Borja Ariztimuño Lopez
Badira ia hiru urte Asier Larrinagak -zko atzizkiaren defentsa egin zuela EIZIEren webgunean, zehazki hitz elkartuetako lehen osagaia sintaktikoki «askatzeko» bide emankortzat. Idazkitxo honen muinera baino lehen, dasadan[1] artikulu hura guztiz interesgarria gertatu zitzaidala, eta hainbat galdera eta hausnarketa eragin zizkidala. Beste atzizki batzuetara (-ren, -ko, -z) ere zabaldu liteke eztabaida hori (amaraunean zehar ugariak dira halakoak), eta esango nuke -zko baino jatorragoa dela -ko hutsa hainbatetan (edota -ren, batzuetan), esaterako Asier Larrinagak dakartzan Mitxelenaren «fonetikazko lege» edo «linguistikazko teoria» bezalakoen kasuan.
Harira joanez, garbi dago -zko bi atzizki batzetik datorrena (erdietsi duen gramatikalizazio-maila altua gorabehera), eta batek (instrumentalak) ematen diola «esanahia», eta besteak (erlazio-atzizkiak[2]) kategoria sintaktikoa aldarazten eta beregainago egiten. Adiera ezberdinak (oinezko, ustezko, urrezko…), hain zuzen ere, instrumentalaren beraren balio edo erabilera ezberdinei lotuak daude, oro har.
Gaur egun berdin esan dezakegu badut egurrez egina den jostailu bat edo, mendeko aditza isildurik, badut egurrezko jostailu bat, baina ez badut jostailu bat egurrez. Testu zaharrenetan, ordea, oraindik -zko erabat gramatikalizatu gabeko etsenpluak aurki ditzakegu, zeinetan, aditza isilduta ere, ez den -ko atzizkiaren beharrik (grafia gaurkotuaz ematen ditut):[3]
«Sandailia» testu zaharrean:
Sandailiak ateak ditu zirarrez, / nola zirarrez da ala zendalez (‘zilarrezkoak’, ‘zendalezkoak’).
Refranes y Sentencias errefrau bilduman:
Arotzaren etsea zotzes (‘zotzezkoa’), zotzes bere gaitxes. / La casa del carpintero de palillos, y los palillos también los peores.
Lazarragaren eskuizkribuan:
Askotan, zu bazina pedernala, eta ni banintz atxez! (‘haitzezkoa’).
Mahaira datorrenean, barriz, baba zigorrez saldea (‘baba txigorrezko’).
Esku batean nekarrela kaltzaidu utsez errodela (‘altzairu hutsezko’).
Oihenarten atsotitzetan:
Eztoela latsara, gatzez duena oinzolara (‘gatzezkoa’). / N’aille à laver la lessive qui a les pieds faits de sel. / Que no vaya al lavadero quien de sal tiene la planta del pie.
Horien ondoan, Lazarragak, esaterako, badakartza orobat arkaan barriz erraz dafinket / malla finezko kotea (‘arkan berriz ipiniko dut, ziurrenik, sare-begi finezko kota’) bezalakoak, non instrumentalak ez duen aditz nagusiarekin zerikusirik.[4] Azken batean, gainerako kasuei -ko eransteko baldintza berberaren aurrean gaude; adibidez: opari bat norbaitentzat erosi edo ekar daiteke, baina ez norbaitentzat galdu, eta horrexegatik esan dezakegu, ñabardurak ñabardura, opari bat erosi dut Mikelentzat nahiz Mikelentzako oparia erosi dut, opari bat nekarren zuretzat nahiz zuretzako oparia nekarren, baina ez **opari bat galdu dut Mikelentzat, eta bai, ordea, Mikelentzako (den) oparia galdu dut (isilean beste aditz «egoki» bat badelako, izan adibide horretan).
Esan bezala, baina, zerezko aski gramatikalizatua dago egun. Arrazoi bat erabilera-maiztasuna dateke (absolutua zein erlatiboa; ez dut neurtu, dena den), horrek eragin handia izaten baitu halako prozesuetan.
Baina, zertako kontu linguistiko (edo linguistikazko kontu) horiek guztiak? Bada, aurrekoan, telebistako saio batean honako hau entzun nuelako:
Perejil egindazko krema (to eta no!)
Esaldia ulerterraza, akatsa kasik ulertzekoa. Batetik, pentsa liteke lehengai adierako instrumentala egin edo eremu semantiko horretako aditz batekin agertzen dela gehienetan, eta horrek ekar lezake nolabait [X-z egin] osagai bakar bereizezintzat hartua izatea, gutxi gorabehera hitz egin, antzeman eta abarren modura. Jakina da, bestetik, euskaraz kasu-atzizkia sintagma osoaren atzealdeari itsasten diogula, eta, horrez gain, -zko atzizki konposatuaren beraren arrakastaren eraginaz, perejilezko banatu behar izatekotan -zko oso-osorik erauzi eta atzera eramatea ez bide da hain harrigarria,[5] perejil-egindazko moduko munstro maitagarri bat sortuz.[6]
Areago, badugu euskaran bertan horren antzeko (tira, axaletik bada ere) beste aldaketa historiko bat: norbait-en moldeko izenordain zehaztugabeen garapena.[7] Jatorrian bi elementuz osatuak ziren eta lehendabizikoa deklinatzen zen beti (nork bait, nori bait, zertaz bait…), euskara batuan leku-denborazko oinarrizko kasuek gordetzen duten egitura bera (nonbait, norabait, noizbait…). Behin osagai biak bakarrean gramatikalizaturik, kasua kanporatu egin zen, batzuetan bikoiztuta, gehienetan oinarrizko forma utziz lehendabiziko zatian: nor-bait-ek, nor-bait-i (lekukotua dago noribaiti ere), zer-bait-etaz, alde batetik, eta nonbaiten, norabaitera/nonbaitera eta abar, bestetik.[8] Hortaz, zer pentsatu zukeen norkbait zioen euskaldun hark gazte axolagabe baten ahotik norbaitek bezalako itxuragabekeria bat entzutean?
[1] Aizue, esan esaten badut, zergatik esan behar dut derradan? Cf. Lazarragaren «oi, lenaengo abantajea / dasadan, zaoz exilik».
[2] J. I. Hualde eta J. Ortiz de Urbinaren A Grammar of Basque liburuko terminologian, relational.
[3] Lazarragaren eskuizkribuaren ediziotik hartutakoak dira adibideok.
Joseba A. Lakarrak gogorarazi dit Azkuek bildutako «Aldaztorrearen balada»n ere badela halako adibide pare bat, «Sandailia»koak gogorarazten dituena: Aldaztorreak ateak ditu letuez, / ango plater-pitxeruak zidarrez.
[4] Gainerakoetan (salbu eta Lazarragaren eskuizkribuko azken adibidean) aditz nagusia, agerian nahiz ezkutuan, izan edo ukan da (eta, akaso, egin): zilarrez ukan, zotzez [izan], haitzez izan, baba txigorrez [ukan/egin?], gatzez ukan.
[5] Googlen bilatuz egindazko ez ezik, eginizko, osatutazko eta betetazko ere agertzen dira, esate baterako; ez da halabeharrez aditz horiekin gertatzen akats hau, aipatutako zio semantiko eta maiztasunezkoak kontuan hartuta.
[6] Cf. partizipio mota beraren gainean eratu ohi diren bestelako bidutziak, hala nola inon irakurritako «Matutano kakahuete labean egindak», «galderak aurreko prozesuetatik ateratak izan direla», eta abarren abarra.
[7] Horien jatorriaz ikus Ricardo Etxepareren artikulua.
[8] Adibide gehiagoko azterketa sakonago bat Javier Etxagibelen artikuluan.
Kaixo, Borja, ongi etorri…
“-zko erabat gramatikalizatu gabeko” bertze etsenplu ezagun bat bada, ustez hamaika tokitan (ez denetan berdin, baina bai igualtsu) kantatzen den kopla batean. Beran, Urtezahar egunean etxez etxe goazela, honela kantatzen dugu, honelaxe ikasi baikenuen (koplariak kantatzen hasteko baimena eskatzen du):
Zapata xuri pauperez / busti ezkeroz baterez
Nagusi jauna, erraziguzu / hasiko garen edo ez
Ez da zure artikuluko gaia, baina jakin nahi nuke, inork baldin baleki, nondik nora heldu den “pauperez” hori (“paperez” erran nahi duena, bistan da).
Eskerrik asko Mikel. Bada, egia esan ez dakit nondik datorren “pauperez” hori, Orotarikoan ere ez baita agertzen. Baliteke latinezko “pauper”-ekin gurutzatu izana? Eliz kontutan ez nago oso jantzia, baina lehen mezetan-eta latin gehiago entzuten zenez…
Oiartzunen honela omen da ahapaldi bera (http://www.euskomedia.org/cancionero/4272):
“Zapata txuri paperez;
euri denian baterez;
Nagusi Jauna, esan bizaigu
hasiko geran edo ez.”
Eta, bide batez, beste adibide bat, kantu berean:
“Esku txuritan papera;
mayian urrez platera;
lotsa gogorrez heldu gerade
Jauna, berorren atera.”
Noiz arte iraun ote zuen instrumental hutsaren erabilera horrek?
Ez dakit ba, Mikel, nik “pauperez” hori pobretasunarekin, txirotasunarekin lotuko nuke: Zapata zuri pobrez/txiroz.
Nik ere ez dakit, baina ez zait iruditzen horrek ikustekorik duenik biok aipatzen duzuen pobretasunarekin. Gainera, “zapata xuriak” jauntzi dituena ez ote dabil bertzela agertu nahirik? Eta gero, zer? Oinetako horiek “maribistako” izaki, eta euriak salatu!