Bakartxo Arrizabalaga Labrousse
Beste hainbat jende bezala, neu ere ibili naiz azken hilabeteotan bertsolari txapelketari jarraika eta han entzun eta atentzioa emaniko zertxobait ekarri nahi dut orain plaza honetara. Hor izenburuan bertan, nola edo hala, emana dut gogoetaren laburpen moduko zerbait. Izan ere, saiotik saiora errepikatu baita «hargatik» hitza, gutxienik dozena bat aldiz, beti-beti kausal moduan. Lehen aldiz entzunik harritu ninduen, bigarrenean aztoratu eta nire usteen dudatzen hasi nintzen, hirugarrenean hiztegietara jo nuen; hortik aurrera, adi jarri nintzaion ohitura berri horri eta hala errepikatuz joan zen, saiotik saiora, bertsolari askoren ahotik jalgiz. Ez dakit hiztegien arabera bazterreko edo den erabilera hori nola gertatu den erabatekoa, baliatu duten bertsolari ororen aho-buruetan; gerta liteke mendebaldeko baino ekialdekoagoko erabilera izateak ekartzea nahasmendu hori, gerta liteke mendebaldeko erabilera ez oso zabaldua zen kausal modu hura zabaltzeko bidean abian direla, gaurko egunean, eta horrek, ekialdean ohikoago zen zentzu kontsesiboarekin talka egitea; gerta liteke inori talkarik ez egitea eta zentzu kontsesiboa ahaztutzat eman behar izatea. Ez dakit, ni aztoratua nauka horrek; ez nintzateke orain «hargatik» baliatzera ausartuko; segur naiz horrelako kinkan topatuz gero, orain, beste bideren bat lehenetsiko nukeela, esan nahi nuenaren aurkakoa ulertuko ote zidaten beldur. Eta hona ekartzen dut neure zalantza, zuek nola ulertzen duzuen jakin nahian.
Adiskide batek erran berri dit puntako bertsolarietako bati galdetu ziola berak beti nor-nori erregimenean erabiltzen entzun zuen zerbait zergatik ematen zuen besteak nor-nork moldean eta arrapostu ukan zuela, berak beti erabiltzen entzun zuen molde hura euskara zaharra zela eta euskara berrian ez zela jadanik horrela esaten. Adiskidea ez zen moldea aldatzeraino plegatu eta erantzunaren balio eskasaz gogoetan omen dabil oraindik. Ni adiskidearen zentzu onarekin poztu nintzen.
Plaza honetako 31 izkinetako batean irakurri nuen, bertsolaritza txapelketaren karietara, garai bateko bertsolarien eta gaur egungoen arteko aldeaz ari zen eztabaida bat, non lehengoak grazia gehiagokotzat edo hartuak ziren eta oraingoak, berriz (oraingo bide nagusikoak, bederen), indar eta funtsgabe gisa azaltzen zituzten solaskideetako batzuek. Horrelakorik nik ezin esan, nire gazte denboran bertsolarien entzutera joaten nintzenean ez bainien grazia handirik topatzen haien grazia ustezko haiei. Ez nintzen, beraz, halako txisteen xerka joaten bertso saioetara; gehiago joaten nintzen txiste gozakaitz eta gordin haiek izanagatik ere, beti izaten baikinen jende berbera haien pagaburu, beti jende berberaren kontura egiten baitzituzten beren luzimendu eta beren okurrentziak, nagusi zen ideologiaren pentsamendu eta usteak indartuz eta sendotuz, jendeei entzun nahi zuten bazka jatera emanez. Segurtasun horietan ni ez nintzen laketzen eta orain horrelakorik ez izatea eskertzekoa zait, nahiz eta bestelako bazkaren bat oraindik baden, nahiz eta jendeari entzun nahi duena entzutera ematea beti tentazio handia den, taula gainean denarentzat. Galdetuko duzue, beharbada, zertara joaten nintzen, zer ateratzen nien, bada, halako saioei? Bestelako segurtasuna eta bestelako aberastasuna, esateko moldeetan, aditz baten erregimenean, horrelakoetan bai segurtamen osoz jarrai nintzaiekeela, eta hori da nire adiskide horrek eta biok gaur egun ez duguna jadanik. Zeren garai bateko bertsolarientzat mugigarri ziren eta ez ziren gauzak, bertsoetan, ez baitziren gaur egungoen ber gauzak, nonbait: janen zuten hitz baten erdia, aldatuko bokal bat beste batekin, ahozkatzean hainbat trikimailu erabiliko zuten, baina aditz erregimen bat aldatzea ez zitzaien burutik pasatzen; hura leku finkoa zen, ukiezina, orain ez bezala. Hala gertatzen zait, orain, lehengo fidantziak eta mesfidantzak beste lekutara ditudala pasa, beste era batera diedala oraingoei entzuten.
Entzuten diet, hargatik. Hargatik edo hargatik? Hargatik, hargatik edo hargatik, hargatik edo hargatik ere! Edo, edo, hori beste baterako…