Urte berrirako desioak

Maite Imaz Leunda

Urtearen azkenera iritsitakoan ohikoa izaten dugu, batzuek behintzat, bukatzear dagoen urteari errepasoa egin eta urte berrirako asmo berriak jartzea. Desioak ere izaten ditugu; baita desio horietako bakarren bat beteko den itxaropena ere. Lanari dagokionez, berriz, urtean zehar egindako lanak powerpoint baterako labur azaltzeko eta adierazleak emateko eskatzen digute.

Gaurkoan lanari lotutako desio batzuk azaldu nahi nituzke: 2014an gustatuko litzaidake…

1. Terminologia Batzordeak berriro ere lanari ekitea, hiztegi berri erabilgarriak plazaratu ahal izateko. Izan ere, Terminologia Batzordea Euskararen Aholku Batzordearen baitan eratzen denez,  legegintzaldi bakoitzeko berritzen da. Azkeneko bilera aurreko legegintzaldiaren amaieran izan zen; 2012ko udazkenean.

2. Hiztegi terminologikoak arrakastatsuak izatea, horrek esan nahiko bailuke zabalkunde egokia izan dutela eta proposatutako terminoak erabiltzaileei egokiak iruditu zaizkiela.

3. IVAPeko Dudanet zerbitzuaren bidez iristen zaizkigun galdera terminologikoak errazago erantzun ahal izatea. Nekeza izaten zaigu batzuetan honako galdera honi erantzutea: «Gaztelaniazko halako termino nola erabiltzen duzue euskaraz Eusko Jaurlaritzan?»… bertako itzulpenetan begiratu eta delako forma hori hainbat modutara emanda dagoela ikusten dugunean. Guk horrelakoetan aniztasunaren berri eman eta terminologia-atalaren ustez baten bat hobetsi daitekeela iruditzen bazaigu horixe egitea beste irtenbiderik ez dugu izaten. Beste galdera honek ere lanak ematen dizkigu: «Gaztelaniazko halako termino euskaraz bi/hiru/lau modutara ikusi dut; horietatik zein da egokia?». Argitalpen juridikoetan, corpusetan eta abarretan begira ibiltzen gara baina Terminologia Batzordeak onartuta daukan terminoren bat baldin bada, horixe izaten da hobesten duguna. Batzuetan, ordea, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan datorrenarekin talka egiten du. Hor dugu makina bat  buruhauste eragiten digun sostenible delakoa:  garapen iraunkor (Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan jasoa) eta  garapen  jasangarri (Terminologia Batzordeak Ingurumen hiztegirako proposatua).

4. Batzuek eta besteek proposatutakoen artean talka gutxiago izatea.

Seguru aski urtebete ez da nahikoa izango desio horiek guztiak betetzeko; ikusiko dugu bakarren bat behintzat betetzen den.

Urte berri on!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude