantzi” onartzen du soilik, eta ez dirudi, gainera, -a itsatsiaren kontuak eztabaidarik sortu zuenik Euskaltzaindian, Hiztegi Batu Oinarridunaren arabera “lantaldeak besterik gabe onartu” baitzuen.
Beraz, berriro egiten dut hasierako galdera: nolatan darabil hainbeste jendek hain tradizio gutxiko forma, are hiztegi gehienek onartzen ez dutenean?
Baliteke hizkera jakin batzuek (batez ere Iparraldekoek, esango nuke, Orotarikoko eta Ereduzko Prosako adibideak ikusita) -a itsatsidun formaren tradizioari eutsi izana, baina nire susmoa da Hegoaldeko hiztun gehienen kasuan “inportantzia” hitzarekin nahastu izan dela “garrantzi” hitza. Sinonimoak izaki, eta —bukaerako -a gorabehera— amaiera berdina dutenez, arau berbera aplikatu izan zaie bi hitzei. Euskalki askotan egon da gaztelaniazko –cia atzizkidun hitzak euskaratzean bukaerako -a hori jateko ohitura: importancia > inportantzi, provincia > probintzi, experiencia > esperientzi, conciencia > kontzientzi, ciencia > zientzi… eta lanak izan ditugu euskaldun askok hitz horiek guztiek euskaraz ere -a itsatsia daramatela buruan sartzen (oraindik ere mingaina trabatzen zait niri zientziAlari esaten ahalegintzen naizen bakoitzean…). Pentsatzen dut “garrantzi” ere zaku horretan sartu duela jende askok, eta beren buruak “garrantziA” esatera behartu, ustez-eta “garrantzi” lagunarteko hizkeran soilik erabiltzekoa dela… Susmoa besterik ez da, dena den…