Hargatik edo hargatik, mugagabe

Bakartxo Arrizabalaga Labrousse

Beste hainbat jende bezala, neu ere ibili naiz azken hilabeteotan bertsolari txapelketari jarraika eta han entzun eta atentzioa emaniko zertxobait ekarri nahi dut orain plaza honetara. Hor izenburuan bertan, nola edo hala, emana dut gogoetaren laburpen moduko zerbait. Izan ere, saiotik saiora errepikatu baita «hargatik» hitza, gutxienik dozena bat aldiz, beti-beti kausal moduan. Lehen aldiz entzunik harritu ninduen, bigarrenean aztoratu eta nire usteen dudatzen hasi nintzen, hirugarrenean hiztegietara jo nuen; hortik aurrera, adi jarri nintzaion ohitura berri horri eta hala errepikatuz joan zen, saiotik saiora, bertsolari askoren ahotik jalgiz. Ez dakit hiztegien arabera bazterreko edo den erabilera hori nola gertatu den erabatekoa, baliatu duten bertsolari ororen aho-buruetan; gerta liteke mendebaldeko baino ekialdekoagoko erabilera izateak ekartzea nahasmendu hori, gerta liteke mendebaldeko erabilera ez oso zabaldua zen kausal modu hura zabaltzeko bidean abian direla, gaurko egunean, eta horrek, ekialdean ohikoago zen zentzu kontsesiboarekin talka egitea; gerta liteke inori talkarik ez egitea eta zentzu kontsesiboa ahaztutzat eman behar izatea. Ez dakit, ni aztoratua nauka horrek; ez nintzateke orain «hargatik» baliatzera ausartuko; segur naiz horrelako kinkan topatuz gero, orain, beste bideren bat lehenetsiko nukeela, esan nahi nuenaren aurkakoa ulertuko ote zidaten beldur. Eta hona ekartzen dut neure zalantza, zuek nola ulertzen duzuen jakin nahian.

Adiskide batek erran berri dit puntako bertsolarietako bati galdetu ziola berak beti nor-nori erregimenean erabiltzen entzun zuen zerbait zergatik ematen zuen besteak nor-nork moldean eta arrapostu ukan zuela, berak beti erabiltzen entzun zuen molde hura euskara zaharra zela eta euskara berrian ez zela jadanik horrela esaten. Adiskidea ez zen moldea aldatzeraino plegatu eta erantzunaren balio eskasaz gogoetan omen dabil oraindik. Ni adiskidearen zentzu onarekin poztu nintzen.

Plaza honetako 31 izkinetako batean irakurri nuen, bertsolaritza txapelketaren karietara, garai bateko bertsolarien eta gaur egungoen arteko aldeaz ari zen eztabaida bat, non lehengoak grazia gehiagokotzat edo hartuak ziren eta oraingoak, berriz (oraingo bide nagusikoak, bederen), indar eta funtsgabe gisa azaltzen zituzten solaskideetako batzuek. Horrelakorik nik ezin esan, nire gazte denboran bertsolarien entzutera joaten nintzenean ez bainien grazia handirik topatzen haien grazia ustezko haiei. Ez nintzen, beraz, halako txisteen xerka joaten bertso saioetara; gehiago joaten nintzen txiste gozakaitz eta gordin haiek izanagatik ere, beti izaten baikinen jende berbera haien pagaburu, beti jende berberaren kontura egiten baitzituzten beren luzimendu eta beren okurrentziak, nagusi zen ideologiaren pentsamendu eta usteak indartuz eta sendotuz, jendeei entzun nahi zuten bazka jatera emanez. Segurtasun horietan ni ez nintzen laketzen eta orain horrelakorik ez izatea eskertzekoa zait, nahiz eta bestelako bazkaren bat oraindik baden, nahiz eta jendeari entzun nahi duena entzutera ematea beti tentazio handia den, taula gainean denarentzat. Galdetuko duzue, beharbada, zertara joaten nintzen, zer ateratzen nien, bada, halako saioei? Bestelako segurtasuna eta bestelako aberastasuna, esateko moldeetan, aditz baten erregimenean, horrelakoetan bai segurtamen osoz jarrai nintzaiekeela, eta hori da nire adiskide horrek eta biok gaur egun ez duguna jadanik. Zeren garai bateko bertsolarientzat mugigarri ziren eta ez ziren gauzak, bertsoetan, ez baitziren gaur egungoen ber gauzak, nonbait: janen zuten hitz baten erdia, aldatuko bokal bat beste batekin, ahozkatzean hainbat trikimailu erabiliko zuten, baina aditz erregimen bat aldatzea ez zitzaien burutik pasatzen; hura leku finkoa zen, ukiezina, orain ez bezala. Hala gertatzen zait, orain, lehengo fidantziak eta mesfidantzak beste lekutara ditudala pasa, beste era batera diedala oraingoei entzuten.

Entzuten diet, hargatik. Hargatik edo hargatik? Hargatik, hargatik edo hargatik, hargatik edo hargatik ere! Edo, edo, hori beste baterako…

2 erantzun “Hargatik edo hargatik, mugagabe” bidalketan

  1. “Aditz erregimen bat aldatzea ez zitzaien burutik pasatzen” idatzi duzu. Horretan, bat nator zurekin, erabat. Hargatik, izenburura eraman duzun kasua —“hargatik” kausala— bestelakoa da.
    “Ez dakit hiztegien arabera bazterreko edo den erabilera hori nola gertatu den erabatekoa” idatzi duzu. Ez da zaila jakiten zergatik zabaldu den; ziur naiz zuk ere pentsatu duzula zein den zergatia: “hargatik”-ek hiru silaba ditu, eta “horregatik”-ek, berriz, lau. Beraz, bertsolariak bata edo bestea erabiliko du, guztiz sinonimotzat harturik, bertso-lerroaren neurrian sartzeko.
    Nolanahi ere, iruditzen zait “hargatik” kausalaren erabilera bazterreko edo dela esatea askotxo esatea dela. Orotariko Euskal Hiztegian ondo dokumentatuta ageri da, Iparraldean zein Hegoaldean, eta “DOCUMENTADO DESDE DECHEPARE, A PARTIR DE PRINCIPIOS DEL XIX SE ENCUENTRA CASI EXCLUSIVAMENTE EN MERIDIONALES” dio hiztegiak. Ondoren, adibide-parrastada dator, eta, idazleen adibideen aldean (Axular, Pouvreau, Gerriko, Lardizabal, Lizardi, Villasante…), lehengo bertsolariek (Mendebaldekoek zein Ekialdekoek) erabilitako “hargatik” kausalen adibideak ere badira: Monho, Durangoko plateruak, Txirrita (Xalbadorren adibide bat ere bada, baina ez da argia). Horregatik, ez dut uste erabilera berria edo bazterrekoa denik, baina litekeena da, gaur egungo bertsolaritzan, beste “hargatik” hura (“hala ere”) desagertzeko bidean abiatua izatea.
    Nolanahi ere, biok Xalbadorrekin ados egongo gara: “EZ GINUKE HARGATIK, RIMAREN ITXURA EGIN BEHARREZ, GURE HIZKUNTZA GAIZKI ERABILI BEHAR” (Odolaren mintzoa).

    1. Bazterreko beharbada askotxo da, bai; bigarren mailako, ordea, bada edo bazen. Zuk aipatzen duzun Orotarikoaren adibide parrastadan kontuan hartu behar duzu, gainera, hiztegigileak berak dioen moduan, adibide horietako batzuk gehiago hurbiltzen zaizkiola zentzu kontsesibora kausalera baino. Horrela, ezin uka kasual adiera ere badela; dena den, oso ingurune labankorra da: “horregatik”, kausal kutsuagokoa, “horratik” kontsesiboagoa eta, hartara, zuk aipatu silaben moldaketa ezin hortik egin. Pentsa genezake edo kontsesibo zentzuko hiru silabako bestelako aukerak badituztela edo inoiz ez dutela hiru silabatan ematen kontsesibo den adierazpenik.
      Aipatzen duzu kausal erabilera ez dela berria eta zurekin bat nator; hor nik berri ikusten dudana ez da kasual erabilera, baizik nagusi zen kontsesibo erabilera erabat baztertu eta kausala erabateko bihurtzea.
      Xalbador aipatzen duzu, adibidea argi ez dela esanez; nik gogoan ditudan Xalbadorren “hargatik” guztiak kontsesibo direla uste dut.

      Bakartxo Arrizabalaga

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude