Iratxe Goikoetxea Langarika
Inuzente eguna dugu, eta trufaz jarduteko egun aproposa denez, horixe dakarkizuet: trufa kontuak eta igarkizun bat.
Zer dela eta nor dela daude lotuta irudiotako gauzak?
Lotura orain hirurehun urteko hiztegi bat eta haren egilea direla esaten badizuet, askok berehala igarriko duzue erantzuna. Dena dela, berbarik berba, ibilaldi bat egitera gonbidatu nahi zaituztet, nik oraintsu ezustean egindakoaren bidetik.
Abiapuntua, niretzat, Hernaniko 1974ko jaietako egitaraua izan zen. Beste zerbaiten bila nenbilela, atentzioa eman zidan hitz batek: «zekor txiki bat adar boildua askatuko da». Lehenengo burutazioa, boildu barik ez ote zen bildu izango; baina ez, aurreko bi urteetako egitarauan ere holaxe eman baitzuten gaztelaniazko emboladoren ordainetan. OEHn begiratu, eta ikusi nuen boildu hitzak sarrera duela, bi adierarekin: 1. Redondear. 2. Envolver. Egia aitortu behar badut, inoiz ez dut holako zezenik ez zekorrik ikusi, eta gaurko hiztegiek boladun eta bolaztatu proposatzen dutenez, zalantza gelditu zitzaidan: zer ote dute zezenok, adarrak bilduta ala bolak ipinita? Eta zergatik ez du hiztegi batek ere aintzat hartu Orotarikoan datorren boildu hura?
Jakinmintsua naiz, eta Orotarikoan azterka jarraitu nuen. Halaxe ikusi nuen boildu aditza izen batetik datorrela: boil. OEHren arabera, birbiltasuna edo esferikotasuna adierazten du: globo, esfera; círculo, circunferencia; redondo, orbicular… Atzetik, berba sorta luzea[1] dago, boil- aurrizki dela, eta Larramendi da iturria denetan. Adibidez: boilajiratu (circundar; circular, andar alrededor), boilebaki (cercenar), boilesi (circo, coliseo)… Eta niri graziarik handiena egin zidana: boilezna (pechos de mujer). Zuzen ibili ote zen hor Larramendi? Ez ote zatekeen egokiagoa, mamiz eta itxuraz, eznaboil?
Balizko eznaboil horrek beste pentsamendu bat ekarri zidan gogora: atzizki moduan ere agertuko zela beharbada. Urriago, baina badira ale batzuk. Esaterako, erraboilla. Erro biribila. Geroagoko hiztegietan, -a hori artikulua zela iritzita edo, erraboil forman eman da. Eta adiera ere zabaldu zaio: landare batzuen lurpeko «tipula» edo «patata» izendatzetik, garunaren atal bat[2] eta galaxien parte bat izendatzera.
Lurpetik atera eta izarretaraino joan da gure ibilbideko azken hitza ere: boilur. Kasu honetan, izar gastronomikoetan izarra da bera. Boilur izena ere Larramendik asmatu zuen, itxuraz. Apalagoa zen lehen, gure amarentzat eta. Umeak zirela, lurpetik atera, lurra astindu, eta zegoen bezala jaten zuten. Lurlur[3] esaten zioten. Gerora jakin zuten haxe zela trufa preziatua.
Trufazalea ez dakit, baina trufaria bazen Larramendi. Trebea hitzberrigintzan, eta asmamen handikoa gaztelaniazko hitzei euskarazko jatorria bilatzen. Inozentziaz egiten zuen ala besteak inuxentetzat hartuta, batek daki. Hona zer idatzi zuen bola hitzaren jatorriaz.
BOLA
Viene de el Bascuence, ò de boillá, redondo; ò de bil-ola síncope de biribil-ola, madera redonda, redondeada: ò de bebil-ola, ande la madera, y por su figura es acomodada para andar, y moverse. Bola. Lat. Globus, sphaera.
[1] Horri lotuta, beste ezusteko bat: OEHren bertsio digitalean idatzizkoan baino askoz sarrera gehiago ageri dira, nahiz eta boil- hasierako hitz guztiok Larramendiren hiztegikoak izan. Digitalekoak ikusi ahal izateko, boila, boile, boilo… tekleatu behar da.
[2] Plazido Mujikaren hiztegian, beste proposamen polit bat dago bulbo raquídeoren ordainetan: ornagun-tontor. Ornaguna bizkarrezurraren sinonimotzat dakar.
[3] Larramendiren hiztegiko interpretazio oker bategatik, edo gaztelaniaz «criadilla de tierra» esaten zaiolako, beste hitz bat ere bultzatu zen garai baten trufa izendatzeko: grisola. Abereen barrabila.
Aupa Iratxe. Boilur edo trufa munduan zehar interneten zure idatzi hau aurkitu dut, sorpresa izan da niretzat, bene benetan.
Trufa zure amarentzat lurlur zen?, aspaldi nabil bilatzen Euskalherrian trufakin dagoen lotura guztiak eta hori ez nuen ezagutzen. Non esaten zen horrela?, Araban?, Nafarroan?, oso interesgarria da niretzat, ahal baduzu erantzuna bidali mesedez.
Parkatu eta eskerrik asko zure informazioagatik.
Felix
Astulez (Gaubea)
elhongotrufa@hotmail.com