Ezaz

Patxi Petrirena Altzuguren

Gaurko hizpidea aste honetako zalantza batek eman dit. Erantzun bat badut, ustez, baina datu batek lanbroa egin dit bidean, eta horixe nahi nuke zuekin argitu, tartean beste zertzeladaren bat erantsiz, beste batzuentzat ere argigarri izango delakoan.

Haste-hastetik, beraz, hona zalantza eta nire erantzuna: «ausardia eza bera» ikusi dut testu batean, eta pentsatu: aukeran, «ausardiarik eza» seguruagoa da, eta, bera adjektiboa gehitzekotan, artikulurik gabe joan beharko du ez izenak «ausardiarik ez bera» (ez badugu, jakina, «ausardia falta bera» idatzi nahi).

Baina, hara: Hiztegi Batuan, ez sarreraren azpisarreretako bat (azkena) -ik eza dugu, horrelaxe. Horrek informazio argi bat eskaintzen digu, alde batetik: aurreko izena partitiboan joan ohi da egitura horretan; hots, ohikoagoa da «ausardiarik eza» «ausardia eza» baino. Bestetik, ordea, -ik eza azpisarrera horrela ikusita, balirudike -a hori itsatsia edo dela; ez ote luke, bestela, -ik ez agertu behar?

Euskaltzaindiaren Hiztegi oraindik berriak ez digu asko laguntzen, hauxe ageri baitzaigu, azpisarrera guztietan azkena: «-ik eza (Mugatua). Bere agortasun edo haurrik eza aurpegian emanaz. Lanik eza, gauza tristea. Zaldunaren jaramonik eza. Beldurrik ezak salbatu zuen. Euskararen batasunaz edo batasunik ezaz mintzatu beharko dut». Adibide horiek ongi daude, bistan da, baina ez digute batere argitzen zalantza. Zer esan nahi du hiztegi horrek «mugatua» dioenean: beti eza agertu behar duela, ala eza agertzen denean ingurumari sintaktikoak mugatua dela (eta berez ez dela)?

Hurrengo kontsulta, jakina, Orotariko Euskal Hiztegira. Orotarikoan, adierarik ohikoenen ondoren, ez hitzaren izen-balioa ageri da (horixe baita esku artean duguna: ez izena). Izen balioari dagokionez, hiru azpimultzo egiten ditu OEHk:

1. Negativa, rechazo; negación: Lehenbiziko ezean, au premier refus. Bada ez bada, eskatu deixogun; eza beti daukagu.

2. (Precedido de sust. en caso partitivo). Falta de. Bildurrik eza (V, G, AN), la falta de miedo. Bere agortasun edo aurrik-ezean ez geldituaz damu zuen. Batasunik eza.  Erdal itzulpenik ez hori. (Gero, aurreko izena partitiborik gabe ageri den adibide banaka batzuk ageri dira: adibidez, Bere irmetasun eta bildur eza.)

3. Partizipioaren ondoren: Damu dot zure lege santua gorde eza.

Garbi ikusten da ingurumari sintaktikoaren arabera agertuko dela, edo ez, -a artikulua: eza, ezak, ezean, ez hori… Sailik ohikoenean sar daitezkeen adibideak dira «haurrik ezean» eta «itzulpenik ez hori». Hori horrela bada, ez da erraz esplikatzen Hiztegi Batuan eta Euskaltzaindiaren Hiztegian -ik eza izatea azpisarrera, eta ilun gertatzen da bigarren horetako «-ik eza (mugatua)» azalpena. Baliteke niri ihes egin didan zerbait izatea tartean, edo nik ez egoki interpretatu izatea datuak (horregatik diot «hori horrela bada»).

Testuetan, aurkitzen dira, egiazki, zalantzaren erakusgarriak. Ereduzko Prosa Gaur-en (hor ibili naiz bila gehienik, nahiz bilaketa ez den oso erraza kasu honetan), baditugu bi eratako adibideak. Lehenbiziko sail batean, niretzat espero izateko direnak ezarri ditut; bigarrenean, niri bitxi gertatzen zaizkidanak:

  • «jarraitasun-ez berari buruz», «iraun-nahi-ez hori», «bizitzeko gogorik ez hori», «ezertarako gogo-ez hura»…
  • «segurtasun-eza hori», «segurtasun eza handia», «ziurtasun-eza honi», «ahalmen eza honen iturburuak», «xarmarik eza hura», «atxikitasun eza hori», «segida eza batzuk», «arrazoimen-eza politikoa», «bortxakeriarik eza aktiboa»…

Uste dut, betiere, ez izena erabiltzen dugunean aurrekoari partitiboa eranstea dela arruntena eta seguruena, hala erakusten baitute Orotariko Euskal Hiztegiko adibide-kopuruak eta Hiztegi Batuan nahiz Euskaltzaindiaren Hiztegian azpisarrera -ik eza izateak (-a hori zernahi dela ere).