Hobe beharrez

Iñaki Segurola

Izugarri harritzen nau hobe beharrez ari den jendeak. Sen onaren gainetik sen hobearen eta hoberenaren esanera dabiltzan adimen goitarrak ditut gogoan. Halakoak «herri xehearen» gainetik hegaldatzen dira eta ausardia ederra da hori. Hizkuntzari buruz ari naiz, jakina, zeren adimen goitarrak hortxe nabarmentzen baitira gehienik, hots, herri ezjakinaren inbentua den hizkuntza ontzen eta hobetzen, eta haren jabe egiten.

Hartzen dugu, konparazio batera, Euskaltzaindiaren Hiztegia, begiratzen dugu astelehen hitza, eta ikusiko dugu zein den hitz horren definizioa: «asteko bigarren eguna». Bai, jaun-andereak. Zer uste zenuten ba? Lehena lehena zela? Ez ba: lehena bigarrena da. Ez gure moduko ezjakinentzat, baina bai adimen goitarrentzat eta geure hizkuntzako hitzak berak ezin ozenkiago dioskun hori «gainditzeko» gai eta trebe direnentzat. (Astearteak eta bereziki asteazkenak ere bazituzten beren arazotxoak. Hizkuntza askotan dituzte egun-izenek beren arazotxoak, zeren goietatik ezarritako gauza baita astearen egitura, eta hartara jarri edo moldatu beharrak dakartza arazotxo horiek. Astelehenari segunda-feira esaten diotenek ere etsi egin behar izan dute eta asteko lehen egunaren izentzat irentsi. Zeren astelehenaren lehentasunaren alde ez baitago euskara bakarrik; gure mundu edo errealitate garaikidea bera ere halaxe moldatua dago, eta horixe dago josia hiztunen gogoan edo gogapean ere. Hargatik da ezin miresgarriagoa hobe beharrezko adimen goitarren balentria hau.)

Ez naiz kontutxo historiko-kultural aspergarrietan sartuko. Aski izan bekigu katalanezko Wikipediaren esplikazio xuhurra: El dilluns és el primer dia de la setmana. (…) En alguns països es considera el segon dia de la setmana ja que el principal i primer és el diumenge, per la tradició del cristianisme (euskarazkoarentzat astelehena asteko lehen eguna da eta kito; ofizialki eta akademikoki gezurra dio, beraz). Esanda bezala, hemen eta beste leku askotan, astelehena da asteko lehen eguna edozein ezjakinentzat, jakintsu askorentzat eta euskararentzat berarentzat, baina ez euskarazko lehena izatez bigarrena dela maisukiro erakutsi nahi digutenentzat. Eskertzen dugu haiengandik datorkigun argi infrazuria. Estimatzen dugu hiztun arrunten sentieraren gainetik hegatzeko duten dohain inbidiagarria.

Beste adibide bat ere badakart gaur. Aspaldian Euskal Telebista deritzan katean lotua egotea tokatu ohi zait igande arratsalde batzuetan, eta gertatzen zaidana da nazkatua nagoela erratari batzuen ahotik lan-erdiak aditzen, deus esaten eta esan nahi ez duen lan-erdiak hori aditzen. (Besterik litzateke lanen erdiak, baina ez da kasua.) Aizkoran ebaki beharrekoen erdiak ebakitzen direlarik esan izan dugu beti erdi-lanak eginak dituela aizkolariak, edo erdi-lanetan dagoela edo dabilela. (Halaxe ikasi nuen mutikotan Azpeitiko zezen-plazan ikusten nituen aizkora-apustuetan.) Bai: erdi-lanak esan izan dugu beti hiztun ezjakinok, erdi-prezioan esan izan dugun bezalaxe. (Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua-n badator erdi-lanak egin adibide gisa; Euskaltzaindiaren Hiztegia-n desagertu egin da, oker ez banago.) Etorri zaizkigu, beraz, kate horretako erratariak, gauzak ikaragarri zuzen erraten dituzten erratariak, eta aizkoran ez ezik, pilotan ere hasi zaizkigu lan-erdiak zatar hori erraten. Erratari horiek norbaitek argitu ditu edo beren buruak argitu dituzte, gu betiko ilunpean gelditu garelarik. Erratari horiek ere nik bezalaxe aditu izango dute beti erdi-lanak erraten, zeren, begira nola diren gauzak, erratari horiek neure herritarrak baitira, baina erratari xuxenek ederki dakite beren buruei gogor egiten, eta hizkuntza naturala goragoko «logikaren» baten arabera errendiarazten eta bortxatzen, hobe beharrez betiere. Dohain inbidiagarria da hori ere, ia astelehenaren kasuan baino haundiagokoa, nik erran behar banu.

Zorionekoak hobe beharrez ari diren adimen goitarrak. Zorigaitzekoak gure begi-belarriak.

***

Goiko purrustadatxoa idatzi eta gero jakin dut, Euskaltzaindiaren Hiztegia egiten ari den lantaldeko kideen ahotik, hiztegi horren hurrengo argitaraldian (1) gauza ia segurua dela astelehen hitzaren definizioa ‘asteko lehen eguna’ izango dela, eta (2) orobat dela gauza ia segurua erdi-lanak agertuko dela, baina ez lan-erdiak, edo, agertzekotan, ez dela hobestekotzat emango, zeren, egia izanik ere gaurko euskara idatzizko eta erratarizkoan gehiagotan agertzen dela erdi-lanak baino, ez da gutxiago egia erabilera hori kontsignapeko edo agindupekoa dela nagusiki, hots, «hobe beharrezkoa».

Eta hau hementxe idatzirik gelditzen da jakin dezaten erratari xuxenek eta haien gaineko zuzentzaile eta debekatzaile orojakitunek nondik nora dabilen haizea goi-geruzetan.

11 erantzun “Hobe beharrez” bidalketan

  1. Eta, lehenago, *Hautalanerako*ak ere bai.

    astelehen. iz. ( 1636; astelen 1622) Astearen bigarren eguna, igandearen eta asteartearen artekoa. Astelehen buruhandia: festa ondoko motelkeria.Ik. biharamun 2. Tabernan igaro jaia, astelehen buruhandia.
    —ASTELEHEN INAUTE. ( asteleiñaute *1868; astelen iñauteri 1827; astelen-iaute *XVII ea., 1935; asteleniote *1745) Astelehen inauteria, inauterietako astelehena

  2. Ari garela buruz dagoen desfasea artean euscara real sociologico constatablea eta batzuec (Academia, academico, itzultzaile, esatari edo erratari, idazle, … eta bazterrac emparau) dutena jartzen normalizatutzat hemen ditut ipinico zembait exemplu argui indiscutible eta irrefutablea, non argui ikusico dugun contrastea artean euscara reala eta virtual hutsa.

    Halan entzuten eta ikusten ditugu nola tzat ondoco hitz hauec

    persina, consulta, consigna, dispensa, arsenico, … eta etc luzea

    diren esaten eta izquiriatzen honacoac

    pertsina, contsulta, contsigna, dispentsa, artsenico … eta etc luzea.

  3. Hara ba. Sarasolak orduan arrazoi. Nortzuk izan dira Euskaltzaindiaren Hiztegi berriaren EGIAZKO egileak?

  4. Gehitzen dut hemen katalanek dioten “alguns països” horiek, edo hori, gaur egunean funtsean Estatubatueta dela. Hala adierazi dit lagun ingeles batek. Han segitzen dute “amb el fanatisme del cristianisme”. Hango egutegietan ikusten da gehienbat igandea asteko lehenbiziko egunaren tokian. Hango egutegietan eta hango usadiora egindako egutegietan, hots, toki eta aparatu askotxotan oraindik ere.
    Nola iritsi den gurera? Pertsona izen batzuk, edo bat, atera da hemen. Ez naiz saltsa horretan sartuko. Asuntoa gehiegi pertsonalizatzea litzateke. Erdi-lanetan egingo dut planto.

  5. Baina has gaitezen, Iñigo, hasieratik. Zer dago hasieran? Igandea, jakina. Hiztegi horretan igandea da “asteko lehenengo eguna”, eta, bidenabar, erakusten zaigu egun hori dela “kristau gizarteetan atseden hartzen dena eta Jainkoari bereziki eskaintzen zaiona”. Agian zuk mendira joateko ohitura duzu igandeetan, edo lasterka egitekoa, edo egun guztia txortan pasatzekoa; bada jakizu ez zarela Akademiaren definizioaren arabera bizi, edo agian ez zarela kristau gizarte batean bizi.
    Txorakeriak utzita orain: etsia hartua geneukan “asteazkena” ez zela astearen azkena edo azkenengo eguna; orain irentsi behar izan dugu “astelehena” ere ez dela astearen lehena edo lehen eguna. Zuk idazten baldin baduzu, konparazio batera, “gaur astelehena, asteko lehengo eguna, jakina”, jakin behar duzu esaldi hori ez dela zuzena, ez dela euskara ofizialaren araberakoa, eta azterketaren batean jarri ezkero, okertzat jo beharko luketela… eta holakoxe kontuak.

  6. Ergelkeria akademikoak beldurra ematen du, baina “hizkuntza naturalaren” astakeria aipatzen dutenek eragiten dutena ez da txikiagoa. Azkenok kontsignak erabiliko ez dituzte ba…

    Gerrikagoitia: euskara errealean gehien-gehien-gehienek k erabiltzen dute zuk c erabiltzen duzun tokian, gi jartzen dute zuk gui jartzen duzun tokian, ejenplu (gehiago adibide gaur egun) esaten dute zuk exemplu idazten duzun tokian, eta abar, eta abar

  7. Ni ez nago inoren gainetik, eta ez diot inori hobe beharreko kontsignarik eman «lan-erdiak» esan dezan, besteak beste orain arte ez dudalako izan «erdi-lanak» / «lan-erdiak» lokuzioaren berri —herri-kirol emanaldiek ez naute liluratzen—, halandaze Segurolaren baieztapenei beste batek erantzun beharko lieke. Hala ere, informazio interesgarria erants dezakedalakoan, Segurolaren baieztapenak zuzentzera ausartuko naiz, hobe beharrez, baina nire stiloan, KG estiloan, alegia, kalifikatiborik gabe.

    1. Euskal Telebistaren aizkora emanaldietan, «erdi-lanak» ez da arrotza, ohikoa baino.

    2. Lokuzio honen erabileran, belaunaldi eten bat igartzen da. Aditu eta esatari-lagun adintsuagoek (han!, lehen kalifikatiboa 😉 ) «erdi-lanak» esaten dute hutsik egin gabe. Kazetari gazteagoek, «lan-erdiak» sarriago.

    3. Kirol-kazetariak jabetuta daude erabilera ezberdin biez, eta konturatu dira euren erabilera berrian pisu handiagoa izan dezakeela «maratoi erdi» eta «finalerdi» paradigmak «erdi-prezio» paradigmak baino.

    4. Lexikografoak ere konturatuta daude kirol-kazetarien hautuaz / erabileraz, eta «lanerdi» sarrera bihurtu dute euren hiztegietan.

  8. Oharra: erantzunen bat argitaratu nahi duenak benetako helbide batetik idatzi beharra dauka (‘Asmoa’ orrian adierazita dagoen bezala), izen-abizenak ematera behartuta ez badago ere.

  9. Asier: badakit corpusetan, corpus arimagabeetan, “lan-erdiek” irabazten dutela; bestela, berriz, corpus bat zer den ez dakitenen artean eta corpusetan agertzen ez diren aho-mihietan, “erdi-lanak” gailentzen direla esango nuke garbi. Hainbesteraino non “lan-erdiak” ez baitira gure belarrietan sartzen inolaz ere (“lanaren erdia” edo “lanen erdiak” bai).
    Nik badakit zer den corpus bat, baina, Mitxelenak behin klasean esan zigun bezala, gu jende gara filologo baino lehen, edo hala behar genuke behintzat. Hiztun ezjakin eta oharkabekoak gara filologo baino lehen, eta hizkuntza naturaletan gauzak holaxe dira, corpus arimagabeen eta hobe beharreko eskemen esanera diharduten idazle eta erratariek besterik uste badute ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude