Karlos del Olmo Serna
Igarri-igarria da aspaldi honetan behin baino gehiagotan heltzen ari direla hedabideetara itzultzaileak eta politika uztartzen dituzten albisteak: interpreteak gerra ekintza edo gatazketan atxilotu, zauritu edo hiltzea; nazioarteko erakunde politikoetan itzulpengintzak eta interpretazioak gero eta garrantzi handiagoa izatea; itzulpen edo interpretazio «okerren» ala txarto ulerturen batek hedabideetan zarata ateratzea; zerbitzu sekretuek eta bestelako erakundeek itzultzaile eta interpreteak erabiltzea; goi mailako politikagintzari atxikitako filtrazioetan itzultzaileak ere partedun izatea…
Bestalde, XX. mendearen erdialdetik XXI. mendeko lehen hamarkada bitarteko aldian, zio sozial eta politikoen ondorioz, itzulpengintzak gorakada handia izan du, inoiz ez bezalakoa. Eta itzulpena bera sendotzeaz batera, haren inguruko ikerketak, berriak diren neurrian, iker metodo eta gaiak beregain zedarritzeko eta aukeratzeko modua izaten ari dira, jakintzagai klasikoen zirrikituen eta mugakizunen artetik.
Itzulgarritasunaren edo itzulezintasunaren gainean eztabaidatzetik igarotzen ari dira itzulpengintzan eta itzultzaileengan eragiten duten ideologia eta kultur eragileen gainean hausnartzera.
Kultura eta hizkuntza txikiagoetan, nazioa eta kultura eraikitzean, itzulpen aukera politikoek eragin handia izan ohi dute (aski da behakotxo bat egitea mendea joan mendea etorri euskarara ekarritako liburuen zerrendari, edo aspalditxo honetan euskaratik beste hizkuntzetara zer heltzen ari den itzulita aztertzea).
XIX. mendean jaio ziren nazio berrien bilakabidean itzulpengintzak garrantzi handi-handia izan zuen (kultura eta hizkuntza nazionalen elikagai), eta egun, globalizaziora zabaltzen ari diren nazioetan —Txinan, esaterako—, itzulpengintza loreak udaberrian nola zabaltzen ari da. Katalunian eta Euskal Herrian nazio independentea izatea aldarrikatzen duten mugimendu politikoek noraezean definitu beharko dute haien kultur politiketan itzulpenak eta interpretazioak zein eginkizun izango duten.
Hizkuntza nagusi baten eta txikiago (edo zokoratuago) beste baten arteko itzulpen elkartrukeek argi handia egiten dute sistema kultural eta politiko bakoitzaren bilakabidearen gainean —zein genero, egile, testu itzultzen dioten elkarri—. Suertatzez, ingelesezko harrera sistemak oso uzkurrak izaten dira itzulpen askoren aurrean, baina sano ondo hartu ohi dituzte beste batzuk; besteak beste, literaturatik harantzago, Hitler, Lenin, Mao eta Trotskiren idazkien eragina itzulpen bidezkoa izan da mundu zabalean.
Definizioz, politika boterea lortzeko borrokari lotuta dago, baina hori bezain errefusaezina da, bestalde, politikari atxikitako elkarrekintzek eduki linguistiko handia dutela, berbaldi motekin zerikusia izanik, askotan jarrera politikoen arteko desadostasunen oinarrian elkarren berbaldiak ondo ez ulertzea edo txarto aditzea dago eta.
Ezbairik gabe, politika eta hizkuntza elkarri estu lotuta daude (zenbateraino eta sarritan itzulpenik edo interpretaziorik gabe ondo ezin gauzatzera heltzeraino). Bestela adierazita: errealitate politikoa eta haren irudikapen sinbolikoa ia bat egiteraino heltzen dira, batez ere egintza politikoak azaltzeko eta beste kulturei eta herriei itzulita aditzera ematean.
Ikerketan etengabe ari da hedatzen diziplinartekotasunaren gaia, eta artekotasun hori beste inon baino nabarmenago gertatzen da itzulpena politikaren testuinguruan analizatzean.
Hizkuntzaren eta politikaren arteko harremanak gero eta interes handiagoa piztu du azken bi hamarraldietan, batez ere linguistikaren ikergune edo jakintza alor berezi batzuk aintzat hartuz gero: linguistika kritikoa, berbaldiaren azterketa kritikoa eta berbaldi politikoaren analisia. Eta alboko jakintzak ere ez dira ahaztu beharrekoak: erretorika, filosofia, soziologia… eta duela gutxi jaiotako politologia.
Testu politikoen harrera bera ere metodo zientifikoen bidezko aztergai gorabidekoa da: berbaldietan dautzan botere ikuspegiak eta zama semantiko eta ideologikoak argitu beharrean egoten dira ikertzaileak. Eta egungo mundu globalizatuan, berbaldi politiko ez gutxik ia sortu ahala itzuli beharra ekarri ohi dute, bestelako harrera sistema berriak kultura hartzaileetan antolarazi bitartean. Bestela esanda, gaurko munduan testu sorrera eta harrera ez daude hizkuntza, kultura eta sistema politiko bakarrera mugatuta.
Zelan ez arduratu, hortaz, politikaren eta itzulpengintzaren arteko harremanez? Berbaldi politikoak gero eta unibertsalagoak izatearen ondorioz, kulturen arteko harremanak ere aldatu egiten dira, eta horren ondorenak itzulpengintzan ere idoro daitezke.
Eta zer ez dugu esango komunitate politiko berean bi hizkuntza ofizial direnean, edo bat (frantsesa) ofiziala denean eta bestea (euskara) erakunde politiko guztietatik at uzten dutenean? Zer ez da gertatuko hizkuntza erkidego bakoitzaren errealitate politikoa beste hizkuntzara itzultzean?
Azken batean, hizkuntza bakoitzak mundua ikusteko eta ulertzeko modu bat badakar bidaide, hiztun (subjektu politiko) elebidunek etengabeko itzultze politiko batean jardun behar izaten dutelako hipotesia plazara dezakegu (eta hor, psikolinguistikak ere, beste zientzia batzuez gain, izango du zer esan eta zer azaldu).
Komunikazio politikoak, munduan barna, itzulpena eta interpretazioa ditu harroin, ageriki. Hala bada, zergatik izan dugu orain arte halako atzenduta eginkizun hori itzulpengintzaren gainean gogoeta egiterakoan gure herrian? Ez da gure arazoa bakar-bakarrik: sarean «berbaldi politikoaren itzulpena» eta antzeko terminoak erabilita xerka jardunez gero, edozein dela gako hizkuntza, ez dugu lan monografiko edo luze asko topatuko. Ugariagoak dira itzulpengintza eta interpretazioa ekintza politiko moduan aztertu dituzten ikerlanak, ordea.
Etikaren gaineko beste sarrera batean aipatu nuenez, botereak itzulpengintza ere erabili ohi du tresna moduan, batez ere beste kultura edo hizkuntza bat kolonizatu nahi izaten duenean. Begi bistan dago, gainera, zer eta nola itzuli, sarri ere sarri, erabaki politikoen ondorio izaten dela (Literatura Unibertsala bilduma xedapen politiko baten ondorioz jaio zen eta halaxe dirau bizirik, eta garai berean Legebiltzarrak onartutako beste akordio politiko bat oraindik ez gauzatzearen ondorenez, entsegu bilduma itzuli unibertsalik ez dute abiarazi erakunde eskudunek).
Ostera ere egin dugu ideologiarekin topo. Nork erabakitzen du zer testu itzuli behar den? Zein hizkuntzatatik zein hizkuntzatara? Non ekoizten dira itzulpenak? Zer harreman dago itzulpengintzan eragile pribatu eta publikoen artean? Zein faktorek baldintzatzen du itzultzailearen jokabidea? Zeren bitartez? Zer harrera du testu edo berbaldi itzuliak kultura hartzailean? Nolako estatusa dute itzulpenek, itzulpengintzak berak eta itzultzaileek kulturan eta sisteman? Nork aukeratzen eta trebatzen ditu itzultzaileak? Zeren arabera? Zein hizkuntz bikotetarako? Zein diru baliabide erabilita? Zein zama du itzulpenak kultur sistema osoan? Barne produktu gordinean?
Hurrengo sarrera batek ikergai honek daroatzan hiru osagai nagusiak xehatuko ditu: itzulpen politikak, testu / berbaldi politikoak itzuli / interpretatzea eta itzulpen ikerlanen politizazioa.
Hizkuntz erabilera (politiko) berezi batzuek zama ideologiko handia dute, eta botere harremanek hori dena azpimarratu besterik ez dute egiten. Itzultzaile, interprete eta zuzentzaileak botere mekanismo politiko horretan zati gero eta esanguratsuago gara, nahitaez, gustatu eta gustatu ez, onartu eta onartu ez.
Bibliografia
Schaffner, C (2007) Politics and Translation. In P. Kuhiwczak eta K. Littau (ed.) A Companion to Translation Studies, Bristol: Multilingual Matters Ltd