Konparazio finduak

Xabier Aristegieta Okiñena

1.- Euskaraz darabiltzagun konparazio-perpausik ohikoenetan, bi konparagai ezberdin egoten dira (beheko adibideetan, A eta B), eta horiek alderdi zehatz bati dagokionez (maila, zenbatasuna edo modua, EGLU-Ven arabera) konparatuak dira.

Konparazio-perpausetako egiturarik arruntenetako batzuk hauek dira:

(1)   A, B baino handiagoa da
(2)  
A, B bezain handia da
(3)  
Ak Bk adina diru dauka
(4)  
Ak Bk baino diru gehiago dauka

Har dezagun, adibidez, 3. konparazioa: Ak Bk adina diru dauka. Hor, Euskaltzaindiari jarraituz,[1] bi perpaus daude:

Perpaus nagusia: Ak X diru dauka
Perpaus txertatua: Bk X diru dauka

Euskaltzaindiak dio bi perpausek “egitura paraleloa izan behar dutela konparazioa bideratuko bada”[2]. Eta geroago[3]:

…bi perpaus paralelo horietan, maiz, errepikatzen diren osagaiak izango dira. Kasu horretan perpaus txertatukoak isilpean utziko dira.

Osagaiak errepikatzen ez badira, kontrastean jarri behar dira, eta, horrenbestez, perpaus txertatukoak ere agerian egongo dira.

Hori horrela, aukeratu dugun adibidean osagaiak errepikatzen direnez (diru, dauka), perpaus txertatukoak ezabatu egiten dira.

Horrelakoak dira euskarazko testuetan aurkitzen ditugun konparazio-perpaus gehienak. Baina ez noa horietaz hitz egitera.

2.- Zenbat eta ugariagoak izan konparazio-perpausetako perpaus nagusiak eta txertatuak desberdin dituzten eta, horrenbestez, agerian utzi beharrekoak diren osagaiak, orduan eta konplikatuago bihurtzen dira konparazio-perpaus horiek. Has gaitezen adibide batzuk ikusten:

  • …dice con una sonrisa de medio lado, característica de quien ha roto tantos platos como palabras ha escrito.(EL PAÍS, 2013ko abenduaren 13koa)

Goiko konparazioan, elementuak hauexek dira:

Perpaus nagusia: norbaitek X plater puskatu ditu
Perpaus txertatua: norbaitek X hitz idatzi ditu

Ikusten denez, errepikatzen den osagai bakarra subjektua da: aditzak ezberdinak dira, eta osagarri zuzenak ere bai (haien kopurua berbera izan arren). Horrek esan nahi du konparazioan jaso behar ditugula errepikatzen ez diren elementu guztiak. Itzulpen proposatu bat: hitzak idatzi dituen adina plater puskatu dituen norbaiten irribarrez…

Beste adibide bat:

  • La lista de despilfarros es tan larga como nulas las responsabilidades políticas asumidas por la gestión de RTVV (EL PAÍS, 2013ko azaroaren 10ekoa)

Esaldiko elementuak:

Perpaus nagusia: Zarrastelkeria-zerrenda X luzea da
Perpaus txertatua: RTVVren kudeaketaren ondorioz onarturiko erantzukizun politikoak X ezerezak dira

Kasu honetan errepikatzen den osagaia aditza da. Itzulpen bat izan liteke: Zarrastelkeria-zerrenda da RTVVren kudeaketaren ondorioz onarturiko erantzukizun politikoak ezerezak diren bezain luzea. Baldar-kutsuko itzulpena da, eta gainera, elementu errepikatua (“izan” aditza), teorian ezaba zitekeena, agertzea komeni da, ulergarritasunari laguntzeko.

Beste aukera bat izan liteke euskarazko “bata nolakoa… bestea halakoa” egituraren tankerako bat erabiltzea: RTVVren kudeaketaren ondorioz onarturiko erantzukizun politikoak nolako ezerezak, halako luzea da zarrastelkeria-zerrenda. Tira, baliteke.

