Koldo Biguri Otxoa de Eribe
Joan den Gabon eguneko sarreran, Karlos Cidek ausardia pixka baten aldeko aldarria egin zigun perpaus erlatiboen inguruan, eta, ildo horretatik, bai ZEIN erlatiboak gehiago erabiltzea, bai -N menderagailuari ohi dugun baino etekin gehiago ateratzea proposatzen zuen. Bat nator Karlos lagunaren aldarriarekin, eta nire gaurko ekarpena gai honen haritik dator, baina arreta beste nonbait jarriz: aposizioetan, edo, zehazkiago, erlatibozko aposizioetan. Baina, kasu honetan, ordea, ausardia hori zalantzan jartzera.
Izan ere, ZEIN erlatiboak gaur egun ia erabat zokoratuta egotea XX. mendeko garbizaleen «arrakastarik» nabarmenena iruditzen zait, kakotxak erabiltzen ditudalarik hizkuntza baten tradizio guztian topatzen dugun prozedura bat desagerraraztea hizkuntza horren ahalbide espresiboak irentzea baita. Bidenabar esanda, hainbat gramatikalarik kemen gutxitxoz aldarrikatu dute erlatibo mota hau, esanez itzulpenetan behintzat erabili beharko litzatekeela; sekula ez zait iruditu onargarria dela kanon sintaktiko bikoitza aldarrikatzea euskararentzat (bat euskarazko «jatorrizko» testuetarako eta beste bat itzulpenetarako), batetik hori itzulpenen eta itzulpenaren harreraren kalterako zela, eta, bestetik, gertatu dena gertatuko zela bistan zelako: alegia, euskal itzultzaileok ere ZEIN erlatiboen erabilera alboratzen joan garela poliki-poliki (ikusi besterik ez dago Literatura Unibertsalaren bilduman nola gehiago erabiltzen ziren hasierako zenbakietan oraingoetan baino).
Erlatibo horien ordainetan, noski, geratzen den aukera bakarra garbi dago zein den: alde batetik, euskal idazleen estiloa «ahozkotu» egin da ia erabat; esaldi laburrak eta sintaxi erraxa. Ez da kritika (jendea oso minbera baitabil diot, badaezpada), egiaztapena baizik. Eta, beste aldetik, aposizioetan, -N erlatibo arrunta inoiz erabili ez den moduan erabiltzen da gaur egun (kontraesan nabarian eroriz, tradizio errotua bertan behera uztea euskara «jator» ustekoaren izenean, euskara jator horretan topatzen ez den tradizio berri bati ateak irekiz), eta, gainera, jakin gabe ondo nola egin behar den.
Natorren adibideetara (norbaitek jakin nahi badu non topatu ditudan, galde dezala pribatuki, zeren, esan bezala, oso minbera baita gure jendea; bakarrik esango dut lehena itzulpena dela, eta bigarrena ez):
- Ez ziren batere egokitzen plastiko horizko mahaiak eta aulkiak, udako arratsaldeetarako pentsatuak inondik ere, baina hotelaren zuzendaritza urte osoan han edukitzen tematuta zegoenak.
- Baserriko lur sailen mugaren alde banatara arbola handi bi daude, zein motatakoak diren ez dakiena.
Karlosek aldarrikatzen duen ausardia horrekin, arazorik ez dut erlatibo arrunt izenlaguna darabilen esaldi honekin:
- Mahaia konpartitzen dugun pertsona nagusi bati ez zaio esaten ez makurtzeko hainbeste burua mahai gainean.
Baina arazo gehiago izango nuke aposizioan jarrita egon balitz:
«Mahaia konpartitzen egon garenak» (zein pertsona nagusi? galderari erantzunez, adibidez; alegia, erdaraz, «aquellas con las que hemos estado compartiendo mesa»). Arazorik gabe ulertuko baikenuke, denok –nik uste–, beste zerbait: «los que hemos estado compartiendo mesa».
Nonbait ikusi dut, batzuentzat onargarri bezala, «Ni morroia egon nintzen ugazabak dirua zor dit» esaldi ausarta. Ez dakit berdin onargarria irudituko litzaiekeen horiei beste hau: «Ugazaba hark, ni morroia egon nintzenak, dirua zor dit».
Hainbat mendez, euskal idazle eta itzultzaileek zalantzarik ez zuten izango azken adibide hauetan ZEIN erlatiboa erabiltzeko eta euskara «jatortzat» hartu ere hartuko lukete, eta aposizio erlatiboa ulertu ere nekez ulertuko zuten, nekezago erabiliko. Baina, beldur naiz, gero eta gehiago ikusiko ditugu era honetakoak. Ez naiz nor esateko gramatikalki okerrak diren ala ez (klasean ere, aspaldi hasi nintzen gehienez ere esaten nik ez nukeela halako edo holako baliabidea erabiliko, gustu edo iritzi kontuan utziz), baina bai zalantzan jartzen dut hau benetan hobea edo “jatorragoa” den aurreko idazle eta itzultzaile belaunaldi dexenteren tradizioa baino. Ausartegia, niretzat.