Haur psikiatra bat

Fernando Rey Escalera

Maiz mila tokitan esandako eta idatzitako gai bat ekarri behar dut blogera. Ez da, beraz, oso gauza jakingarria, baina, lehengo egunean gure lantokian aditutako esaldi batek berriz kontua berrituta, hemen aipatzea merezi zuela iruditu zitzaidan, adibidea aski adierazgarria delakoan.

«Haur psikiatra bat» aipatu zuen batek, eta salto moduko zerbait sentitu nuen bularrean. Badakit logika erabiliz gero ez dagoela nahasbiderik. Gizarte honetan adoleszentzia izugarri luzatzen ari den arren, haurtzaroa laburtzen ari den arren, badakit pixka bat pentsatuta ongi ulertu beharko nukeela, baina susmoa dut ez ote den gertatzen hark esan zuena: «beharrik badakidan erdaraz; bestela ez nuke zure euskara ulertuko».

Infantil adjektiboa agertzen den aldiro izen-elkarketaz eta haur hitzaz baliatzeko joera badagoela jakin ezean, ez da berehalakoan harrapatzen; ez nik, behinik behin.

Eta esan diot neure buruari: «bazeudek beste batzuk aise barneratu dituanak. Haurtzain, aurzaia erdaraz ere erabiltzen ditek Nafarroako herri erdaldunetan, atera kontuak». Bai, bai, baina kostatzen zait. Kostatzen zaidan bezala, adibidez, «haur parke bat» irenstea.

Ohitura eta erabilera kontua da segur aski, bi hitzek sortzen duten elkarketa noiz dagoen fosilizatua, bi hitzak noiz dauden oso bat eginak.

Automatismo batzuk lagungarriak izaten dira, baina beste batzuek, jakina, kalte egiten dute. Bitartean nik –eta gehienok nik uste– nahiago dut deklinabide-atzizkiez baliatu. Naturalagoa egiten zait. «Haurrentzako parkea, haurren parkea», edo «haurren psikiatra, psikiatra pediatrikoa…».

Gogoan dut orain dela urte mordoa nola harritu nintzen Euskadi Irratian «kirol berriak» adituta. «Eta, orain, kirol berriak». Zinetan, aldi hartan, azken urteetan sortutako kirolez hitz egin behar zutela uste nuen. Ohitu naiz orain. Beharbada nire buru-zurruntasunak ere badu zerikusia, baina, tira. Nik, oraingoz, nahiago «kiroleko berriak».

Zailtasuna are handiagoa da hitz elkartuetako azkena adjektibo zein izen izan daitekeenean. Hor dugu betiko adibide hori: «Haur saltzaile bat» (‘saltzen lan egiten duen haurra’ / ‘haurrak saltzen dituen pertsona’). Haur saltzailea / haur-saltzailea.

Bakarren batek esaten zidan hori aise konpontzen dela marra erabilita (kirol-berriak, haur-psikiatra), baina elkarketa horiekin ohitu bitartean edo ditxosozko marra hori ahoskatzeko moduren bat asmatu bitartean, ni beste bideren bat bilatzen saiatuko naiz.