EGLU-Ven[4] adibide bakan hau aurkitu dut:

  • Gogoa azkar bezain bixta xorrotx zuen oraino lauetan hogoi urtetan (J. Etchepare, Buruchkak, 160)…

Horri jarraikiz suertatuko litzaigukeen konparazioa: RTVVren kudeaketaren ondorioz onarturiko erantzukizun politikoak ezerez bezain zarrastelkeria-zerrenda luzea da. Perpaus nagusia atzeratuegi, nire ustez.

Azkenik, eredu erromanikoari helduz, honela gelditzen zaigu: Zarrastelkeria-zerrenda hain luzea da nola ezerezak baitira RTVVren kudeaketaren ondorioz onarturiko erantzukizun politikoak. Ez dakit zuei zein gustatuko zaizuen gehien, baina niri, behintzat, azken horixe iruditzen zait asegarrien.

 Orain arte landu dugun adibidearen ildokoa da beste hau:

  • Bien es verdad que desde hace dos años los móviles de Nokia eran tan europeos como americanos los de Apple,… (EL PAÍS, 2013ko irailaren 8koa)

Baina konparazioak oraindik gehiago konplexutzen joan daitezke, halako moduz non gerta baitaiteke perpaus bakoitzean orain arte ikusi ditugun hiru elementuetatik (subjektua, aditza, kasuko osagarria) beste perpausekoarekin bakarra ere bat ez etortzea, asmatutako adibide honetan ikus daitekeenez:

  • Pedro compró tantas botellas como goles metió Antonio

Alabaina, eta harrigarria izan badaiteke ere, konparazio horrek ez du euskaraz hainbeste arazorik sortzen: Antoniok zenbat gol sartu, hainbeste botila erosi zituen Pedrok. Itxuraz behintzat, zeren eta lehenbiziko partean aditz laguntzailea ez agertzeak lausotu egiten baitu aditzaren ekintza egiazki gauzatu izanari buruzko ulermena. Nolanahi ere, eredu erromanikoa ere geratuko litzaiguke.

3.- Ezin aipatu gabe utzi konparazio konplexu samar hauek ingelesezko testuetan duten agerpen oparoa.

  • To be a king and wear a crown is a thing more glorious to them that see it than it is pleasant to them that bear it[5]

Dena den, bereziki maiz agertzen dira jarraian jasotzen ditudan adibideak bezalakoak, eta zalantza sortzen zait ez ote duten azpikategoria bereizi bat osatuko, orain arte aipaturikoez bestelakoa, zenbatasunaren eta moduaren artekoa: heinarena. Ikus ditzagun:

  • To adapt what Poincaré said of science: history is built up with facts, as a house is from stones; but a collection of facts is no more history than a heap of stones is a house.[6]
  • …the charting of a strait or the crossing of a mountain range cannot be isolated from its consequences, any more than the invention of the steam engine or the discovery of penicillin can be treated as technical matters, without consequences for the human race.[7]
  • In fact these half-dozen or so texts give no more idea of what the 70,000 or so works in the field represent than six pebbles will tell you what Chesil Beach looks like[8]
  • They would no more use their predecessors’ work than a modern astronomer would use Galileo’s feeble (but history-making) telescope for present-day history-making research[9]
  • I don’t believe that the readers who enjoy these stories care who actually does the typing, any more than they care whether Mr Kipling actually bakes his own cakes[10]
  • Life does not cease to be funny when people die any more than it ceases to be serious when people laugh[11]

Ingelesez sinpletasun harrigarriz ematen diren esaldiak guztiak ere, euskaratzean izerdi batzuk botatzeko modua ematen dutenak, tamalez.

4.- Gaurkoan aztertu ditudan konparazioen abantaila da haien bidez lortzen den zehaztapen-mailak testugileari modua ematen diola testu horri distira guztiz berezia emateko, testu-hartzaileari loturaren bat izan zezaketela burutik pasa ere egingo ez litzaiokeen elementuen artean zeharo ustekabekoak diren erlazioak argipera ekarriz. Horregatik, zinez konparazio “finduak” diren konparazio hauek sintaxi landuaren gailurretako bat iruditzen zaizkit. Desabantaila da, euskararen kasuan, erronka sintaktikoak ekartzen dituztela, ikusi dugunez. Eta horren erakusgarritzat jotzen dut tankera horretako konparazioen agerpena hain urria izatea euskaraz. Esate baterako, konparazio-perpausei EGLU-Vek eskaintzen dizkien 150 orrialde baino gehiagoetan, eskukada bat adibide baino gehiagorik ez dut aurkitu aipatzen ari naizen perpausenak.


