Asier Larrinaga Larrazabal
Paradoxikoki, ikus-entzunezkoen aroan, hitz idatzia bilakatu da komunikazioaren funts eta harroin, dela Twitter, dela WhatsApp, dela gogoan izan dezakezuen beste edozein plataforma, kanal edo euskarri. Telebistan bertan, gero eta gehiago idazten da pantailan. Paradoxikoki —beste paradoxa bat!—, idatzietan, gero eta gutxiago zaintzen dira komunikazioa bermatzeko betekizunak: kode partekatua, testuaren antolaketa… Niretzat, idatziaren kultura gainbehera dago.
Beharbada, konturatuta egongo zarete orain etiketek agintzen dutela idatzietan, hizkuntza-senaren eta beste ezeren gainetik agindu ere. Honetan, beste moda askotan bezala, ingelesak ezarri du bere legea; ezin dut bestela azaldu zenbat ugaritu diren «Korrika 2013», «Gabonak 2013» («Kilometroak 2014»-ren webgunean irakurria) eta antzeko idazkunak.
Euskal Telebistan ere, behin baino gehiagotan itzuri zaizkigu horrelakoak.
Baina, idazkunetatik kanpo, zer? Etiketa politok deklinaturik funtzionatu behar dute testu arruntetan, eta orduan datoz koplak: «Jende asko bildu zen Korrika 2013n» (?)…
Gure zoritxarrerako, «2014ko aurrekontuak» edo «2013ko Korrika» berez-berezkoen aurka, eskutik helduta datoz, alde batetik, aspaldiko «Montreal’ 76» haren ingeles leinua eta, beste alde batetik, de preposizio espainolaren elisioa, bulgarismo izatetik hizkera jasoan naturalizazio-agiria eskuratzera igaro dena (1).
____________________________________________
(1) Lapesa, Rafael (1981). Historia de la lengua española. Madrid: Editorial Gredos, 469. or.