Fernando Rey Escalera
Maiz mila tokitan esandako eta idatzitako gai bat ekarri behar dut blogera. Ez da, beraz, oso gauza jakingarria, baina, lehengo egunean gure lantokian aditutako esaldi batek berriz kontua berrituta, hemen aipatzea merezi zuela iruditu zitzaidan, adibidea aski adierazgarria delakoan.
«Haur psikiatra bat» aipatu zuen batek, eta salto moduko zerbait sentitu nuen bularrean. Badakit logika erabiliz gero ez dagoela nahasbiderik. Gizarte honetan adoleszentzia izugarri luzatzen ari den arren, haurtzaroa laburtzen ari den arren, badakit pixka bat pentsatuta ongi ulertu beharko nukeela, baina susmoa dut ez ote den gertatzen hark esan zuena: «beharrik badakidan erdaraz; bestela ez nuke zure euskara ulertuko».
Infantil adjektiboa agertzen den aldiro izen-elkarketaz eta haur hitzaz baliatzeko joera badagoela jakin ezean, ez da berehalakoan harrapatzen; ez nik, behinik behin.
Eta esan diot neure buruari: «bazeudek beste batzuk aise barneratu dituanak. Haurtzain, aurzaia erdaraz ere erabiltzen ditek Nafarroako herri erdaldunetan, atera kontuak». Bai, bai, baina kostatzen zait. Kostatzen zaidan bezala, adibidez, «haur parke bat» irenstea.
Ohitura eta erabilera kontua da segur aski, bi hitzek sortzen duten elkarketa noiz dagoen fosilizatua, bi hitzak noiz dauden oso bat eginak.
Automatismo batzuk lagungarriak izaten dira, baina beste batzuek, jakina, kalte egiten dute. Bitartean nik –eta gehienok nik uste– nahiago dut deklinabide-atzizkiez baliatu. Naturalagoa egiten zait. «Haurrentzako parkea, haurren parkea», edo «haurren psikiatra, psikiatra pediatrikoa…».
Gogoan dut orain dela urte mordoa nola harritu nintzen Euskadi Irratian «kirol berriak» adituta. «Eta, orain, kirol berriak». Zinetan, aldi hartan, azken urteetan sortutako kirolez hitz egin behar zutela uste nuen. Ohitu naiz orain. Beharbada nire buru-zurruntasunak ere badu zerikusia, baina, tira. Nik, oraingoz, nahiago «kiroleko berriak».
Zailtasuna are handiagoa da hitz elkartuetako azkena adjektibo zein izen izan daitekeenean. Hor dugu betiko adibide hori: «Haur saltzaile bat» (‘saltzen lan egiten duen haurra’ / ‘haurrak saltzen dituen pertsona’). Haur saltzailea / haur-saltzailea.
Bakarren batek esaten zidan hori aise konpontzen dela marra erabilita (kirol-berriak, haur-psikiatra), baina elkarketa horiekin ohitu bitartean edo ditxosozko marra hori ahoskatzeko moduren bat asmatu bitartean, ni beste bideren bat bilatzen saiatuko naiz.
Dena den, ezin da orokortu, “haur literatura” kasu, ez da hain ez-ohiko, eta sarrera du, esate baterako, Euskaltzaindiaren Literatura Terminoen Hiztegian: ““Haur eta gazte literatura”, haurrentzat edo gazteentzat idatzia izan ala ez izan, haiei atsegina sentiarazten dien testu multzoa da”.
Dena den, ezin da orokortu, hor dago “haur literatura”, kasu, Euskaltzaindiaren Literatura Terminoen Hiztegian sarrera duena:“ `Haur eta gazte literatura´, haurrentzat edo gazteentzat idatzia izan ala ez izan, haiei atsegina sentiarazten dien testu multzoa da.”
Izenburua irakurri dudanean, haur bati buruz hitz egingo zenuela pentsatu dut. Beraz, kasu horretan behitzat, bestelako testuingururik gabe, argi dago nahasgarria dela.
Ona. Erabat ados, Fernando. Nik ere horrelakoetan ez dut konposatua ikusten lehenengotik. Eta oraingoan ere, zure artikuluaren izenburua ikusita, bueltaka hasi naiz pentsatzen zer ote zen “haur psikiatra”ren kontu hau. Haur bat psikiatra dena? galdetu diot nire buruari.
Idatzirik, marratxoaz jakina, ez du nahasbiderik. Baina nik ere nahiago halako kasuetan “haurren” edo halako zerbait erabii, “literatura” ez bezala “psikiatra” atributu gisa interprera daitekeelako.
“Haurtzain” fosildurik dagoelako onartzen dugu, eta “zain” hitzik ez daukagulako gure hiztegian “zaintzaile/zaindari” adieran.
Hitz elkarketak korapilatsuak dira askotan, eta beste askotan gehiegi edo gaizki erabiltzen dira: “aberri eguna” berez “día de las patrias” izan behar omen luke (eta “aberriaren eguna” esan beharko omen litzateke); horregatik antolatzen dira “manifestaldi nazionalak” hemen, eta ez “nazio manifestaldiak”. Baina “II. Mundu Gerra” onartu dugu, “guerra mundial” esateko, baina berdin izan zitekeen “la guerra de los mundos” filmerako egokia, hartara jarrita. Hala ere, inork ez dugu arazorik “errege eguna” esateko, errege jakin batzuen eguna besterik ez bada ere.
Oso adibide egokiak iruditu zaizkit, Fernando.
Dena den, ez nago ados proposatzen dituzun izenlagun bidezko konponbideekin (haurren psikiatra, haurrentzako psikiatra…), jadanik lehenagoko artikuluren batean idatzi dudanaren ildotik: “los psiquiatras infantiles de Noruega” ez dira “Norvegiako haurrentzako psikiatrak”, ez eta “Norvegiako haurren psikiatrak” ere.
Nire ustez, irtenbiderik egokiena batera idaztea da: “haurpsikiatrak”. “Neuropsikiatra” idazten deneko lasaitasun eta normaltasun berarekin.
Ez dut uste hitz elkartuek soilik eta berez plurala dakartenik. Zeren eta “etxe-andre” ez baita, normalean, “etxeetako andre”, ez “aitaordea” halaber “aiten ordea”. Besterik da konposatuak batik bat (?) kontzeptu orokorrak izendatzeko erabiltzea, eta mugagabetzat (= pluraltzat egungo ikuspuntutik) interpretatzea zuzenago dirudien.