[1] EGLU-V, 285. orrialdea
[2] Ibid., 285. orrialdea
[3] Ibid.,, 286. orrialdea
[4] 322. orrialdea
[5] Elisabet I.a Ingalaterrakoa, The Golden Speech, 1601eko azaroaren 30ekoa
[6] Peter Whitfield, Mapping the World: a History of Exploration
[7] Ibid.
[8] John Sutherland, 50 Literature Ideas You Really Need to Know
[9] Ibid.
[10] Ibid.
[11] George Bernard Shaw, The Doctor’s Dilemma

6 erantzun “Konparazio finduak” bidalketan

  1. Xabier.

    Ohar soil bat, baina “ezerez” horri buruz. OEHn begiratuta, ez dator halako erabilerarik: izenondo gisa, “insignificante, indigno, miserable, inútil, inepto” zentzuan dator. Ez dut uste ekarritako adibideari ongi egokitzen zaionik.

    1. Tira, niretzat, “insignificante, indigno, miserable, inútil, inepto” hori, zentzuA baino gehiago, es dizut esango bost zentzu, baina lau behintzat, badira.

  2. Partikula klasiko hauek ere oso erabilgarriak dira konparazio konplexuetan:

    EZI
    – Kristok nahiago lukeela sartu zaldiz beterik dagoen estrabi batean han oinkazka dezaten ezi ongi hamarrenak egiten ez dituenaren ahoan.
    – Harturen dut erresoluzio lehenago mila bizi banitu haien galtzeko ezi bekatu mortal bat eginen baitut.

    EZEN
    – Arraina lehenago mendiz ikusiren ezen baitut nik Larrun nehoiz ahantziren.

    EZEN EZ
    – Hobe duzue alaba txukun hori ezkondu hemengo tratulari aberats batekin, ezen ez Gaztelako eta besteetako haize-zahagi garbaldun askorekin.

    Eta hona berriki egindako itzulpengintza-lantegi batean aztertu ziren adibideetako bat, ea nola emango zenuketen euskaraz esaldia hautsi gabe:

    – The multiregional hypothesis, with its splitting of populations over a million years ago, would predict fifteen times more genetic difference between races than if our human ancestors left Africa only 60,000 years ago.

  3. Itzulpenak egitean, nola ez, zerbait sakrifikatu behar izaten denez, klasikoen itzulpen magistralak aldarean jarri eta, lurrean hankak jarrita, euskaldunak ulertuko duen zerbait jarriko nuke. Pentsa, segapoto hori “tan poco” edo “tan mínimamente europeo como…” “hitzez hitz” eman behar baduzu… Bide egokietako bat, akaso, jatorrizko testua gogoan hartu eta adierra bera edo beretsua duen beste bat ematea litzateke. Batzuetan asmatu egiten da.

    1. Edorta, ez nago batere ados. Hizkuntza bakoitzak bere berezitasunak dituelako ideia hori, polit bezain konpartitua, aitzakia bezala erabili izan da jatorrizko mezua euskaraz ia sistematikoki urardotuta emateko.
      “…euskaldunak ulertuko duen zerbait jarriko nuke”, diozu. Nire galdera da ea zergatik gaztelaniadunak gaztelaniaz eta ingelesdunak ingelesez inolako problemarik gabe ulertzen duten zerbait (eta, bidenabar esanda, euskaldunak berak ere, hizkuntza horiek baldin badakizki, inolako problemarik gabe ulertzen duen zerbait) ez ote duen euskaldunak euskaraz ulertu behar.
      Euskaraz hori egiazki gertatzen baldin bada, eta hori egiazki gerta dadin uzten bada, gure hizkuntzari komunikazio-tresna izatea ukatzen ari zaio, eta euskararen kontrako aurreiritziei arrazoia eman besterik ez da egiten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude